Arautegia

Inprimatu

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzkoa, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak egiteko dena, Lanbidek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: HABE; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 135
  • Hurrenkera-zk.: 3463
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/07/05
  • Argitaratze-data: 2019/07/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Sailak; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 5a.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.

Eta, beste aldetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) presidente gisa.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean dira enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza dago, beren enplegagarritasuna hobetu edo beren prestakuntza-curriculuma handitu nahi dutenei, dituzten itxaropen profesionalak hobeto garatzeko.

Bigarrena. Euskadin enplegurako prestakuntza profesionala agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (2016-06-07ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Hirugarrena. Langile elebidun gaituen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbidek antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Laugarrena. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE erakundea erakunde administratibo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko berekia du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren funtzioak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea Euskadin.

Bosgarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbideren beharrei arreta emateko espezialitate-baldintza onenetan.

Seigarrena. Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-ekintza plangintza bat egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokionez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren euskaltegietan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-gomendioko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Helburua.

Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Lanbidek programatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten eta parte hartu duten langile langabeei eta landunei zuzendutako hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak egitea.

Bigarrena. Prestakuntza-eskaintza.

  1. Hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-plana euskarazko prestakuntza-ekintzen bidez gauzatuko da. Moduluka emango dira ekintza horiek, HABEko Erregistroan inskribatutako euskaltegien ahalmenen arabera, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko A1, A2, B1, B2 eta C1 erreferentzia-mailekin.

  2. Agindu honen xede diren prestakuntza-ekintzak aurrez aurre emango dira, eta 2019ko urrian hasi eta 2020ko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

    Hirugarrena. Lanbideren zuzkidura ekonomikoa.

    Agindu honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 200.000 euro dira, guztira; horietatik 100.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 100.000 euro 2020ko konpromiso-kredituari.

    Laugarrena. Jarduerak finantzatzea.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, honako tarifa hauetan oinarrituta:

    1. Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,60 euro/ordu/parte-hartzaile.

    2. Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,10 euro/ordu/parte-hartzaile.

    1. HABEk finantzatuko dizkie gainerako hezkuntza-kostuak; horretarako, HABEk berak urtero egiten dituen udal-euskaltegientzako eta euskaltegi pribatu homologatuentzako dirulaguntza-deialdietan araututako baldintza eta irizpideetan oinarrituko da erakunde hori, eta, berariaz, diruz lagungarri diren ikastaro motei dagokienez, lehen aipatutako deialdien I. eranskinetan araututako irizpideetan.

      Bosgarrena. Funtsen transferentzia.

      Hona hemen ordainketa-araubidea:

      Lehenengo ordainketa, hots, planean aurreikusitako matrikulen guztizko zenbatekoaren % 50, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieran ordainduko da, HABEren agiria jaso ondoren, bederatzigarren klausulako 2. apartatuan adierazi bezala.

      Gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren ordainduko da, hamargarren klausulan aurreikusi den bezala.

      Seigarrena. Prestakuntzaren hartzaileak.

      1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsona langabeek eta landunek parte hartu ahal izango dute hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzetan, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako profesionaltasun-egiaztagiriak lortzeko ekintza kualifikatzaileak egiten ari badira, edo, bestela ere, Lanbidek 2016., 2017. edo 2018. urteetan onartutako diru-laguntzen deialdien esparruan egin badituzte.

      2. Hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ekintzetan parte hartzen duten pertsonek horietan parte hartzeko bete behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

        Zazpigarrena. Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.

        Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean, eta, horri dagokionez, honako informazio hau jakinarazten da:

        1. Euskara-prestakuntza egingo da hizkuntza-gaitasuna lortzeko edo hobetzeko, enplegagarritasuna handitzearren.

        2. Baldin prestakuntza-ekintza kualifikatzailerik egiten ari bada, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.

          Zortzigarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

          1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua arduratuko da hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak aurrez hautatzeaz bere datu-basean inskribatutako pertsonen artean, eta hautaketa-prozesu osoa koordinatzeaz.

          2. Seigarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzea eskatu ahal izango dute.

            Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko urriaren 11n bukatuko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulego-sarearen bitartez edo erakunde autonomo honen web-orriaren bitartez egin ahal izango da eskaera.

          3. Eskaera egin ondoren, hautagaiek parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du Lanbidek, izena eman duten hurrenkerari jarraituz eta aurrekontua agortu arte. Horrela bada, hautatuei jakinaraziko die onartuak izan direla eta euskaltegian matrikula-orria aurkeztu behar dutela. Orri hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orriko Nire Lanbidenet izeneko atal pertsonalean eskura daiteke.

            Bederatzigarrena. Euskaltegietan matrikulatzeko prozedura eta Lanbide jakinaren gainean jartzea.

          1. Pertsona hautatuek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEko erregistroan ageri diren euskaltegietatik aukeratzen duten hartan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2019ko urriaren 18an amaituko da.

            Matrikula-orrian, ikaslearen izena eta NANa adieraziko dira.

            Matrikula-orriko atal bat prestakuntza-ekintza ematen duen euskaltegiak bete beharko du. Atal horretan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza-moduluaren kodea, hasiera- eta bukaera-datak, eman beharreko ordu-kopurua eta, euskaltegiak prestatuko duen mailaketa-proba baten ondoren, ikaslearen hasierako maila.

          2. Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko dio, 2019ko azaroaren 15a baino lehen, urrian hasitako prestakuntza-ekintzen kasuan, eta prestakuntza-ekintzak hasi eta, gehienez ere, 10 egun balioduneko epearen barruan, euskaltegietan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zer euskaltegi aukeratu duen, zer maila zuen hasieran, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren parte-hartzaile bakoitzeko.

            Hamargarrena. Aldeen betebeharrak.

          1. Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

            1. Euskaltegiekin eta Lanbideko teknikariekin koordinatzea eskatzaileen atxikipena euskarazko prestakuntza-moduluei.

            2. Lanbidek hautatutako ikasleak bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.

            3. Egindako jarduerei (programa honi dagozkionak) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitatea egitea.

            4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea ezarritako epean.

            5. Ikasleen bertaratzea kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbideri.

            6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan gertatzen diren bajak edo uzteak jakinaraztea, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakari ere.

            7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu bezain informazio beste ematea, programari eta ikasleei dagokienez.

            8. Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, Lanbideko prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-Frekin) bateragarria den formatu batean, hizkuntza-egiaztatzearen emaitzak agertu behar baitu prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.

            9. Gauzatutako prestakuntza-ekintzen gastuak frogatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, 2020ko irailaren 30a baino lehen. Frogagiri horretan, dagozkien moduluetan ematen diren eta ikasleek benetan jasotzen dituzten orduen kopurua zehaztuko da.

          2. Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:

            1. Egindako prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea, kudeaketa-gomendioko akordio honetan xedatutakoaren babespean.

            2. HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, bai eta horiek kudeatzeko prozesuan aholkularitza teknikoa ematea ere.

              Hamaikagarrena. Gastuen justifikazioa.

              HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2020ko irailaren 30a baino lehen, agindu honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agin dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren (emandako prestakuntza-orduen kopurua eta ikasleek dagokien moduluan benetan jasotako prestakuntza-orduen kopurua, bai eta «gai» edo «ez gai» kalifikazioa ere, egindako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko mailan emana).

              Hamabigarrena. Jarraipen-batzordea.

              Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

              Hona Jarraipen Batzordearen osaera:

              Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean:

            1. Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu-lanak egingo dituena.

            2. Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena.

            3. Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria.

              HABEren izenean:

            1. HABEko kudeatzailaren zerbitzu-arduraduna.

            2. Administrazioekiko HABEko koordinatzailea.

            3. HABEko ikuskatzailetza-arduraduna.

              Hauexek dira Batzordearen funtzioak:

              Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, Jarraipen Batzordeko parte den organismo bakoitzeko ordezkari batek, gutxienez, parte hartu beharko du.

              Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

              Orokorrean, kudeaketa-gomendio honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

              Bidalitako informazioa aztertzea.

              Hamahirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

              Kudeaketa-gomendio hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2020ko ekainaren 30era arte.

              Hamalaugarrena. Datu pertsonalen tratamendua.

              Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, datu pertsonalak babestearen arloan, honako hauetan xedatutakoa beteko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa. Bildutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegura bideratutako prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Lanbide da jarduera horren arduraduna, eta haren xedea da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, iruzurrari aurre egitea eta estatistika-helburuak betetzea. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbidek esleituta dauzkan botere publikoak balia ditzan eta lege-betebeharrak bete ditzan; gainera, arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei haien berri eman ahalko zaie.

              Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita: Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

              Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza hemen kontsulta daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

              Hamabosgarrena. Kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

              Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

              Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

              BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

              Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

              BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.