Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntualaren inguruko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 236
  • Hurrenkera-zk.: 6031
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/11/28
  • Argitaratze-data: 2018/12/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko apirilaren 17an, Getxoko Udalak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zuen Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntualari dagokionez, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabide horri atxiki zaizkio planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-agiri estrategiko bat. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko uztailaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezkotzat jokoz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Zehazki, kontsulta egin zaie Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari (biak Eusko Jaurlaritzakoak), Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari Era berean, Getxoko Udalari kontsulten izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.

ZUZENBIDE-OINARRIAK:

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da. Bertan, ingurumen-organoak zer ingurumen-ebaluazio estrategiko mota egin behar duen zehazten da: ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, planak edo programak, ingurumen-txosten estrategikoan adierazitako moduan, ingurumenean eragin nabarmenik ez izatea aurreikusten bada; ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa, berriz, planak edo programak ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzake. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntualari buruzko (aurrerantzean, plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Getxoko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan honen helburua da Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntuala, udalerriko ikastetxeetatik egindako eskaeretara egokitzeko, ikastetxe horiek ikasleek jolastordurako eta aisiarako eremuak izan ditzaten, agente klimatologikoetatik babestuta, kanpoko jokoen eremuen zati bat behintzat, aprobetxamendu-zenbaketatik kanpo utzita.

    Horrela, proposatutako aldaketarekin, eskola-jolastokien azalera estaliak ez dira zenbatuko sabai-koefizienterako.

    Plana udalerriko ikastetxeetan aplikatzeko da; beraz, egiten diren ikastetxe berriei ere aplika dakieke, hau da, irakaskuntza-ekipamendurako erabilera baimenduta daukaten udalerriko hiri-lurzoru urbanizagarri guztiei.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: Planaren helburua da egungo eskola-jolastokien estaldura erraztea, baina etorkizunean eraikitzen direnena ere. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten dien planak beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuak ere barnean hartua: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren helburua da ikastetxeen ezinegonari erantzuna ematea, ikasleen jolastordurako eta aisiarako eremu estaliak nahi dituzte ere, eta, horretarako, biztanleen beharrak asetzeko, ekipamendu-azalerak eta gune libreak egokitu beharko dituzte. Horretaz gain, azalera hori jada antropizatutako lurzoruetan baino ez da handituko, beraz, mugatuta geratuko da urbanizatu gabeko lurzoru naturalen artifizializazioa. Hori dela eta, irizten da egokia dela garapen iraunkorra sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek proiektuari loturiko obra-faseekin dute zerikusia batez ere: makineria-zirkulazioa, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Ziurta dezakegu, beraz, ez dela izango Plana burutzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuan burutzen diren jarduketak eta jarduerak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak: eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ezta kultura-balioengatiko elementu nabarmenik ere.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzeko, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntualak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintza-arauen 7.1.13 artikuluaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 28a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik