Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 15a, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa (Bizkaia).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 237
  • Hurrenkera-zk.: 6051
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/11/15
  • Argitaratze-data: 2018/12/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko maiatzaren 14an, Getxoko Udalak eskabidea egin zuen Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua (Bizkaia) egiten hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak daude aipatuta, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzakoak), Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusia eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartea.

Era berean, Getxoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientearen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (biak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzua (Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusia); espedientean daude horien emaitzak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketa kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena egiten baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketarako (aurrerantzean, plana), Getxoko Udalak sustatuta, zehaztapen hauen arabera:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua da dagoen eraikina ordeztuko duen oin berriko eraikinari aplikatu beharreko lerrokadurak, sestrak eta gehieneko bolumenak definitzea, bete behar baitira bai finka dagoen «Usategi» eremurako 26. ordenantzak ezarritako hirigintza-parametroak bai Getxoko 2000ko urtarrilaren 18ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean adierazitako baldintza orokorrak.

    Bi solairuko gaur egungo eraikina, 250 m2-ko azalerakoa, ordezteko 12,25 m-ko altura maximoa eta 4 solairu izango dituen eraikin bat egingo da. Lurzati horretarako, bizitegi-erabilerako sestra gaineko eraikigarritasun maximoa 455,12 m2-koa da; lurzatiaren azalera 650,17 m2-koa da, eta eraikigarritasun-koefizientea 0,70 m2/m2-koa. Lurzatiaren okupazio maximo baimendua % 25 da, hau da, 162,54 m2. Eraikinaren okupazioa 159,89 m2-koa izango da, baimendutakotik behera.

    Eremuaren ezaugarri nagusiak.

    Finka eta dagoen eraikina «Usategi» 26. eremuan daude, Algorta auzoko hiriguneko hiri-lurzoru finkatuan, lurzati eraikiez eta azpiegiturez inguratuta.

    Xehetasun-azterketaren eremuak 650,17 m2-ko azalera du. Planaren eraginpeko esparruak ez du ingurumen-balio nabarmengarririk; izan ere, hor ez dago ez ibairik ez errekarik eta egiaztatuta dago aztertu diren ingurumen-arriskuek intzidentzia txikia edo hutsala izango dutela. Lurzatian dagoen landarediak apaingarri dira.

    Lurzatia dagoen eremua akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun handikoa da, interes hidrogeologikorik ez duen arren. Bestetik, bizitegi-erabilerarako eraikin berri bat egitea ez da lurpeko urak kutsatzeko arrisku handia dakarren jarduera bat.

    Plana gauzatzeari loturiko ingurumen-afekzioak.

    Plana garatzetik eratorritako eraginak, funtsean, egungo eraikina eraisteari eta etxebizitza-eraikin berria egiteari loturikoak izango dira.

    Kontuan hartuta planaren eraginpeko azalera 650 m2-koa dela eta esparrua dagoeneko urbanizatuta dagoela, gaur egungo eraikina beste batez ordeztearen ondoriozko afekzio nagusiak hauei loturikoak izango dira: eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorrera, lurren mugimendua, eraikuntza-faseko makinen zirkulazioaren ondoriozko emisioak, hautsa eta zarata, eta biztanleentzako eragozpenak. Afekzio horiek, oro har, ez dira handiak izango eta aldi baterakoak izango dira.

    Hirigintza-garapen berriaren egoera akustikoari dagokionez, planaren I. eranskinean («Lurzatiaren kalitate akustikoa») justifikatzen dute egoerak betetzen dituela Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluak etorkizuneko hirigintza-garapenetan bizitegi-erabilerarako bete behar diren kalitate akustikoaren helburuak (Ld eta Le-rako 60 dB(A) eta Ln-rako 50 dB (A)).

    Beraz, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio handirik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

    Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak: Ingurumen-dokumentu estrategikoan (IDE) daude planaren aplikazioak ingurumenean eragin lezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak, klima-aldaketa kontuan hartuta.

    Proposamenaren oinarrian daude atmosferara egiten diren emisioak, hautsa eta zarata, isuriak, lixibiatuak eta ustekabeko isurketak prebenitzeko edo ahalik eta gutxienak izateko neurriak, bai eta sortzen diren hondakinak egokiro kudeatzeko ere.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Xehetasun-azterketaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko bateraezintasunik, zehazki, Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekiko bateraezintasunik. Horretaz gain, ingurumen-dokumentu estrategikoan (IDE) aztertu da plan honek beste plan batzuekiko bateraezintasunik duen, besteak beste Bilbao metropoliaren lurralde-plan partzialarekin (LPP).

      3. Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plana garatzeko orduan lortu nahi diren helburuetariko bat da: hiriguneek ahalik eta kalitaterik handiena izatea eta eraikinak ahalik eta ondoen banatuta egotea, bai eta lurzorua hobeto aprobetxatzea ere.

      4. Planari lotutako ingurumen-arazo handienak: ebazpen honen apartatu batzuetan adierazi den bezala, izan litezkeen inpaktu nagusiak obren fasean gertatzen direnak izango dira: eraikuntzan eta eraispenean, batez ere, lurren mugimendua, hondakinen sorrera, makinen zirkulazioa, zarata, hautsa eta biztanleentzako eragozpenak. Afekzio horiek, oro har, ez dira handiak izango eta aldi baterakoak izango dira.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria Europakoa nahiz Espainiakoa txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak.

      Planaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko dira bai uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) bai ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) bai zarataren arloko araudia.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obra-proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira. Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

      Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, planaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kodeatzeko Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruen kontrola: Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Emandako dokumentazioaren arabera, ez dira gaindituko kalitate akustikoari loturiko helburuak (KAH), Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluak etorkizuneko hirigintza-garapenetan kanpoalderako bete behar diren kalitate akustikoaren helburuak, hau da, fatxadetan eraikuntzako leihoetarako, edo kanpoko giroan, eraiki gabeko eremuetan, lurzorutik 2 metrora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentarako tranpak edo iragazkiak.

      Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-cd1f-4503-bafa-f54fa80d9a44&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES).

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsita [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek alderi hauei behintzat erreparatu behar diete:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo iturri berriztaezinen bidezko energia sortzea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasungarritasuna hobetzea.

      Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrigunagako Jaitsiera kaleko 7ko eraikina ordezteko xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 15a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik