Euskal Autonomia Erkidegoaren Garapen Jasangarrirako Ildo Estrategikoak (2001. urtea)

Xehetasunak

Azken hamarkadetan zehar mendebaldeko ekonomiak anizten aritu dira etengabe eta horrek eragin du jarduera ekonomiko berriek behar duten bultzada izatea, aberastasuna eta enplegua sortzeko sektore estrategikoak izan daitezen. Turismoa gure garaiko aberastasun-iturri garrantzitsuenetako bat da une honetan. Izan ere, datu batzuk ikusi besterik ez dago hori ziurtatzeko. Espainia, adibidez, munduko hirugarren helmuga turistikoa izan zen 2000. urtean, Frantzia eta Estatu Batuen atzetik.

Eta bisitariek sortutako diru-sarreren garrantzi ekonomikoa kontuan hartzen badugu, bigarren lekuan dago Estatu Batuen atzetik, 34.761 milioi euroko kopuruarekin.

Turismoan ohiturak aldatzen ari direla antzematen ari gara. Ondorioz, merkatuan joera berriak sortu dira eskari turistikoari dagokionez. Izan ere, «Eguzkia eta Hondartza» tradizionalaren alternatiba gisa sortutako turismo berdea eta hiri-turismoa negozio-aukera berriak dira gaur egun.

Eusko Jaurlaritzak, segmentu turistiko horietan aukerak badituela jabetuta, eta azken urteotan azpiegitura turistikoak berritzeko eta eraikitzeko egindako apustuen ondoren (Guggenheim Museoa, Euskalduna eta Kursaal Kongresu Jauregiak, Bilboko aireportu berria, edo etorkizunerako zenbait proiektu, horien artean Artium Museoa edo Erakusketa Azoka berria), Ekonomia Sustatzeko plan bat landu du (2001 - 2005), eta bertan turismoaren sektoreak zeregin nabarmena betetzen du.

Plan horretan biltzen diren jarraibide estrategikoak landu aurretik, Turismo Sailburuordetzak eskaintza eta eskari turistikoari buruzko azterlan sakon bat egin zuen jarraibide estrategiko horiek landu ahal izateko eta «Euskal Herriko Turismo Eredu Iraungarria» sustatu ahal izateko.

Eskaintza eta eskari turistikoaren azterlan hori 1999an egin genuen, eta berari esker abiarazi genituen 1999-2001 legealdian zazpi jarraibide estrategiko, eta orain gauden 2001-2005 legealdi honetan ildo beretik jarraituko dugu lanean informazioaren gizartea turismoaren sektorean bultzatzeko beste jarraibide estrategiko bat gehitu asmoz, garrantzi handikoa baita ekonomia berrian.

Dokumentu hau 2. zenbakiaz agertzen da «Euskal Turismoaren Dokumentuak» sailean. Sektoreko profesionalei zuzendutakoa da eta bere asmoa turismo-jarduera sakontasunean lantzen jarraitzea da, bere bilakaera eta etorkizuna euskal ekonomiaren barruan aztertuz.