Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 2koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, euskara ikastaroetarako deia egiten zaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei, 2018-2019 ikasturterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 91
  • Hurrenkera-zk.: 2535
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/05/02
  • Argitaratze-data: 2018/05/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, euskararen erabilpena arauzkotzekoak, ezartzen du herri-agintariek xedezko neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezen.

Legeak aurreikusitakoak garatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dena.

Ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautu zuen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua.

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionalekoak ez diren Erakunde Publikoen artean IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza-prestakuntza ikastaroetara joateko aukera dutenak zeintzuk diren ezartzen du, beti ere hizkuntza-normalizaziorako plana onartuta badute eta aldi berean IVAPekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta baldin badute. Hori guztia kontuan izanik, hau

Lehenengoa. Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Erakundeetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena. Parte-hartzaileak nortzuk diren.

  1. Deialdi honetan hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izango dute hurrengo herri-erakundeetako enplegatu publikoek, baldin eta hurrengo atalean agertzen diren baldintzak betetzen badituzte:

    1. EAEko Toki eta Foru administrazioak eta haien Erakunde Autonomiadunak.

    2. Eusko Legebiltzarra eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak.

    3. TVCP/HKEE (Herri Kontuen Euskal Epaitegia), Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia.

    4. UPV/EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) administrazio eta zerbitzuetako langileak.

    5. Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseilua.

  2. Agindu honetan araututako Hizkuntza-prestakuntza zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko atalean aipatutako Erakunde Publikoek Aginduan adierazitako hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

  1. Bakoitzak bere Hizkuntza-Normalkuntza Plana izan beharko du onetsia, apirilaren 15eko 1997/86 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, non Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen erabileraren normalkuntza prozesua arautzen den.

  2. Aurretik IVAPekin batera lankidetza-hitzarmena izenpetuta izatea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren II. eranskineko ereduarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-erakundeei eskainiko dien Hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta, bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko diru-laguntzen arauak.

  3. Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

    Hirugarrena. 2018-2019 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

    2018-2019 ikasturterako, IVAPek bi deialdi argitaratuko ditu.

    Honako hau 2018-2019 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

  4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroei dagokienez, deialdi hau da 2018-2019 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.

    Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da deialdi bakarra 2018-2019 ikasturterako.

    Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia argitaratuko du IVAPek, eta 2018-2019 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.

    Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesdunek, betiere baldintza hauen pean:

    Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.

    Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik bi ordukora aldatzea, edo alderantziz.

    Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez, azaroko deialdian ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, bi orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.

    Laugarrena. Lanorduetako eskolen antolaketa.

    Deialdi honetan lanorduetan matrikula orriaren bidez egiteko ikastaroak III. eranskinean adierazitakoak dira.

    IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

  1. Mailaketa-probak.

    Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa-proba egitera deituko du ekaineko azken astean. Horretarako, IVAPek bere erakundearen bitartez jakinaraziko dizkio mailaketa-proba egiteko toki-egunak.

    Ekaineko mailaketa-proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.

    Aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du IVAPek, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion erakundeko arduradunak, beranduen ere proba egunetik bi egun balioduneko epean.

    Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.

  2. Administrazioko taldeak antolatzea.

    Mailaketa-probak egin ondoren, administrazioko langileek osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere erakundeak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.

    Administrazioko taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.

    Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek.

    Administrazioko taldeen ordutegia eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan (III. eranskina).

    Taldeak osatuta eta euskaltegiak izendatuta daudenean, erakunde bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

  3. Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.

    Administrazioko talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.

    Matrikula-orriaren bitartez, langilea homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.

    Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

    Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.

    Langilea inon matrikulatzen ez bada, bere erakundeak ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula-orria IVAPera.

  4. Matrikula-orria ordaintzea.

    Langilearen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

  1. Matrikula-orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula-orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2018ko urriaren 19a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

  2. Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko eta autoikaskuntza ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.

  3. Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.

  4. Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

    IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.

    Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Bestelako gastuak ez ditu IVAPek bere gain hartuko (joan-etorriak, materialak, etab.).

    Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.

    Bosgarrena. Lanorduz kanpoko ikastaroak.

    Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2018ko urriaren 19a baino beranduago entregatuko diren matrikula-orriak.

    IVAPek matrikula-orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei.

    Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.

    IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean jaso da.

  1. Aurrez aurreko ikastaroak lanorduz kanpo.

    Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek izan beharko dituzte:

    1. Gutxieneko iraupena: 2/3 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.

    2. Homologazioa: ikastaroak HABEk homologatua izan behar du, derrigorrez.

  2. Autoikaskuntzako ikastaroak.

    2018-2019 ikasturtean autoikaskuntzako ikastaroak egin ahal izango dira lanorduz kanpo. Ikastaro horiek urrian hasi behar dira eta euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira.

    Eskaera guztietatik kopuru mugatu bat onartuko du IVAPek; alegia, erakunde bakoitzak egiten dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 15, gehienez ere; kontuan hartuta herri txikietan, batzuetan, autoikaskuntza dela aukera bakarra, guztira 3 eskaera baino gutxiago egiten dituzten erakundeen eskaera guztiak onartu ahal izango dira. Beraz, autoikaskuntzako eskaera egiteak ez du ziurtatzen automatikoki eskaera onartuko denik.

    Autoikaskuntzako ikastaroa eskatzeko, aurreko ikasturtean ere autoikaskuntzan jardun zuten ikasleek gutxienez % 80ko asistentzia izan behar dute.

    Autoikaskuntzako ikastaroek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

    1. Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute eta ez da eskola-uzterik onartuko.

    2. Ikastaroak urrian hasiko dira.

    3. Matrikula non egin: euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean.

    4. Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroak HABEk homologatuak izan behar dira.

    5. Autoikaskuntzako ikastaroen ordenagailu bidezko lana zentroko ordenagailuak eta baliabideak erabilita egin daiteke, edo norberaren ordenagailua erabilita, edo bata zein bestea erabilita. Mintza-saioak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan jasoko dira.

  3. Matrikula egitea lanorduz kanpoko ikastaroetan.

    Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.

    Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula-orria IVAPera.

    Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2018ko urriaren 19a baino beranduago entregatu diren matrikula-orriak.

  4. Matrikula-orria ordaintzea eta matrikula-orriaren kostua lanorduz kanpoko ikastaroetan.

  1. atalean adierazitakoa aplikagarri da hemen ere.

    Seigarrena. Eskabideak noiz eta nola egin.

    Deialdi honetan langile bakoitzeko eskabide bakarra bideratuko du IVAPek.

  1. Eskabideak egiteko epea.

    Eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik ekainaren 8ra bitarteko epea dute erakundeek. Horretarako, erakundeak bidaltzen duen komunikazioaren irteera-data hartuko da kontuan.

  2. Inprimakia. Eskabideak egiteko, ondorengo helbide elektroniko honetan jaso daiteke inprimakia:

    www.ivap.euskadi.eus

    (Euskara > Euskara ikastaroak > 1-2-3-4. HE prestatzeko ikastaroak>Beste administrazioak> izena emateko inprimakia)

  3. Eskabidea nora: eskaerak IVAPeko zuzendariari bidaliko zaizkio, ondorengo helbidera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

    Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izan ahal izateko. Baimena eskabidean agertuko da, sinaduraz eta zigiluaz egiaztatuta.

    Eskatzailearen erakundeari dagokion langile-arduradunaren gain gelditzen da IVAPera bidaltzea erakundeak baimendutako eskabideak, datu guztiak beterik eta behar diren baimenarekin eta sinadurekin; baita, hala behar denean, unibertsitate-diplomatu agiriaren kopia erantsita ere.

    IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

  4. Aldi baterako langileen eskabideak.

    Aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute gutxienez 2018ko abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela.

    Lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea erakundearen ardura izango da; erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

    Zazpigarrena. Asistentzia.

  1. Eskoletara joatea.

    Lanorduetan ikastegia lantokia da langilearentzat, ondorio guztietarako. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak bere erakundearen aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze huts zuritu ohi den bezalaxe.

    Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea erakunde bakoitzaren ardura denez, erakunde bakoitzari dagokio langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea baimendu zaien epealdi osoan zehar.

    Era berean, erakunde bakoitzaren ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek ikastaroak dirauen epetik kanpo hartzea beraien oporrak, ikastaroen aprobetxamenduan kalterik izan ez dadin.

  2. Eskoletan hastea.

    Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskoletan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiengatik, IVAPek ez du onartuko urriaren 19a baino beranduago eskoletan hastea.

    Urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek baja emango die eskoletan hasi ez diren langileen eskaerei.

  3. Eskolan berandu hastea.

    IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

    1. IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko goian aipatutako arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaroaren hasieran, herri-erakundeek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

    2. Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere herri-erakundeak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

    3. Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

      IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

      Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.

  4. Ikastaroen asistentziak.

    IVAPek lankidetza-hitzarmena duten erakundeei hilez hil bidaliko die asistentziaren gaineko informazioa.

    Autoikaskuntza ikastaroetan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentziak hiru hilerik behin jasoko dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.

    Zortzigarrena. Eskoletara joateari uztea.

    Autoikaskuntza ikastaroetan ez da eskola-uzterik onartuko. Behin ikastaroa hasita, ikastaroaren ordu kopuru osoa kenduko zaio bere ordu-kredituari.

    Bestelako moduluetan eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

    Horretarako, «Jakinarazpena: Euskara eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

    Eskola-uztearen data, inprimakia erregistratzen den eguna izango da eta egun horretan etengo da ordu-kredituaren kontaketa. Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

    Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

    www.ivap.euskadi.eus

    (Euskara>Euskara ikastaroak>Informazio orokorra>Zer egin behar dut ikastaroan baja eskatzeko?>Eskola uztea jakinarazteko inprimakia)

    Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola-uztearen berri ematea.

    Bederatzigarrena. Ordu-kreditua.

    2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki, deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituen sistema izango dute ezarria.

    Agindu horren 6. artikuluaren arabera, euskara ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturtearen hasieran.

    Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera-maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.

    Ordu-kredituaren kontrolaren ondorioetarako, 2018-2019 ikasturtearen hasiera urria izango da. Eta honako hiru deialdi hauek bilduko dira ikasturtean:

  1. Urrian eskolatzeko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

  2. Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).

  3. Udako ikastaroen deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

    Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:

    1. Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

    2. Otsailean hasten diren ikasle berriei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian, nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

    3. Udan hasten diren ikasle berriei eskaera egin orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola, eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.

      Hamargarrena. 4. hizkuntza-eskakizuna (4HE) prestatzeko ikastaroen berezitasunak.

      1. Helburua.

        Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.

      2. Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

        Eskatzaileak 3. HE egiaztatuta edo horren baliokidetza erregistratuta izan behar du, eta bere lanpostuaren hizkuntza-eskakizunak 3.a edo 4.a izan behar du.

        Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna 1.a edo 2.a den kasuetan langileek gutxienez unibertsitate-diplomatuak izan behar dute.

        Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko den apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenek ere parte hartu ahal izango dute 4. HEko ikastaroetan.

        Euskarazko hizkuntza-prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimenak ematerakoan, erakunde bakoitzak bere irizpideak erabiliko ditu.

      3. Aurrez aurreko ikastaroak administrazioko taldeetan.

        Administrazioko taldeek aurrez aurreko ikastaroa egingo dute. Eskolak astean hiru egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 08:00etatik 10:00etara.

        Administrazioko taldeak Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.

        Ikastaro hauek 2018ko urriaren 1ean hasiko dira, eta 2019ko maiatzaren 31n amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.

        Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Halere, taldea osatzeko nahiko ikaslerik ez dagoenean, IVAPek matrikula orria emango die ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.

      4. Aurrez aurreko ikastaroa edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula orriarekin.

        Euskaltegi batzuek autoikaskuntza modulua ere eskaintzen dute. Hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk homologatutako ikastaroa izan behar duela.

        Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula-orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere erakundearen bitartez.

        Matrikula-orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

        Hamaikagarrena. Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

        Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta herri-erakunde bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio.

        Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauek xedatutakoaren arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien araudia, ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu hauen zirkulazio askeari dagokienez, pertsona fisikoen babesari buruzkoa dena.

        Deialdi honetara biltzen diren ikasleek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien herri-erakundeei jakinaraztea euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari HABE (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

        Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatzeko edota deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

  1. Barnetegiko ikastaroak.

    Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

    Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

    IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

  2. Bost orduko ikastaroak.

    Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

    Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute. Lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa da: urriak 1 otsailak 15.

    Otsailetik aurrera modulu honetan aritu ahal izateko, maiatzeko deialdian izena eman dutenek ere, azaroko deialdian izena eman beharko dute.

    Abenduaren 24tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

    Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

  3. Bi orduko ikastaroak.

    IVAPeko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

    Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere eskatu eta baimendutako moduluan.

    IVAPeko taldeen egutegia: 2018ko urriaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra.

    Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

    Era berean, ez dira eskola egunak izango 2019ko apirilaren 15etik 26ra artekoak, biak barne.

    Modulu honetan bi ebaluazio egingo dira.

Lanorduetako ikastaroak

(Ikus .PDF)

Lanorduz kanpoko ikastaroak

  1. Aurrez aurreko ikastaroak (1. HE, 2. HE eta 3. HE).

    Urritik ekainera bitarteko ikastaroak

    Trinkoak

    (Ikus .PDF)

    2/3 ordukoak

    (Ikus .PDF)

  2. Aurrez aurreko ikastaroak (4. HE).

    (Ikus .PDF)

  3. Autoikaskuntza edo lineako ikastaroak.

    Ikasturte osokoa: 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko

  4. Udako ikastaroak.

    Trinkoak

    (Ikus .PDF)

    Barnetegiak gutxienez 80 ordukoak

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik