Arautegia

Inprimatu

132/2018 DEKRETUA, irailaren 18koa, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 187
  • Hurrenkera-zk.: 4696
  • Xedapen-zk.: 132
  • Xedapen-data: 2018/09/18
  • Argitaratze-data: 2018/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartu zuen otsailaren 21eko 32/2006 Dekretuak. Ondoren, urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretuak aldatu egin zuen, Trukutxo eta Amue eremuei dagokienean. Lurralde-plan partzial horrek antolamendu integrala ezartzen du eremu funtzional osorako, eta udal-mugarte hauek hartzen ditu: Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

  2. Aldaketa hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak sustatu du, eta Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialean paisaiaren zehaztapenak txertatzea du helburu. Arlo Funtzionaleko paisaiaren kalitate-helburuak garatzen dituzten zehaztapen horiek lurralde-plan partzialean gomendio-izaerarekin txertatuko dira.

  3. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2016ko otsailaren 22an emandako Agindu bidez aldaketa hori funtsezkoa ez zela adieraztea xedatu zuenez, aldaketa hori izapidetzerakoan irailaren 9ko 206/2003 Dekretuan, aurreikusitako izapideak egin dira. Dekretu horretan arautu zen funtsezkoak ez diren Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen aldaketak onartzeko prozedura.

  4. Lurralde-plan partzialaren aldaketa horrek antolamendu-arauak I. eranskin gisa eta kostaldeari eta abiazio zibilari buruzko berariazko sektore-araudia II. eranskin gisa hartzen ditu barne.

  5. Ingurumen-ebaluazio horrekin lotuta, 2017ko ekainaren 9ko ebazpen baten bidez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak aztertzen ari garen lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eman zuen. Horretan, azaldu zuen ez dela ingurumenaren gaineko inpaktu esanguratsurik aurreikusi, eta kontuan hartutako zenbait kontsiderazio nabarmendu zituen.

  6. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagokio planaren aldaketa hau behin betiko onartzea, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekreturen 4.7 artikuluaren arabera.

    Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko irailaren 18an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko irailaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

IRAILAREN 18KO 132/2018 DEKRETUA, I. ERANSKINA

ANTOLAMENDU-ARAUAK

(ANTOLAMENDU-ARAU HAUEK 3 ERANSKIN DITUZTE)

  1. Paisaiaren zehaztapen hauek gomendiozko xedapenak dira, eta helburua da Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionaleko paisaiako kalitate-helburuak garatzea.

  2. Paisaiaren zehaztapenak www.ingurumena.net Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web orrian eskuragarri dagoen Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) paisaiaren katalogoan oinarrituta daude.

  1. Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalean, hamar paisaia-unitate daude. Paisaiarekin bat datoz, baina horien gainean egokia da paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko araubidea ezartzea.

  2. Hona hemen eremu funtzionaleko paisaiaren hamar unitateak:

  1. Urola Kostako litorala.

  2. Oriako kosta.

  3. Urola behealdea.

  4. Pagoeta.

  5. Andatza.

  6. Izarraitz.

  7. Azkoitia-Azpeitiko arroa.

  8. Ernioko mendilerroa.

  9. Irukurutzeta eta Samiño mendilerroak.

  10. Beizamako mendiak eta haranak.

  1. Paisaia-unitateen mugak I. eranskineko «Paisaia-unitateen mapa»ko grafikoan daude jasota.

  1. Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionalean, paisaia-interes bereziko 34 eremu identifikatu dira. Horietarako, gomendatzen da paisaiaren ekintza planak egitea paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jarduerak zehazteko.

  2. Hona hemen eremu funtzionaleko paisaia-interes bereziko eremuak:

    1. Eremu babestuekin loturiko eremu ezin hobeak.

      1. Parke naturala eta Pagoetako Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE).

      2. Ernio-Gatzumeko KBE.

      3. Garate-Santa Bárbarako KBE.

      4. Iñurritzako KBE.

      5. Izarraitzeko KBE.

      6. Orioko itsasadarreko KBE.

      7. Urolako itsasadarreko KBE.

      8. Deba-Zumaia itsasertzeko biotopo babestua.

      9. Iñurritzako biotopo babestua.

      10. San Anton.

      11. Granada.

      12. Murumendi.

    2. Eremu babestuekin loturarik ez duten eremu ezin hobeak.

      1. Zumaia-Getaria-Zarautz kostako zerrenda.

      2. Askizu-San Prudentzio.

      3. Artadi.

      4. San Martín.

      5. Kukuarri-Itxaspe.

      6. Sastarrain-Ekain ingurua.

      7. Akoako harana.

      8. Sañu-Etumeta.

      9. Madariaga.

      10. Urrategi.

      11. Loiola.

      12. Errezilgo harana.

      13. Oñatz.

      14. Martiriak.

      15. Atxumarriaga-Aratz Erreka.

      16. Beizama.

      17. Nuarbe-Ibai-eder urtegia.

    3. Gizakien jarduerak paisaian eginiko eragina.

      1. Zumaiako hiri-ingurua.

      2. Zarautzeko hiri-ingurua.

      3. Ubegun-Santioerreka.

      4. Zestoako hiri-ingurua.

      5. Ibai-Eder ibaiertzak.

  3. Paisaia-interes bereziko eremuen mugak II. eranskineko «Paisaia-interes bereziko mapa»ko grafikoan dago jasota.

  1. Zarautz-Azpeitia (Urola Kosta) eremu funtzionaleko paisaiaren babesa eta kontserbazioa bultzatzeko paisaiaren kalitate-helburuak hauek dira:

    1. Hiri-kokapenekin loturiko zenbait garapen, hiri-inguruarekin eta landa-inguruarekin bat datozenak, mugen arabera egituratuta, benetako beharrizanen arabera mailakatuta, eta inguruko paisaiaren berezitasunen arabera diseinatuta eta eraikita.

    2. Erdiguneetarako hainbat sarbide, hiri-inguruko, landa-inguruko eta inguru hiritarreko paisaien arteko pasabidea ahalbidetzeko, balioa duten elementuak integratuz eta hiriko paisaian elementu interesgarri berriak sartuz.

    3. Lineako zenbait azpiegitura (energiakoak, bide-sarekoak eta trenbide-sarekoak), paisaian integratutakoak, eta lurraldean jarraitutasun fisikoa, soziala eta ekologikoa ahalbidetzen dutenak.

    4. Jarduera ekonomikoen erabilerarako zenbait eremu (industriakoak, logistikakoak, merkataritzakoak, portukoak), hiriko, hiri-inguruko eta landa-inguruko paisaian integratuta, lehentasunezkoak ez diren ikuspegiko eremuetan daudenak, eta inguruko paisaiaren berezitasunen arabera diseinatu eta eraikitakoak.

    5. Behar bezala urbanizatutako eta mantendutako parke eta eremu publikoen sarea, kalitateko paisaiak antolatzea eta sortzea ahalbidetzen dutenak, inguruko paisaiekin hiri-kokapenak eta landa-kokapenak egituratuz eta paisaiaren balio ekologikoan, estetikoan, historikoan edo sinbolikoan dauden elementuak sartuz.

    6. Ondo kontserbatutako ibai-paisaiak, edo, halakorik ez badago, lehengoratutako eta balioa emandako paisaiak. Balio ekologikoak eta estetikoak bateragarriak izango dira eguneroko erabilerarekin, baita turismoarekin eta aisialdiarekin loturiko jarduerekin ere.

    7. Babestutako eta kontserbatutako paisaia naturalak, edo, halakorik ez badago, lehengoratutako eta balioa emandako paisaiak, baliabide naturalen erabilera, ustiaketa nahiz horien sarbidea, pertzepzioa eta gozamena paisaiako balioen kontserbazioarekin bateragarri egiteko.

    8. Paisaia litoral babestuak eta kontserbatuak, askotariko elementuak, hondartzak, dunak eta itsaslabarrak kudeatzen dituztenak, paisaiaren balioak, eta balio ekologikoak, estetikoak nahiz historikoak kontserbatu ahal izateko, baita erabiltzeko eta gozatzeko sarbidea izateko ere.

    9. Inguruarekin loturiko landa- eta eraikuntza-kokapenak, garatzeko beharrizanen arabera paisaian integratuta dauden kontserbazioa eta hazkuntza balio estetikoekin, historikoekin eta identitarioekin bateragarri egiteko.

    10. Aktiboki kudeatutako nekazaritza-paisaiak, baliabideen ustiaketa nekazaritza eta abeltzaintzaren jarduerarekin loturiko paisaiaren kontserbazioarekin bateragarri egiteko.

    11. Balio historikoak, sinbolikoak eta identitatekoak dituzten elementuak, ondo kontserbaturikoak eta kudeaturikoak, edo, halakorik ezean, lehengoratuak eta balioa emandakoak, balio historikoak, estetikoak eta identitarioak mantentzen dituztenak, eta erabilera berriei nahiz turismoarekin loturikoak jarduerei bide ematen dietenak.

    12. Erauzketa-jarduerak eta hondakin-jarduerak kudeatzeko azpiegiturak, bizitza erabilgarrian paisaian duen eragina pixkanaka-pixkanaka murriztuz, paisaian integra daitezen. Hala, jatorrizko paisaia lehengoratu eta balioa emango zaio, edo, halakorik ezean, paisaia berria sortzeko bizitza erabilgarria amaitu ostean.

    1. Paisaiako behatoki eta ibilbideen sarea, identifikatuz eta ezagutuz, paisaia berezien pertzepzioa lehengoratu eta balioa emateko. Hala, Urola Kostako paisaien ñabardurak eta dibertsitateari balioa eman ahal izango zaio.

    2. Eszenako funts babestuak eta kontserbatuak, edo, halakorik ez badago, lehengoratuak eta balioa emandakoak, Urola Kostako balio hautemangarrien eta identitarioen erreferente gisa.

    3. Zeharkako helburu gisa proposatu da Urola Kostako paisaia hobetzeko kudeaketa proaktiboa bultzatzea. Horretarako, administrazioen arteko lankidetza bultzatuko da, baita gizarte zibilaren hedapena, prestakuntza, sentsibilizazioa eta erantzunkidetasuna ere zaintzari eta hobekuntzari dagokionez.

  2. Paisaiaren kalitate-helburu horiek paisaiaren zehaztapenetan garatu dira, eta, edozein kasutan, hirigintza-plangintzaren eta sektoreko lurralde-plangintzaren printzipioetan oinarrituta egon dira.

  3. Paisaiaren kalitate-helburuak III. eranskineko «Paisaiaren Kalitate-helburuen mapa»n mugatuta daude.

  1. Garapen berriak paisaian integratzen direla bermatzea hiriguneen inguru perimetraletan, baldin eta integrazio hori lurralde-plan partzial honekin bat hirigune finkatuen hazkunde-eredu konpaktuaren arabera sustatu behar bada, ehun etenak saihestuta eta hiri-bilbearean hiri-garapen berrien artikulazioa bultzatuta.

  2. Lehentasunez, lagatzeko lurzoruen antolamendua ezartzea, iragazkortasuna, eta hiriko egituraren eta hiri-inguruen, inguru naturalen eta landa-inguruen eremuen arteko igarobidea bermatzeko.

  3. Egungo inguruko paisaiaren berezitasunarekin eta egiturarekin (topografia, ibai-egitura, landaredia, ibilbideak) lotutako paisaia hobeto integratzea ahalbidetzen duten mekanismoak ezartzea. Hala, iradoki egingo da etorkizuneko garapenen plangintzan paisaia integratzea aintzat hartzen duten azterketak.

    1. Bizitegi-eremu berriak garatzea Oikian eta bizitegi-eremuak Zumaiako saihesbidean Urola itsasadarrean.

    2. Bizitegi-eremu berriak garatzea Getarian, Potzuaga-Gaina (XVIII Hirigintza-jarduerarako Eremua- HJE) inguruan eta erdiguneko eremu altuetan.

    3. Orioko iparraldeko zabalgunea.

    4. Iraetako bega (Zestoa).

    5. Bizitegi-eremu berriak garatzea Aizarnazabalen, Etxezarreta inguruan.

    6. Bizitegi-eremu berriak garatzea Aizarnazabaleko erdigunean.

    7. Bizitegi-eremu berriak garatzea Loiolako iparraldean, Azpeitian.

    8. Bizitegi-eremu berriak garatzea Azkoitian, Santa Krutz inguruan.

    9. Bizitegi-eremu berriak garatzea Azpeitian: 3 HJE Azkune eta 26 Oiarzabal.

    10. Bizitegi-eremu berriak garatzea Azkoitian, ikusgarritasun handiko zonetan daudenak: Zabale (S.16), Santa Clara (S.15).

    11. Urrestillako (Azpeitia) korridorea: etorkizuneko industria-garapenak, 30 HJE Garmendi gain eta 34 Zapatari barne, baita egungo hiri lurzoruan etorkizunean egingo diren eraldaketak ere (35 HJE Larrañaga eta 36 HJE Olalde).

    12. Astiko (Zarautz) bizitegi-eremua eta Errotazar (A.27) eta Astazubi (A.26) industriako garapen berriak.

    1. HJE-ren bizitegi-garapena 9 Aristerrazu.

  4. Hiria birgaitzeko eta berritzeko prozesuak jorratzea, degradatuen dauden hiri-egiturei balioa emateko, nagusiki hirigune historikoetan eta pasa den mendeko berrogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkaden artean garatutako auzoetan.

  5. Ibaien eta hirigune historikoen litoralen fatxadei balioa emateko obrak sustatzea: fatxaden tratamendua, eraikuntzen bolumena, eremu publikoaren urbanizazioa eta tratamendua, eremu publikoen sarbidea eta erabilera.

  6. Hiri-inguruen irudia berriz sailkatzea eta hobetzea, udaleko plangintzetan aurreikusitako hirigintza-eraldaketatik eratorritako aukerak aprobetxatuz; hau da, hiriaren irudia hobetuz eta ibaien baliabideak, kostako lerroa, errepideak, sarbideak, eremu publikoak eta abar hobetuz degradatutako eremu hauetan:

    1. Zarautzen: Hegoaldea inguruan eta Salberdinen.

    2. Zumaian: Ardantza inguruan (San Telmoko eta Arritokietako ermiten arteko ibarbidea), Torreaga ingurua (Euskotren-eko geltokiaren, saihesbidearen eta Urola itsasadarraren artean), Axularren zabalgunearen hegoaldean (Narrondo itsasadarraren ezkerreko itsasertzean), Narrondo inguruan (GI-631 errepidean zehar eta Narrondo errekastoan) eta Basusta inguruan (Estación industrialdearen ondoan).

    3. Orion: Mutiozabal inguruan eta Dike inguruan (hirigunearen sarreran, N-634 errepidearen eta ibaiaren artean)

    4. Zestoan: Urola ibairantz doan erdiguneko fatxada eta Arroa Bekoako erdigunea.

    5. Aian: Andatzako erdigunea:

    6. Azpeitian: Landeta-Amue ingurua.

    7. Azkoitian: Intsausti ingurua.

  7. Balioa ematea paisaiaren funts eszenikoei eta gune gogoangarrienei. Mugatu egingo dira ikuspegiak eragozten dituzten erabilerak eta eraikuntzak, edota paisaia berezien elementuak hautematea eragozten dutenak.

