Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntual bati buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, «IB.12 Illarra» eremuari, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatiei eta Erregenea lursailei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 241
  • Hurrenkera-zk.: 6140
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/11/27
  • Argitaratze-data: 2018/12/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Donostiako Udalak, 2018ko maiatzaren 16an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatiei eta Erregenea lursailei buruzkoa. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-agiri estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko martxoaren 20an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira ingurumen-azterlan estrategikoak nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen zehazteko. Zehazki, hauei egin zaie kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzakoak; Kultura Zuzendaritza, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia Gipuzkoako Foru Aldundikoak, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan eta «Eguzkizaleak» elkartea. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauek bidali dituzte txostenak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia eta Uraren Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzakoak; espedientean daude horien emaitzak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta, «IB.12 Illarra» eremuari, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatiei eta Erregenea lursailari dagokienez, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta (aurrerantzean, HAPOren aldaketa), eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu garrantzitsuen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko, «IB.12 Illarra» eremuari, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatiei eta Erregenea lursailari dagokienez. Hona txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    HAPOren aldaketaren xedea da zenbait doikuntza egitea aipatutako eremuetako egitura-zehazpenetan, eta zuzenean definitzea horren ordenamendu xehatu berria, egungo hiri-ingurunearen erabilera kualitatiboki eta kuantitatiboki optimizatzeko, etxebizitza libre eta babestuen kopurua handituz etxebizitza-demandari erantzuteko eta indarreko Lurzoruaren 2006ko Legean araututako hirigintza erregimena hirigintza-eraikigarritasunera egokitzeko [0,40 m²(t)/m²].

    Horretarako, jarduketa hauek proposatzen ditu:

  1. IB.12 Illarra eremua: 103.610 m2-ko azalera, egun «lurzoru urbanizagarri sektorizatu» gisa sailkatua eta zonakatze orokorra «A.40. Garapen txikiko bizitegi-lursaila» bi azpieremutan banatzen da:

    IB.12.1 Illarra azpieremua (60.229,64 m2), «hiri-lurzoru finkatugabe» gisa sailkatua izatera igarotzen da, eta haren zonakatze xehatuak «a.30 Eraikuntza irekiko bizitegia» erabilera aurreikusten du, baita espazio libre publiko, komunitatearen ekipamendu eta errepide-sare izatera bideratutako lurzatiak ere. Honek eraikigarritasuna eta aurreikusitako etxebizitza-kopurua handitzea dakar, egiteke dauden 123tik 385era.

    IB.12.2 Illarra azpieremua (43.380,36 m2), «hiri-lurzoru» gisa sailkatua izatera igarotzen da, eta indarreko hirigintza-erregimena finkatzen «A.40 Garapen txikiko bizitegi-lursaila» erabilerarekin.

  2. Depósito lurzatia: IB.17.1 «Fundación Matia» eremukoa, 1.895 m2, egun «hiri-lurzoru» dena, «hiri-lurzoru finkatugabea» gisa sailkatua izatera igarotzen da eraikigarritasuna handitzeagatik. Haren kalifikazio xehaturako, dotazio publikoetara bideratzen da lurzatiaren lursail oro: zuzkidura-bizitokia eta bestelako modalitateak, «g.00 Komunitatearen ekipamendu» eta «f.10» espazio libreak.

  3. Villa Ereski lurzatia, AY.18.1 Munto eremukoa, eta aurrekoarekin mugakide, 5.295 m2, hiri-lurzoru finkatugabe sailkapena gordetzen du, eta bere erabilera «a.40. Garapen txikiko bizitegi-eremuak» izatetik «a.30. Eraikuntza irekiko bizitegi-eremuak» izatera aldatzen da. Halaber, eraikigarritasuna handitzen da, eta 50 etxebizitza aurreikusten dira, orotara.

  4. Erregeneako lursailak: egun, «D.10 Babes bereziko landa-lurzorua» tipologiako eremu global bateko lurzoru urbanizaezina, 5.925 m2, «AO.12 Erregenea» hirigintza-eremuan sartzera igarotzen dira, hiri-lurzoru sailkapenarekin eta «F.10 Espazio libre publikoa» erabilerako gune batean. Aipatutako lursailak «IB.12.1 Illarra» azpieremuan eta Villa Ereski eta Depósito lurzatietan aurreikusitako hirigintza-garapenei atxikitzen zaizkie.

  1. HAPOren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: eremu horretako lurzati batzuen eraikigarritasuna handitzen du HAPOren aldaketak. Aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko xedez: HAPOren aldaketaren xedea da eremu horretako lurzatien eraikigarritasuna handitzea, hirigintza-garapena garapen eta mugikortasun jasangarriaren jarraibideetara zorroztasun handiagoz egokitzeko, horrela baliabideen erabilera optimizatuz (ura, energia eta lurzorua).

      4. Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo garrantzitsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jarduketek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, landaredia kentzea, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera eta partikulek eragindako kutsadura atmosferikoa. Zaratari dagokionez, nahiz eta zenbait neurri hartu, uste da kalitate akustikoko helburuak bete daitezkeela Villa Ereski (AY.18.1 Munto) eta Depósito (IB.17.1 Fundación Matia) lurzatien kanpoaldean eta fatxadetan.

        Dena den, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

      5. Era berean, Plana egokia dela irizten da ingurumen arloko Europa edo Espainia mailako legedia ezartzeko.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

      HAPOren aldaketaren eremua hiri ingurua da, eta ez da ingurumen-balio adierazgarririk lokalizatu, ezta horri lotutako ingurumen-arrisku garrantzitsurik ere. Ez da habitatik eta babestutako edo inbentariatutako paisaiarik. Aintzat hartu behar da «IB.12 Illarra» eremua erabat urbanizatua dagoela, eta partez eraikia (IB.12.2), eta bizitoki gisa garatzeko behar diren hornidurako azpiegitura eta zerbitzu guztiak ditu. Gainera, Erregeneako lursailak espazio libre gisa sailkatzen dira, eta ez da inolako jarduketarik aurreikusten horietan.

      2018ko martxoan egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlanak ondorioztatzen du ez direla betetzen Villa Ereski lurzatiaren kanpoaldean eta fatxadan aplikatzekoan diren kalitate akustikoaren helburuak (AY.18.1Munto), egunerako, arratsalderako eta gauerako, eta Depósito-n (IB.17.1 Fundación Matia), gauerako. Horrela, HAPO aldaketaren eremua Antiguako Babes Akustiko Bereziko Gunearen barnean dagoela, 2016ko abenduan deklaratua. Betiere, ziurtatu beharra dago kalitate akustikorako helburuak betetzen direla proiektatutako eraikinen barnean.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinak loturik egongo baitira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Alderdi hauetan gutxienez eragin beharko dute neurri horiek:

      Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

      Zaratari dagokionez, ekonomiaren eta teknikaren ikuspegitik bideragarriak diren neurri zuzentzaileak hartuta ere, oraindik badaude kalitate akustikoaren helburuen gainetik dauden zarata-mailak kanpoan eta fatxadetan. Hortaz, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, zehaztu nolako isolamendua behar den, bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako baldintzekin bat, ez dela aurreikusten ingurumen-eragin garrantzitsurik eragiterik Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualak, «IB.12 Illarra» eremuari, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatiei eta Erregenea lursailei buruzkoa. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartzen ez bada «IB.12 Illarra» eremurako, Villa Ereski (AY. 18 Munto) eta Depósito (IB. 17 Fundación Matía) lurzatietarako eta Erregenea lursailen eremurako. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 27a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira olio erabiliak.

Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan xedatutakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Arroetako drainatzean alterazioak eragin ditzaketen hirigintza-garapen berriak eraikitzean, drainatze-sistema jasangarriak sartu beharko dira (zoladura iragazkorrak, tangak, ekaitzetarako gailuak eta abar erabiltzea), hain zuzen, bermatzearren aurreko egoerarekin alderaturik gerta daitekeen jariatze-igoera konpentsatu ahal izango dela edo hutsaren hurrengoa izango dela, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren 2015-2021 Plan Hidrologikoaren 44. artikuluaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik