Arautegia

Inprimatu

62/2019 DEKRETUA, apirilaren 9koa, animalien elikaduraren sektorearen erregistroari eta kontrol ofizialari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 2003
  • Xedapen-zk.: 62
  • Xedapen-data: 2019/04/09
  • Argitaratze-data: 2019/04/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Animalien elikaduraren sektoreko jarduera asko hazi da azken urteetan, bai enpresa-ikuspuntutik eta bai produktu berrien ikerketa eta garapenaren ikuspuntutik ere. Hazkunde hori ekonomia zirkularreko produktu berriak azaldu direlako gertatu da neurri handi batean, bai eta animalien elikaduraren sektorekoak ez diren beste sektore batzuetako eragileak inplikatu direlako ere. Horrek guztiak ekarri du produktu horien segurtasunari eta sektorean jardun diren enpresei eskatu beharreko betekizunei buruzko arau-garapena egiteko beharra.

Sektore honek elikagaien segurtasunean duen eragin zuzenarengatik, hainbat administrazio-jarduketa biltzen dira bertan; besteak beste, animalien elikaduraren sektoreko establezimenduen erregistro, baimentze eta kontrol ofiziala eta animaliak elikatzeko erabiltzen diren produktuen kalitate, etiketatze eta segurtasunaren kontrol ofiziala.

Europar Batasuneko legeriak arau harmonizatuen multzo bat du ezarria elikagaiak eta pentsuak seguruak eta osasungarriak izatea bermatzeko, bai eta nekazaritzako elikagaien katean edo osasunaren babesean eragina izan dezaketen jarduerak seguruak eta osasungarriak izatea bermatzeko ere. Europako Erkidegoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 178/2002 (EE) Erregelamendua da oinarrizko araua elikagaien segurtasunari dagokionez. Erregelamendu horrek elikagaiei buruzko legeriaren betekizun orokorrak eta printzipioak ezarri zituen, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu zuen eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezarri zituen.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko urtarrilaren 12ko 183/2005 (EE) Erregelamenduak pentsuen higienearen arloan zenbait betekizun ezartzen ditu, eta, ildo horretatik, animalientzako elikagaien higienea arautzen du. Kontrol ofizialak antolatzeko lege-esparrua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 (EB) Erregelamenduaren bitartez ezarri zen (Kontrol Ofizialei buruzko Erregelamendua); nolanahi ere, Kontrol Ofizialei buruzko 882/2004 (EE) Erregelamendu indargabetuaren zati bat aplikagarria da oraindik.

Pentsuen merkataritza-kalitatearen ikuspegitik, Pentsuak Merkaturatzeari eta Erabiltzeari buruzko 767/2009 Erregelamendua (EE) da arlo horretako xedapen nagusia, eta hark bildutako zenbait zehaztapen dekretu honetan arautzen diren jarduerei aplikatu behar zaizkie. Erregelamendu horren osagarri, 68/2013 Erregelamendua (EB) dugu, Erkidegoko Lehengaien Katalogoari buruzkoa.

Halaber, pentsu sendagarriak eta haiekin zerikusia duten jarduerak dekretu honen aplikazio-eremuaren parte direnez, nahitaez aipatu behar da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2019/4 Erregelamendua (EB), Pentsu sendagarriak fabrikatzeari, merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzkoa, 2022ko urtarrilaren 28tik aurrera aplikatu beharko dena. Data berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/6 Erregelamendua (EB) onartu zen, Albaitaritzako Sendagaiei buruzkoa, zeinaren VII. kapitulua pentsu sendagarriei aplikatu behar zaien, 2022ko urtarrilaren 28tik aurrera ere.

Estatu mailan, maiatzaren 16ko 821/2008 Errege Dekretua da Europako Erkidegoak pentsuen higienearen arloan duen araudia aplikatzeko baldintzak eta animalien elikaduraren sektoreko establezimenduen erregistro orokorra ezartzen dituena. Arau horrek pentsu-enpresetako ustiaketen titularren mendeko establezimendu guztiak behartzen ditu autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunak kudeatzen dituen erregistroetako batean edo batzuetan inskribatzera. Hain zuzen ere Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroa sortzea eta baimendu eta erregistratzeko araubidea ezartzea da dekretu honen helburuetako bat.

Bestalde, EAEren eremuan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak animalien elikaduraz dihardu II. kapituluko II. atalean. 36. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak elikatzeko erabiltzen eta banatzen diren produktu guztiek osasungarriak eta merkaturatzeko kalitatezkoak izan beharko dutela. Halaber, legeak ezartzen du gehigarriak, aurre-nahasketak edo pentsuak egiten, banatzen edo merkaturatzen dituzten animalien elikagaigintzako establezimenduek derrigor egon behar dutela erregistratuta eta baimenduta, eta, arauz zehaztuko direla baldintzak eta prozedura.

Animalien elikaduraren kontrolari dagokionez, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko 17/2008 Legeak 101.2 artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuetarako kontrol-planak ezarri behar dituztela. Horiek horrela, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza denek ere animalien elikaduraren sektorean eskumenak baitituzte zenbait plan eta programa egiten ari dira, deskribatzen dituztenak nolako kontrol ofizialak eta jarduketak egin behar diren, besteak beste pentsuen segurtasunaren inguruko legeria betetzen dela egiaztatzeko; plan eta programa horietan ezartzen dituzte, halaber, koordinazio-organoak eta lan teknikoaren taldeak.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, 90/2005 Dekretuak arautzen du animalien elikaduraren kontrol ofizialen antolaketa (apirilaren 12ko 90/2005 Dekretua, Animalien elikaduran kontrol ofizialak eta arriskuak prebenitzeko kontrolak antolatzeko dena). Antolaketa hori foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean eskumenak bateratzean oinarritzen da, eta dekretu honetan bilduko dira antolaketa-printzipioak. Egin beharreko egokitzapenak egingo dira, kontrol ofizialak ez daitezen izan Europako Erkidegoko arautegiaren errepikapen hutsa, arautegi hori zabala eta osoa baita. Euskadin animalien elikaduraren kontrol ofiziala arau bakar batek gidatzea izango da horren guztiaren helburua, bai establezimenduen erregistroari eta baimenari dagokienez, bai kontrol ofizialaren xedeari eta eskumen-banaketari dagokienez.

Sendagaien eta osasun-produktuen bermeen eta erabilera zentzuzkoaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuak bere aplikazio-eremutik kanpo uzten ditu pentsu sendagarriak. Aitzitik, 821/2008 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen dira. Zentzu horretan, derrigor inskribatu eta baimendu behar dira pentsu sendagarriak orain sortzen den erregistroan, derrigor egin behar zaie dekretu honetan arautzen den kontrol ofiziala, eta, hortaz, dekretu honen aplikazio-eremuaren barruan daude. Aitzitik, dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo dago albaitaritzako sendagaitzat jo daitekeen edozein produktu edo produktu horren gaineko edozein jarduera.

Pentsu sendagarriak eta haiekin zerikusia duten jarduerak dekretuan berariaz jasotzeak eragina dauka uztailaren 156/2001 Dekretuaren erregulazioan, eta, koherentziaz, indargabetuta utzi behar da azken dekretu horretan pentsu sendagarriei buruz ezarritakoa (156/2001 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan albaitari sendagaiak banatzen eta saltzen dituzten tokiak zabaltzeko, pentsu sendagarriak banatzeko eta ekoizteko eta albaitariek erabiliko dituzten autotxertoak egiteko baimena ematen duena eta jarduera horiek guztiak kontrolatzen dituena).

Animalien elikaduraren arloan, hainbat eskumen azaltzen dira batera, hauei eragiten dietenak: gizakien eta animalien osasunari, elikagaien segurtasunari, ekonomia-jarduerari eta -garapenari eta abeltzaintzari; hori guztia honako hauetan ezarritakoaren arabera: Konstituzioaren 149.1.13 eta 16 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9, 10.25 eta 18.1 artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komun eta Lurralde Historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.b.2 artikulua. Eskumen-banaketa hori animalien elikadurako establezimenduei buruzko estatuaren oinarrizko legerian hezurmamitzen da. Legeria hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak garatzen eta egikaritzen du, establezimenduen erregistroa eta kontrol ofizialaren antolamendua ezarriz eta foru-aldundiekin batera kontrol ofiziala gauzatuz, bakoitzak bere eskumen- eta lurralde-esparruan.

Dekretu hau prestatzerako, kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei, erakunde profesionalei eta sektoreko elkarte eta erakundeei.

Horren ondorioz, Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko azaroaren 20an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Hau da dekretu honen xedea:

  1. Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroa sortzea.

  2. Araubide bat ezartzea, animalien elikadurako Euskadiko establezimenduak Erregistroan inskribatzeko eta, hala behar bada, egiten dituzten jarduerak baimentzeko.

  3. Animalien elikaduraren Euskadiko esparruan kontrol ofizialen antolaketa ezartzea.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, honako hauetan ezarritako definizioak aplikatu behar dira:

    1. Pentsuen higiene-baldintzak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005eko urtarrilaren 12ko 183/2005 Erregelamenduaren 3. artikulua.

    2. Pentsu sendagarriei buruzko definizioa, erregelamendu honetan jasoa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2019/4 Erregelamenduaren (EB) 3.2.a) artikulua, Pentsu sendagarriak fabrikatzeari, merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzkoa.

    3. 821/2008 Errege Dekretua, Pentsuen higienearen alorrean Erkidegoko araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena eta animalien elikaduraren sektoreko establezimenduen erregistro orokorra ezartzen duena; edo, bestela, haren ordezko araudia.

  2. Definizio espezifiko hauek ere aplikatu behar dira:

    1. Baimenak emateko eta erregistratzeko agintaritza eskuduna: Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritza da eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoan.

    2. Pentsuen kontrol ofizialaren arloko agintaritza eskudunak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietan abeltzaintzaren arloko ardura duten sailak eta Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritza, zein bere bere lurralde- eta eskumen-esparruan.

    3. Establezimenduen erregistroa: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden establezimenduen zerrenda; betiere pentsu-enpresek establezimendu horien jarduna jakinarazi behar diote Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza eskudunari, 183/2005 Erregelamenduaren 9.2 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

  1. Ezaugarri hauek betetzen dituztenei aplikatuko zaie dekretu hau:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden animalien elikagaien sektoreko establezimenduak izatea eta animaliak elikatzeko lehengaiak, gehigarriak (kokziodiostatoak eta histomonostatoak barne), aurre-nahasketak, pentsu konposatuak, pentsu sendagarriak edo bestelako produktuak prestatzea, merkaturatzea, salerostea edo garraiatzea eta, oro har, haiekin lan egitea; betiere, halako establezimenduek Erregistroan inskribatu beharrekoak izan behar dute, 183/2005 Erregelamenduarekin bat etorriz, baimenaren xede diren jarduerak egin zein ez.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden abeltzaintzako ustiategiak izatea, beren ganadutegiaren beharrizanak asetzeko pentsuak egitea eta 183/2005 Erregelamenduaren arabera erregistratu beharrekoak izatea, baimenaren xede diren jarduerak egin zein ez

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan egiten, merkaturatzen, mugitzen edo kontsumitzen diren animalien elikadurarako produktuak izatea; pentsu sendagarriak eta kokzidiostatoekin eta histomonostatoekin egindako pentsuak ere multzo honetan sartzen dira.

    4. Indarrean dagoen arautegiarekin bat etorriz, orain sortzen den erregistroan sartu beharreko edo ofizialki kontrolatu beharreko establezimendu edo enpresa izatea.

  2. Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:

    1. Indarrean dagoen arautegiak albaitaritzako sendagaitzat jotzen dituen produktuak, eta haien industria- edo -merkataritza-jarduerak.

    2. Pentsuen ekoizpen primarioa, 183/2005 Erregelamenduaren 3.f artikuluan emandako definizioari jarraituz.

  1. Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroa sortzen da, Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikita.

  2. Erregistroa lotuta dago Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren mendeko Erregistro Orokorrarekin, aplikazio informatiko honen bidez: «Animalien Elikadurako Establezimenduak Erregistratzeko Sistema Informatikoa».

  3. Inskribatutako establezimendu bakoitzari identifikazio-zenbaki bat esleituko zaio, Ministerioaren mendeko Erregistro Orokorraren jarduna gidatzen duten arauekin bat etorriz.

  4. Pentsu-enpresa bateko ustiatzaileen mende dauden establezimendu guztiak inskribatu beharko dira Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroan, 821/2008 Errege Dekretuaren II. eranskinean, edo haren ordezko araudian, zehazten diren jardueretan.

  1. Erregistroa publikoa da eta administrazio-izaera du; bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osorako, eta Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzako funtzionarioek dute haren ardura.

  2. Laugarren artikuluan adierazitako establezimendu guztiak erregistroan erregistratu behar badira ere, erregistroa antolatze aldera, «baimendu» beharreko establezimenduak eta «baimendu» beharrik ez dutenak bereizi behar dira. Erregistroa honela sailkatzen da:

    1. Baimenik behar ez duten jarduerak egiten dituzten establezimenduak: pentsuen ekoizpen-, industria- edo merkataritza-jarduerak prozesuko etapa guztietan egiten dituzten enpresen establezimenduak.

    2. Baimendu beharreko jarduerak egiten dituzten establezimenduak: hau da, 7. artikuluan zehaztutako jarduerak egiten dituztenak.

  3. Erregistroko idazpenen edukiak publikoak dira, eta www.euskadi.eus web-orrian, nekazaritzari buruzko informazio-atalean, informazio hau eskura daiteke:

    1. Establezimenduaren izena edo sozietate-izena.

    2. Helbidea.

    3. Jarduerak.

    4. Identifikazio-zenbakia.

  1. Gutxienez, inskribatutako establezimenduen datu hauek egongo dira erregistroan:

    1. Titular gisa ageri den pertsona fisikoaren edo juridikoaren identifikazio-zenbakia (NAN/IFZ/AIZ).

    2. Pentsu-operadorearen sozietate-izena edo izen-abizenak.

    3. Enpresaren egoitza soziala, establezimenduaren helbide osoa eta harremanetarako posta elektronikoko helbidea.

    4. Enpresaren legezko ordezkariaren izena, abizenak eta NANa.

    5. Enpresaren legezko ordezkariaren sexua: gizonezkoa/emakumezkoa/beste zenbait.

    6. Erregistroko altaren data eta, hala dagokionean, bajaren edo aldaketaren data.

    7. Establezimenduak egiten dituen jarduerak.

    8. Erregistroan esleitu zaion identifikazio-zenbakia.

    9. Baimenak edo inskripzioak.

  2. Aurreko apartatuan ezarritako datuak eta erregistroan egiten diren alta, baja eta aldaketak berehala jasoko dira Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren mendeko Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Erregistro Orokorrean.

Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pentsu-enpresen establezimenduek Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzaren baimena behar dute, haien lanbide-jarduerarekin hasi baino lehen, betiere 821/2008 Errege Dekretuaren 5. artikuluan edo haren ordezko araudian azaltzen den jardueraren bat egiten badute.

  1. Pentsu-enpresen establezimenduek, 7. artikuluan jasota ez dauden jarduerak egiten badituzte, eta, beraz, ez badute aurretiazko baimenik eskuratu behar, jarduerak hasi aurretik komunikazioa bidaltzeko betebeharra izango dute.

  2. Baimena behar duten jarduerak egiten dituzten establezimenduek baimena eskuratu beharko dute, jarduerei ekin aurretik.

  3. Eskabideak bai aurretiazko komunikazioa egitekoak, bai aurretiazko baimena eskatzekoak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, eta, jaso, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektronikoan jasoko dira. Erregistro horrek jasotze-agiri elektroniko justifikatzaile bat bidaliko du automatikoki, hain zuzen ere interesdunak eskabidea Administrazioan jaso izanaren froga izan dezan. Eskabidearen izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko da.

    Nolanahi ere, beren izenean eta eskubidez diharduten pertsona fisikoek izapidetze presentziala baliatu ahal izango dute.

  4. Eskabideak eredu normalizatuaren arabera aurkeztu behar dira, zeina eskuragarri baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eranskinean. Eskabidean, gainera, zehaztu beharko da zein diren establezimenduan gauzatu nahi diren jarduera guztiak.

  5. Eskabide-ereduan, erantzukizunpeko adierazpena jasotzen da, non alderdi hauek adierazi behar diren:

    1. Aurkeztutako dokumentu guztiak egiazkoak direla.

    2. 183/2005 (EE) Erregelamenduan, dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainontzeko arauetan aurreikusten diren betekizunak betetzen direla.

    3. Eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren kontrol ofizialen mende jartzeko konpromisoa hartzen dela.

  1. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, establezimendu guztiek bai aurretiazko komunikazioa egin behar dutenek, bai aurretiazko baimena behar dutenek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, jarduera espezifikoetarako eska dakiekeen bestelako dokumentazioaz gainera:

    1. Enpresaren titularraren identifikazio-dokumentua, titularra pertsona fisikoa bada. Pertsona juridikoen kasuan: erakundearen eratze-dokumentua, erakundearen IFK, legezko ordezkaritza duen pertsonaren identifikazio-dokumentua eta ordezkaritza hori egiaztatzen duen dokumentua (edo baimena).

      Pertsona fisikoek ados daudela adierazten badute, animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzuek nortasun-agiriko datuak egiaztatuko dituzte, uneoro indarrean eta jardunean dagoen administrazioen arteko bitartekaritza-tresnak datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko ematen duen sistemaren bidez.

    2. Instalazio, jarduera eta ekoizpen-prozesuen prozedura idatziak edo horien deskribapen-memoria eguneratua. Bestela, hori jasotzen duten dokumentuak. Eskatutako jarduerarentzat edo jarduerentzat animalien elikadurari buruzko legeriak eskatzen dituen alderdiak eta betekizunak jaso behar dituzte agiri horiek eta, batez ere, 183/2005 (EE) Erregelamenduak adierazten dituen guztiak.

  2. Gainera, aurretiazko baimena behar duten jarduerak egiten dituzten establezimenduek AKPKA Arriskuen eta Kontrol Puntu Kritikoen Analisirako Eskuliburua aurkeztuko dute, 183/2005 (EE) Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluekin bat etorriz.

  3. Pertsona juridikoek bide elektronikoz aurkeztuko dute dokumentazio guztia, jatorrizko dokumentuen kopia digitalizatua egiteko edozein prozedura erabiliz. Eskatzailearen edo haren ordezkariaren erantzukizuna izango da aurkeztutako kopia digitalizatuak jatorrizkoekiko fidelak izatea. Administrazioak eskatu ahal izango du jatorrizko dokumentuak erakusteko, aurkeztutako kopia elektronikoarekin alderatzeko, administrazio-prozedura arautzen duen araudian xedatutakoari jarraituz. Pertsona fisikoek aurkezpen fisikoa edo bide elektronikoa dute aukeran.

  4. Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango du, dekretu honetako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

  5. Aurkeztutako dokumentazioan gertatutako edozein aldaketa zuzendaritza eskudunari jakinarazi beharko zaio, gehienez bi hilabeteko epean, aldaketa gertatzen denetik hasita.

  1. Animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebatziko ditu inskribatze- eta baimentze-prozeduran gerta litezkeen gorabeherak, eta berak emango du, halaber, baimen-ebazpena.

  2. Aurretiazko komunikazioa behar bezala eta behar den dokumentazioa guztiarekin aurkeztu dituzten establezimenduak inskribatuta geratuko dira Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Euskadiko Erregistroan. Akatsen bat dagoela edo dokumentazioa ez dagoela osorik ikusten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan eskaerak zuzentzeko ezartzen diren arauak aplikatuko dira.

  3. Baimendu beharreko jarduerak egin behar badira establezimenduan, dagokion ikuskapena egingo da, baimena eman baino lehen.

  1. Eusko Jaurlaritzan edo foru-aldundietan kontrol ofiziala egiteko agintaritza eskuduna zein den ikuskapen-bisita egingo du establezimenduaren instalazioetan, hain zuzen ere bermatzeko betetzen direla dekretu honetan, 183/2005 (EE) Erregelamenduan eta indarrean dagoen gainontzeko arautegian ezarritako betekizunak.

  2. Ikuskapen-bisitatik ondorioztatzen bada baimendu beharreko jarduerak egin behar dituen establezimenduak betetzen dituela indarrean dagoen arautegiak jarduera horietarako ezarritako betekizunak, aldeko txostena egingo da, eta animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrari bidaliko zaio.

  3. Ikuskapenean agerian geratzen bada establezimenduak azpiegitura- eta ekipamendu-betekizun guztiak gutxienez betetzen dituela, hiru hilabetez jarduteko behin-behineko baimena eman ahal izango dio zuzendaritza eskudunaren titularrak. Baimen hori luzatu ahal izango da, gehienez sei hilabetez, betiere egiaztatzen bada establezimendua baimena behar duten jardueretarako betekizun guztiak betetzeko bidean dela.

  4. Behin-behineko baimenaren aldia bukatuta betekizunak bete gabe jarraitzen badu establezimenduak, baimena ukatzeko ebazpena emango du zuzendaritza eskudunaren titularrak.

  1. Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du establezimenduaren jarduerak gauzatzeko baimena emateko edo ukatzeko.

  2. Ebazpena, behin-behinekoa edo behin betikoa, sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzara eskaera bidali zen egunetik hasita. Epe hori igarota ez bada ebazpena jakinarazi, interesdunek baietsitzat jo dezakete eskaera, administrazioaren isiltasunaren bidez, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan.

  3. Behin baimena lortuta, animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzak establezimendua ofizioz inskribatuko du Erregistroan, eskatutako jardueretan.

  1. Pentsu-enpresek, erregistratuta dituzten establezimenduei buruzko daturen bat aldatzen bada eta datu hori dekretu honetan aurreikusita badago, nahitaez eman behar diote aldaketaren berri animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzari. Aldaketa gertatzen denetik, hilabeteko epea dute horretarako.

  2. Establezimenduan jarduera berri bat egiten hasten badira, zuzendaritza eskudunak, aurretik eskaera jasota, establezimenduaren inskripzioa aldatuko du, baldin eta jarduera berriak dekretu honetan ezarritako betekizunak betetzen baditu. Jarduera berrirako baimena behar izanez gero, horretarako ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.

  1. Zuzendaritza eskudunaren titularrak osorik edo partez eten, ezereztu edo errebokatu ahal izango ditu erregistroko inskripzioak, bai establezimenduei dagozkienak, bai inskribatutako jarduerei dagozkienak, ebazpen bidez, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

  2. Egoera hauek eragingo dute erregistroko inskripzioa ofizioz ezereztea: jarduera gutxienez urtebetez bertan behera uztea edo establezimendua ixtea, alderdi interesdunak jakinarazi gabe; inskripzioa egiteko arrazoi izan ziren baldintzak ez betetzea; indarrean dagoen arautegian ezarritako betekizunak ez betetzea, eta inskripzio-eskaerarekin batera aurkezten den edozein datu, adierazpen, edo dokumentu modu funtsezkoan zehatza ez izatea, faltsua izatea edo falta izatea.

  3. Nolanahi ere, inskripzioa ofizioz ezereztea, errebokatzea edo etetea erabaki aurretik, pertsona edo erakunde interesdunari entzunaldiaren izapidea eskaini behar zaio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  1. Dekretu honetan, hauxe jotzen da animalien elikaduraren arloko Euskadiko kontrol ofizialtzat: agintaritza eskudunek egiten duten kontrola, indarrean dagoen arautegia betetzen dela egiaztatzeko. 17. artikuluan adierazitakoak dira agintaritza eskudunak.

  2. Animalien elikaduraren kontrol-arloko agintaritza eskudunek jarduketen eraginkortasun eta koordinazioaren printzipioen arabera jardungo dute pentsuen arloko legeria betetzea egiaztatuko dela bermatzeko.

  3. Kontrolak antolatzeko garaian, hauek dira funtsezko helburuak: agintaritza eskudunak prozedura homogeneoak erabiltzea, jarduketak intentsitate egokikoak eta eraginkorrak izatea eta kontrolen eraginkortasuna egiaztatzeko eta emaitzak eta txostenak ebaluatzeko sistema bakarra erabiltzea. Horretarako, koordinazio-organoak eta lan teknikoaren taldeak ezarriko dira, eta agintaritza eskudunek ordezkariak izango dituzte haietan.

  1. Kontrol ofizialak honako hauei jarraituz egingo dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625 (EB) Erregelamenduko arauak (Kontrol Ofizialei buruzkoa da erregelamendu hori), eta horko 167. artikulua, aplikatu behar den neurrian, eta 882/2004 (EE) Erregelamenduko arautegia, Pentsuen eta elikagaien esparruko legeria eta animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla egiaztatzeko egiten diren kontrol ofizialei buruzkoa.

  2. Kontrol ofizialaren helburua da indarrean dagoen arautegia betetzen dela egiaztatzea, honako arlo hauetan:

    1. Animalien elikadurako parte diren substantziak eta produktuak.

    2. Gehigarriak.

    3. Saihestu beharrekoak diren substantzia eta produktuak.

    4. Etiketatzea eta kalitatea.

    5. Animalien elikadurarako lehengaien eta pentsu konposatuen erabilera eta zirkulazioa.

    6. Animalien elikaduran erabiltzen diren «produktu jakin batzuk» direlakoak.

    7. Nutrizio-helburu espezifiko batzuekin erabiltzen diren animalientzako elikagaiak.

    8. Substantzia debekatuak.

    9. Europako Erkidegoaren eremuan baimendu gabeko edo debekatutako lehengaiak, gehigarriak eta/edo aurre-nahasketak.

    10. Animalien elikadurarako erabiltzen diren substantzia eta produktuen kontrol mikrobiologikoa, fabrikazio-fasean nahiz biltegiratze-, banatze- eta kontsumo-faseetan.

    11. Pentsu sendagarriak edo kokzidiostatoak-histomonostatoak dituzten pentsuak.

    12. Organismo genetikoki eraldatuetatik eratorritako produktuak eta azpiproduktuak, animalien elikadurarako erabiltzen direnak.

    1. Fabrikazio, higienizazio, garbiketa, nahasketa, eraldaketa, ezabaketa, garraio, gehiketa eta kontrolaren prozesuak.

    2. Oro har, kontrol ofizialak egitea aurreikusia duen animalien elikaduraren arloko edozein arau.

  1. Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzak zeregin hauetarako eskumena izango du:

    1. Pentsuen kontrol ofiziala egitea ekoizpen, eraldaketa, ontziratze, biltegiratze, garraio eta handizkako zein txikizkako merkaturatzearen faseetan, salbu eta abeltzaintzako ustiategiek beren ganadutegiaren beharrizanak asetzeko ekoitzitako pentsuak (kasu hori artikulu honen 2.a) apartatuan aurreikusten da).

    2. Atzemandako irregulartasunen segimendua egitea, zehapen-araubidea ezartzea eta eta kautelazko neurriak hartzea, kontrolen eraginkortasuna egiaztatzea eta autokontrol-sistemak edo AAKPK balioztatzea, bere eskumeneko kontrol ofizialaren mendeko pentsu-establezimenduetan.

    3. Animalien elikadurari buruz erabilgarri dagoen informazio hau bildu eta kasu bakoitzean dagokion administrazioari bidaltzea: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien ekoizpenari eragiten dion edo eragin diezaiokeen informazioa. Arreta bereziarekin jokatu beharko da osasun publikoaren arloko eskumena duen agintaritzari informazioa eman behar zaionean pentsuek gizakientzat duten osasun-arriskuari buruz.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kontrol ofizialak egiteko eskumena duten agintaritzak koordinatzeko organo gisa jardutea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoan animalien elikaduraren arloko eskumena duten agintaritzen ordezkari izatea Animalien Elikadurarako Batzorde Nazionalean eta era litekeen autonomia-erkidegoez gaindiko beste edozein organotan.

  2. Foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuak agintari eskudunak izango dira, honako zeregin hauetarako:

    1. Abeltzainek beren ustiategietan animaliei ematen dizkieten pentsuak kontrolatzea eta abeltzaintzako ustiategiek berek beren ganadutegiaren beharrizanetarako ekoizten dituzten pentsuak kontrolatzea (183/2005 Erregelamenduaren II. eranskinak ezarritakoa bete behar dute ustiategi horiek).

    2. 183/2005 Erregelamenduaren II. eranskina bete behar duten abeltzaintzako ustiategiek beren ganadutegiko beharrizanetarako pentsuak egiteko baimenak eta inskripzioak kudeatzea.

    3. Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratuta dauden eta 183/2005 Erregelamenduaren II. eranskina bete behar duten «pentsu-enpresetan» atzemandako irregulartasunen segimendua egitea, bai eta zehapen-araubidea ezartzea eta kautelazko neurriak hartzea ere.

    4. Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratuta egon eta 183/2005 Erregelamenduaren II. eranskina bete behar duten «pentsu-enpresetan» kontrolek duten eraginkortasuna egiaztatzea lurralde historiko bakoitzean.

    5. Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean erregistratuta egon eta 183/2005 Erregelamenduaren II. eranskina bete behar duten «pentsu-enpresetan» autokontrol-sistemak edo, hala badagokio, AKPKA baliozkotzea, edo, bestela, ustiategi horiei lotutako antzeko osasun-bermeko dokumentua baliozkotzea.

    6. Jarduketen garapenari buruzko informazio garrantzitsua Eusko Jaurlaritzan animalien elikaduraren arloko eskumena duen zuzendaritzari helaraztea, jarduketak eta, bereziki, abeltzaintzako ustiategiaren eremuan alerten kudeaketatik eratortzen den informazioa behar bezala koordinatzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan animalien elikaduraren kontrol ofizialaren arloko eskumena duten agintari eskudunek Animalien Elikadura Kontrolatzeko Plan Autonomikoa egingo dute, oinarri hartuta indarrean dauden plan nazionalak edo Europako Erkidegoko planak.

  2. Plangintza-dokumentu hori urte anitzekoa izango da, eta elikadura-kate osoaren segurtasuna eta kalitatea barnean hartzen duen autonomia-erkidego mailako kontrol-plan orokorragoan sartu ahal izango da.

  3. Planaren aplikazio-eremuak barnean hartuko Euskal Autonomia Erkidegoan animalien elikadurarako dauden establezimendu eta produktuen kontrola, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorrak bere eskumenak baliatzea, kanpo-merkataritzako inportazio eta esportazioen kontrolaren arloan, sarrera-puntuetan.

  4. Kontrol-plan bakoitza indarrean dagoen bitartean, urteko planak prestatu ahal izango dira, beharrezkoa izanez gero, egin beharreko egokitzapen eta eguneraketak egiteko.

  5. Bai planak, bai kontrol-programek zati amankomun bat izango dute, bai eta agintari eskudun bakoitzak bere eskumenen eremuan prestatzen dituen plan espezifikoak ere.

Dekretu honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduraren 23ko 17/2008 Legean ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da. Horrez gain, aplikatu beharra dagoenean, eta, bereziki, pentsu sendagarrien arloko arau-hausteen kasuan, honako xedapen hauetan ezarritako arau-hausteen araubidea aplikatuko da: 8/2003 Legea, apirilaren 24koa, Animalien Osasunari buruzkoa; 32/2007 Legea, azaroaren 7koa, Animaliak ustiapenean, garraioan, esperimentuetan eta hiltzean zaintzeari buruzkoa, eta 1945/1983 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, Kontsumitzailearen defentsaren eta nekazaritzako elikadura-produkzioaren arloetako arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena. Horrez gain, alde batera utzi gabe erantzukizun zibilak, penalak, ingurumen-erantzukizunak edo bestelakoak ere eskatu ahal izango dira.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ofizioz irauliko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pentsu-establezimenduen datuak eta jarduerak, baldin, dekretu hau indarrean jartzen den egunean, establezimendu horiek inskribatuta badaude Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Arrantza Ministerioaren Animalien Elikaduraren Sektoreko Establezimenduen Erregistro Orokorrean. Halaber, pentsu sendagarriak prestatu eta banatzen dituzten establezimenduen zerrenda irauliko du.

Indargabetuta geratzen dira: apirilaren 12ko 90/2005 Dekretua, Animalien elikaduran kontrol ofizialak eta arriskuak prebenitzeko kontrolak antolatzeko dena (2005eko maiatzaren 30eko EHAA, 100. zk.); uztailaren 30eko 156/2001 Dekretuaren 2.1.c), 4.2, 7 eta 17.1.f) artikuluak (156/2001 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan albaitari sendagaiak banatzen eta saltzen dituzten tokiak zabaltzeko, pentsu sendagarriak banatzeko eta ekoizteko eta albaitariek erabiliko dituzten autotxertoak egiteko baimena ematen duena eta jarduera horiek guztiak kontrolatzen dituena), eta156/2001 Dekretuaren 1, 16.1, 21.1, 21.2, 27 eta 29. artikuluetan pentsu sendagarriei egindako erreferentziak. Indargabetuta geratzen dira, orobat, dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Eranskina aldatzea eta eguneratzea.

Dekretu honen eranskina, uneoro bat etor dadin indarrean dagoen arautegiarekin, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eguneratu ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian berriz argitaratu beharrik izan gabe, aldaketak edo eguneraketak funtsezko aldaketarik ez badakarte.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Garatzeko eskumena.

Ahalmena ematen zaio nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen sailburuari, behar diren xedapenak agindu bidez eman ditzan eranskina egokitzeko Europako arautegian izaten diren aldaketetara eta, hala dagokionean, estatuaren oinarrizko legeriara. Ahalmena ematen zaio, halaber, bere eskumenen esparruan behar diren xedapen guztiak eman ditzan dekretua garatzeko eta aplikatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)