  1. Inguru naturalaren eta landatarraren artean trantsizio harmoniatsua ahalbidetzen duten, eta, era berean, inguru horien izaera eta nortasuna bultzatzen duten hiriguneetako sarbideak egituratzea.

    1. Azkoitiko sarbidea Elgoibarko errepidetik sartzea, Azkarateko gainaldetik (GI-2634). Horretarako, erabilera desegokiak kendu edo integratuko dira, eta ezpondak, landareak eta Katuin ibaiko ingurua tratatzeko baldintzak hobetuko dira.

    2. Azpeitirako sarbidea kostatik integratzea GI-631 errepidearen bidez. Urola ibaiaren ibilguarekiko lotura hobetuko da, baita magaletako landare eta zuhaitzen tratamendua edota Enparanaldeko errotonda eta Landetarako zuzenean ere.

  2. Eraikuntzen okupazio- eta tipologia-irizpideak ezartzea, baita paisaiaren integrazioa ere, bideko ardatzei lotuta.

    1. Zarautzeko erdiguneko sarbidearen irudia hobetzea A-8 autopistatik.

    2. Zumaiako hegoaldeko sarbidearen irudia hobetzea N-634 errepidearen bidez.

    3. Azpeitirako sarbideen irudia hobetzea. Antzibarrena industrialdeko ertzak eta zeharbidearen (Landetako industrialdetik) irudia berriz kualifikatuko da.

    4. Azkoitiko sarbidearen inguruko ertza hobetzea GI-631 errepidetik.

  3. Urbanizatzeko kalitatea hobetzea eta hiri-inguruan espazioaren jarraitutasuna ahalbidetzea, sarbideak eta erdiguneak parkeen, plazen, oinezkoen bideen, txirrindularien bideen eta beste eremu publikoen sarearekin lotu ahal izateko, hiriko paisaian beharrezkoa den espazio- eta gizarte-jarraitutasuna aintzat hartuta:

    1. Zumaiarako sarbidearen irudia hobetzea kostako N-634 errepidearen tartean, Santiago hondartzaren parean. Sarbideak hobetuko dira, Zuloaga museoaren ingurua integratuz eta Artadiko sarbideko errepidearen ondoan dagoen eraikinari balioa emanez.

      N-634 errepidearen integrazioa hobetzea Getariako erdigunearen parean.

  4. Udal-ordenantzak idaztea publizitate-errotuluak diseinatzea, ezartzea eta/edo kentzea arautzeko erdiguneetako sarreretako ibilgailuentzako bideen inguruan eta hiri-inguruetan. Irizpideak mankomunitatean hartuko dira lehentasunez, eremu funtzionalean nolabaiteko batasuna ezartzeko erdiguneetako sarbideen tratamenduan.

  5. Egungo hiri inguruko tarteetan hiri eta paisaien integrazioa ahalbidetzea. Hala, urbanizazioaren baldintzak eta diseinua hobetuko dira, baita landare eta zuhaitzen tratamendua ere, herriko saihesbide berriak egin ondoren.

    1. Egungo N-634 errepidearen integrazioa hobetzea Zarautzeko erdigunean (Nafarroa kalean).

    2. Zumaiako hiriko zeharbidera bideratu duten bideen integrazioa hobetzea (Axular ibiltokia eta Pakita Etxezarreta kalea).

    3. Orioko sarbidearen irudia eta baldintzak hobetzea N-634 errepidearen bidez.

    4. Zestoan eta Arroan hiriko zeharbideetako diseinuaren irudia eta baldintzak hobetzea.

    5. Bulebar bihurtzea GI-631 errepidea Azpeitia eta Azkoitia artean.

  6. Irizpide hauek ezartzea erdiguneetako sarreren diseinua inplementatzeko:

    1. inguruko elementu berezien diseinua integratzea: zuhaitzak, landareak, zoladuren tratamendua eta abar.

    2. Berezko izaera eta izaera ezberdina ematea inguruko paisaiei. Lehentasuna emango zaio lotura positiboak dituen paisaia berria sortzeari.

  1. Egungo errepideetan ingurumena eta paisaiaren integrazioa hobetzea xede duten neurrien garrantzia pixkanaka areagotzea azpiegitura berrien eraikuntzei dagokienez.

  2. Bide eta trenbideetako azpiegiturak paisaian hobeto integratzea bultzatzea, bai eraikuntza berriena, bai egungo eraikuntzena. Horretarako, kontuan hartuko dira alderdi hauek:

    1. Trazatua igarotzen den paisaiaren ezaugarrietara egokitzea. Arreta berezia jarriko da Paisaiaren Interes Bereziko Eremuetan.

    2. Zeharkako iragazkortasuna ahalbidetzea ikuspegiei eta ekologiari dagokienez, baita tunelekin eta tunel faltsuekin, goi- nahiz behe-pasabideekin eta bestelakoekiko lotura fisikoei dagokienez ere.

    3. Arreta berezia jartzea landare eta zuhaitzen tratamenduan: landare-pantailak, basoak, eta zuhaizti nahiz zuhaitzak jartzea, espezieak dibertsifikatzea, medianak basoberritzea, espezie autoktonoei lehentasuna ematea, landareak zaintzea eta mantentzea eta abar.

    4. Azpiegiturekin loturiko eraikuntza-elementuen integrazioa zaintzea: hormak, tunelen ahoak, hesiak eta itxiturak, soinu-pantailak, kolore mimetikoak dituen gunitatuaren pigmentazioa, biadukturen behealdeen tratamendua, errotondak, atseden-guneak, zerbitzuguneak eta abar.

    5. Bideko eta zerbitzuguneetako azpiegiturekin loturiko eraikinen paisaia integratzea, bai egungoak, bai eraikuntza berriak.

  3. Errepide-sareak lurraldearen pertzepziorako eta eremu funtzionalaren paisaia ezagutzeko ibilbide gisa duen eginkizuna indartzea.

    1. Ibilbideak, eta, ahal bada, sareak, identifikatzea. Horietan, abiadura ez da lehentasunezko eragilea, eta paisaiaren pertzepziorako eta identifikaziorako eginkizuna nabarmentzen da.

    2. Hobetzea errepidearen irakurgarritasuna eta erabiltzailearen pertzepzio-esparrua: seinaleak, ertzen tratamendua, abiadura eta bide-segurtasuna.

    3. Errepidean, ekipamendu egokia jartzea, ezaugarri eszenikoak eta interpretatzaileak sendotzeko: behatokiak, atsedenguneak, paisaia integratzeko elementuak eta abar.

    4. Bereziki zaintzea errepide horiek paisaian integratzea. Eginkizunak kontuan hartuko dira, baita errepidetik ikusten den paisaia ere.

  4. Hautemandako paisaia hobetzea komunikazio-ardatz nagusietatik. Hainbat jarduera egingo dira; besteak beste, zuhaitzak eta landare-pantailak jartzea, ortu isolatuak antolatzea eta elementu degradatzaileak kentzea edo ezkutatzea (erabiltzen ez diren eraikinak, hondakin- eta material-pilaketak...). Esku hartzeko beharra zuten esparru hauek identifikatu dira: A-8 autopistatik ikusten den Zarautzeko hiri-inguruko paisaia; Euskotreneko trenbidetik eremu funtzionalean zehar ikusten den paisaia; GI-631 errepidearen ingurua Urola Kostako egitura-ardatz nagusi gisa, eta kosta eta barnealdeko lotura gisa; GI-3710 errepidearen ingurua, Santioerreka ibarra (Aia) zeharkatzen duena; Azpeitia-Lasao tren turistikoaren ibilbide-ingurua, eta GI-2634 errepidearen ertzak, batez ere Azkarateko tunelaren inguruan (Azkoitian).

