Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 6298
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/11/30
  • Argitaratze-data: 2018/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko maiatzaren 24an, Hernaniko Udalak eskabide bat bete zuen, Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia eta Ihobe. Halaber, kontsulta egin zitzaien Gipuzkoako Foru Aldundiko honako erakunde hauei: Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Kultura Zuzendaritza Nagusia eta Azpiegitura Saila. Kontsulta egin zitzaien baita ere Ekologistak Martxan Gipuzkoa eta Recreativa Eguzkizaleak elkarteei.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren biak Eusko Jaurlaritzakoak txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Hernaniko Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen inpaktu garrantzitsuen gaineko iritzia ematen, baita sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere, ingurumen-ondorioetarako soilik.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Hernaniko Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (hemendik aurrera, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den bezala:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Hernaniko arau subsidiarioak behin betiko onartuak 2011ko apirilaren 11n Santa Barbara SB.03 lurzoru ez finkatuaren eremuaren egiturazko antolamendu zehatza definitzen dute eta aurreikusten da haren garapena zuzenean egikaritzea; eremuaren azalera 6.889 m2-koa da.

    Planaren xedea da unean-unean aldatzea Hernaniko Arau Subsidiarioetan ezarritako antolamendu zehatza, honako alderdi hauei dagokienez:

    eremuaren perimetroa doitu behar da zirkuituko errepidera (GI-2132) egokitzeko, espaloi ahalik eta txikiena, babes-banda berdea, galtzada, bidegorria eta espaloia ezarriz.

    eraikinaren bigarren solairuan lehenengo solairuaren lerrokatze bera onartzen da; horri esker, etxebizitza hobeak izango dira.

    hirigintza-eraikigarritasuna murrizten da, erdisoto bat kendu eta aparkaleku eta trastelekuetarako azalera txikituz; ekipamendu publikorako espazioa handitzeko aukera ere jasota dago.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko xedez: planak aukera ematen du artifizial bilakatutako udal-lurzoruak berrerabiltzeko, hiri-eremua hobetzeko, eta berdegune izateko gordetako azalera handitzeko.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Hernaniko Arau Subsidiarioetan ezarritako antolamendu zehatzari dagokionez Planak sartzen dituen aldaketek ez dakarte berekin garapen berri honetara bideratutako azalera handitzea ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak betiere.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria Europakoa nahiz Espainiakoa txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede-eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta natura-balioengatiko elementu nabarmenik ere.

      Plana egikaritzea dela-eta izan daitezkeen afekzio nagusienak lurzoruaren kutsadura sor dezaketen jarduerak jasan dituen eta, beraz, lurpeko urak kutsatzeko aproposa den kokapen batean lurrak hondeatu eta mugitzearen ondorioz sortutakoak dira.

      Eremuaren ipar-mendebaldeko mugan irauten duen zuhaizti/baso misto atlantikoak jasan dezakeen afekzioari dagokionez, espazio libreen sistema orokorra kokapen horretan lokalizatuta egoteak hura babestea ahalbidetzen du.

      Hirigintza-garapen berri baten aurrean kokapenak izan dezakeen egoera akustikoari dagokionez, aurreko paragrafoan esan bezala, sustatzaileak aurkeztu duen inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, ikusten da ez direla betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate-helburuak. Horri dagokionez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua aipatu behar da; artikulu horren arabera, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Bestalde, Plana garatzearen beste ondorio batzuk ondorengo urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuei loturik daude. Egikaritze-fasean, obretako ohiko inpaktuak sortuko dira: hondeaketa-soberakinak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (lehendik dauden eraikinetako bat eraitsi behar da), eta giza habitataren kalitatea murriztea, makinen joan-etorrien ondorioz zarata eta hautsa areagotuko baitira.

      Ustiaketa fasean, etxebizitza-kopurua gehitzeak mugikortasuna handitzea eragingo du, eta, ondorioz, airearen kalitatea okertuko da, zarata mailak areagotuko dira, hiri-hondakin solido gehiago sortuko dira, baliabideen kontsumoa bultzatuko da (ura, energia...) eta hiru etxebizitza-bloke eraikitzeak paisaiari eragingo dio.

      Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, Planaren zehaztapenak eta ebazpen honetako aurreko ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean jasotakoaren arabera eta egun indarrean dauden Hernaniko Udal Plangintzako arau subsidiarioen ingurumen-jasangarritasunaren txostenean zehaztutako neurri zuzentzaileekin eta zehaztapenekin bat etorriz.

      Ebazpen honen xede den Planaren zehaztapenak garatzeko baliabideetan etorkizunean garatuko diren neurriak gorabehera, egokitzat jotzen dira Plana ebaluatzeko aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak.

      Gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

      Bereziki, aintzat hartuta eremu horrek lurzoruaren kutsadura sor dezaketen jarduerak jasan dituela isurtegi izan baita, Plana egikaritzeko, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

      Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira egikaritu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Eremuaren ipar-mendebaldeko mugan kokatuta dagoen zuhaizti/baso misto atlantikoa babesteko neurriak jasoko ditu urbanizazio-proiektuak, eta eremu horretarako Planak definitua duen espazio libreen sistema orokorraren diseinuan sartuko du.

      Bestalde, proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen I. eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Iraunkorrari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

      Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Santa Barbara SB.03 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 30a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik