Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 12koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, Memoria Demokratikoa berreskuratzeko ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena, 2017. urterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua; Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 137
  • Hurrenkera-zk.: 3653
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/07/12
  • Argitaratze-data: 2017/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legeak erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da betiko ohoratu eta berreskuratzea Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren, ETAren terrorismoaren eta legez kontrako kontraterrorismoen biktima guztiak. Eta, haiekin batera, guzti horien senideak ere bai.

Lege hauek eratzen dute deialdi hau hartzen duen esparru juridikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Diru-laguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta, horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau, zeinak memoriari buruzko ikus-entzunezko funtsa sortzea baitu helburu.

Era berean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez (azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuak onartzen ditu estatutu horiek), Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta diru-laguntzak erregulatzea, deialdia egitea eta esleitzea.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da Euskadiko memoria demokratikoa Gerra Zibiletik gaur egunera arte berreskuratzeko asmoa duten ikus-entzunezko ekoizpenak egiteko diru-laguntzak deitzea 2017. urterako.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

Diru-laguntza jaso ahalko dute memoria historikoa berreskuratzearekin eta oraintsuko memoriaren egia argitzearekin lotutako gaiak jorratzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpenek, demokraziaren eta giza eskubideen defentsan diharduten heinean.

  1. Deialdi honetara, laurogei mila (80.000) euro bideraturiko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

  2. Gehienez ere, hamar mila (10.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

  3. Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

  4. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aurtengo ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako diru-laguntzak deklaratu beharko ditu.

  1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, eskabideak aurkezteko datak hartuko dira kontuan.

  2. Diru-laguntzen programa honetako funts publikoak mugatuta daudenez, funtsak agortzen badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da, laguntza gehiago emateko prozedura eten dadin.

  1. Proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori automatikoki aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan.

  2. Emango diren laguntzak ez dira izango eskatutako zenbatekoa baino altuagoak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden pertsona juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan xedatu diren laguntzak.

  2. Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, hala dagokionean, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuta. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Diru-laguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

  3. Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bildu eta 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.

  1. Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

  2. Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko deitzen dituen horiekin.

  1. Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

  2. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:

    https://www.euskadi.eus/subvencion/2017/simbologia-franquista/y22-izapide/eus

  3. Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  1. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2017ko azaroaren 10ean amaituko da.

  2. Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.

  1. Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

    2. Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira halakorik badago, eta, bestela, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela ziurtatzeko.

    3. Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak, lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

    4. Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dauzkan giza baliabideen eta bitarteko materialen zerrenda.

  3. Era berean, jarduerak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

  4. Dagoeneko eginda dauden jardueretan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

  5. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, 10 eguneko gehieneko epea emango die erakundeei, antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

    Mahaiburua:

    Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

    Epaimahaikideak:

    Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

    Deialdian aipatzen den gaiaren gaineko bi aditu, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuak.

    Idazkaritza:

    Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikari bat, institutuko zuzendariak izendatua.

  2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da adituak zein idazkaritza-zereginak egingo dituen pertsona izendatzeko ebazpena.

  3. Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.

  1. Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

    Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu gehienez.

    Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 20 puntu gehienez.

    Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 20 puntu gehienez.

    Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 10 puntu gehienez.

    Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu gehienez.

    Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea. 10 puntu gehienez.

    Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.

  2. Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak 45 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.

  1. Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 6. eta 14. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.

  2. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betetzeko.

  3. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  4. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak onartu egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

  1. Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

  2. Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, eta baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

  3. Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

  4. Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexista erabiliko dute diruz lagundutako proiektuetatik sortutako ekimenetan.

  5. Diruz lagundu den ikus-entzunezko ekoizpenaren finantzaketa publikoa dela adierazten duen publizitate egokia egin beharko dute erakunde onuradunek, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

  1. Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

    1. Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

    2. Bigarren ordainketa 2017an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

  2. Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

  1. Diru-laguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2017ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egindako gastuak eta jasotako diru-sarrerak zehazten eta justifikatzen dituen memoria, ordainagiri eta guzti. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da.

  2. Goian aipatutako dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da.

  3. Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

    Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

  4. Artikulu honetan jasotzen ez denari dagokionez, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan araututakoa aplikatuko da.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta, kasuan-kasuan, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

  2. Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

  1. Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

    1. Zegokion egunean aurkeztutako jarduera ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

    2. Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko titularrak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

    3. Eskabidean, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

  2. Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

    Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

    Bilbao, 2017ko uztailaren 12a.

    Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

    MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.