Euskal Autonomia Erkidegoko turismo sektorearen digitalizazio txostena: 1. fasea (2010)

Xehetasunak

BasqueTour Turismoaren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzaren sozietate publikoa) EAEko turismo sektorea digitalizatzeko egitasmo estrategiko bat garatzen ari da, ESI-Tecnalia erakundearekin elkarlanean.

Plan estrategiko hau garatu ahal izateko, ostatu zerbitzuen sektorearen azterketa diagnostiko bat egin da Euskal Autonomia Erkidegoko hotelen eta ostatuen artean. Ikerketa hori egin baino lehen, aurretiko fase bat burutu da, non Euskal Autonomia Erkidegoko ostatu zerbitzuen sektorearekin (hotelak eta ostatuak) elkarrizketa telefoniko labur batzuk egin diren, etxe bakoitzak teknologia berriei ematen dien erabilera mailaren ikuspegi orokorra jasotzeko.

Aurretiko faseko datuak aztertu ondoren, baiezkoa eman zuten hotelekin eta ostatuekin ausazko lagin bat eratu zen, eta ekimen honen bigarren faseari ekin zitzaion. Bigarren fase horretan, 60 hotel eta ostatu bisitatu dira, bertara joanda.

Bisita horien bitartez, bi emaitza lortu dira:

  • Hotel edo ostatu bakoitzarentzat neurrira egindako doako diagnostiko bat eskaintzea; bertan, ostatu zerbitzuen kudeaketa prozesuetan teknologiak duen erabileraren diagnostikoa egiten da, eta hobekuntza plan zehatz bat gomendatzen, teknologia berrien erabilerari buruz, produktibitatea hobetzeko helburuarekin.
  • Sektorearen diagnostiko bat finkatzea; horrela, sektorea lehiakorragoa egiten lagunduko duten ekimenak garatuko dira, plan estrategiko orokor baten bidez.

Plan estrategiko horren garapena sektoreko 60 enpresen ebaluazioan oinarritzen da, eta ESI-k (European Software Institute) garatutako “Optima” (Heldutasun Digitalaren Eredua) metodologiari jarraituta egin da ebaluazioa. Aukeratutako enpresak Ostatu zerbitzuen sektorekoak dira, zehazki 3 izarrerainoko Ostatuen eta Hotelen multzokoak.

Optima ereduaren helburua oso zehatza da: enpresa bateko negozio prozesuen heldutasun digitalaren maila ebaluatzea. Hura aplikatuta, enpresa bakoitzaren neurrira egindako hobekuntza plan bat eskuratzen da, eta, berari esker, enpresak bere oraingo digitalizazio egoera ezagut dezake; gainera, bere negozio prozesuetan IKT teknologiak (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) txertatzeko eta, horrela, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egin behar dituen urratsak jakin ditzake.