Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 20koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen baita Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 9
  • Hurrenkera-zk.: 147
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/12/20
  • Argitaratze-data: 2018/01/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat da itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea, aprobetxamendu ezin hobea ahalbidetuz, eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Zentzu horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 zenbakiko Erregelamenduak (EB) Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

Beraz, Arrantza Politika berriaren oinarrietako bat den heinean, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) Arrantza Politika Erkidea aplikatzeko Batasunaren finantza-neurriak ezartzen dira, baita Itsas Eskubideari buruzko neurriak, arrantza- eta akuikultura-guneen eta barne-arrantzarako guneen garapen jasangarrirako neurriak eta Itsas Politika Integratuaren neurriak ere. Hain zuzen ere, 33. eta 34. artikuluetan ezartzen dira arrantza-jarduera aldi baterako eta betiko geldiarazteagatiko laguntzak.

Halaber, 508/2014 Erregelamenduaren 33. artikuluan ezartzen denez, Europako Itsas eta Arrantza Funtsak laguntza eman ahal izango die arrantza-jarduerak aldi baterako geldiarazteko neurriei, kasu zehatz batzuetan; kasu horietako bat da 1380/2013 Erregelamenduaren 7. artikuluan aipatutako kontserbazio-neurriei buruzkoa, atseden biologikoaren aldiekin lotuta.

Ebazpen honen bitartez, atseden biologikoko aldi bat ezartzen zaio tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean, tresna txikiko arrantzan erroldatutako ontzien arrantza-jardunak itsas ingurunean duen eragina murrizten laguntzeko. Ekintza hori aurrez ikusita dago Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 Programa Operatiboan, zeina Europar Batasunaren lehentasunetako bat baita arrantza jasangarria sustatzeko.

Geldialdi biologiko horri esker, arrantza-ahalegina murriztuko da euskal kostaldeko kaletan, eta artisau-flota honen xede diren espezieetako batzuen kimuak ugaltzea erraztuko da. Tresna txikiko arrantzako ontziek garatutako hainbat arrantza-ofizio edo -modalitatetarako errendimenduan, joera negatiboa ikusi da, eta horrek justifikatu egiten du neurri hau ezartzeko beharra, zuhurtasun-printzipioaren arabera.

Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, arrantza-agintaritzak baliabideak babesteko eta kontserbatzeko neurriak har ditzake, oinarri jasangarri baten gainean.

Bestalde, atseden biologiko honek ukitutako ontziek arrantza-jarduerak aldi baterako geldiarazteagatiko laguntzak eskatu ahal izango dituzte, zeinak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu baten bidez iragarriko baitira 2018ko ekitalditan argitaratuko den arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako laguntzen deialdian, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 zenbakiko Erregelamenduaren babespean. Hori guztia, printzipio honen arabera: Europako Erkidegoko Erregelamenduak Europar Batasun osoan zuzenean eta nahitaez aplikatu beharko dira, eta ez dute transposiziorik beharko estatu kideetan.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 74/2017 Dekretuak 18.1.c) artikuluan xedatzen duenez, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren eskumena da itsas arrantza, itsaski, akuikultura eta arrantza kontinentaleko baliabideen ustiapenak antolatu, kudeatu eta sustatzea.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

Lehenengoa. Atseden biologikoa ezartzea tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldean, 2018ko urtarrilaren 15etik 2018ko otsailaren 15era arte, biak barnean direla.

Bigarrena. Ukitutako flotak ofizio edo modalitate hauek hartzen ditu: otarreak, mailabakarra, tresmaila, tretza, esku-aparailuak eta kazako aparailuak.

Hirugarrena. Ebazpen honekin ez da amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 20a.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,

LEANDRO AZCUE MUGICA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.