  5. Aireko azpiegiturek pasaian duten inpaktua gutxiagotzea (hala nola linea elektrikoak eta telefonikoak). Horretarako, behar izanez gero, garraio azpiegiturek zehaztutako trazatuen erabilera bultzatuko da edo, hori ezinezkoa denean, dagokien tresna sektorialen araberako korridoreetan sailkatuko dira.

  6. Antena igorleen eta kablerik gabeko seinaleen errepikagailuen inpaktua gutxiagotzea ikuspegi-arroetan, hondoetan edo mugarri adierazgarrietan. Horretarako, behar izanez gero, horiek pilatzea bultzatuko da. Era berean, antenen eta kontrol eraikinen tratamendu estetikoa ziurtatuko da, ikuspegi-hondoetan hobeto integratzeko.

  1. Poligonoen eta sendotutako industria-ezarpen irudiak hobetzeko politika sistematikoa garatzea, Urola Kostako paisaiako eragin nagusietako bat baita. Lehentasunezko alderdi hauek jorratuko dira: ibai-ibilguekiko eta hirigunetako sarbideekiko integrazioa hobetzea; hiriko ertz erakargarrienetako bat egituratzea; eremu publikoaren nahiz argiztatzearen mantenimendua eta kontserbazioa hobetzea; lorategiak hobetzea eta zuhaitz gehiago jartzea; eraikuntzen irudia eta kontserbazio-egoera zaintzea eta abar. Jarduera horiek eraginkorrak izateko, beharrezkoa da industria-egituren berrikuntza hiritarraren politika integralean sartzea, haren bizitza-zikloa handitzeko. Zehazki, jarraian adierazitako herri hauek dira esku-hartzea behar dutenak: Abendaño eta Errotaberriko (Zarautz) alde kontsolidatua; Estación, Xey, Guascor eta GKN industrialdeko (Zumaia) ertzak; Ubegun eta Orio itsasertzeko itsasadarraren ondoan eta Santioerreka ibarrean (Zestoa) zehar dauden ezarpenak; Nagusikoa, Estación, Agote eta Sansinenea Erreka (Zestoa); Aizarnazabal inguruko industrialdeak (Txiriboga, Erribera, Etxezarreta); Anardi, Antzibarrena eta Landeta (Azpeitia) eta San Juan, GSB Acero, Umantsoro eta Industrialdea (Azkoitia).

  2. Portuen irudia hobetzea, baita hiriko egituraren integrazioa ere. Hona hemen identifikatutako jarduera garrantzitsuenak: Getariko portua; Orioko Arrantzaren Kofradia zaharraren ingurua; «Arenas Aizpurua» enpresaren zamatzeko tokia kentzea, eta Orioko portua.

  3. Hiriko erdiguneen hazkuntza sendoari bide ematea. Lehentasuna emango zaio dagoeneko urbanizatuta dauden eremuak lohiz betetzeari eta optimizatzeari, baita egungo egiturarekin jarraitzeko jarduera ekonomikoen eremuak ezartzeari ere.

  4. Paisaia aldetik ahultasun handieneko eremuetan jarduera ekonomikoak izango dituzten lurzoru berriak jartzea saihestuko da: ikuspegi-esposizio handiko zonak, paisaia-balio handiko nekazaritza-guneak, atzealde eszenikoak eta abar.

  5. Hirigintzako udal-plangintzaren arloan, eta urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuetan, jarduera ekonomikoen eremu berrien paisaiak integratzea. Horretarako, honako hauek kontuan hartuko dira:

    1. Lurren mugimendua murriztea, lurzoruko topografiara egokituta.

    2. Harmonizatzeko, testuinguruan jartzeko, ezkutatzeko eta mimetizatzeko estrategiak erabiltzea, diseinu-irizpide gisa.

    3. Ezarpen berrien neurria eta bolumena sartzen diren paisaiaren inguruko ezaugarrietara egokitzea.

    4. Inguruaren kromatismoa errespetatzea, bai inguru naturala, bai nekazaritzarena edo inguru hiritarrarena ere, bosgarren fatxada gisa estalkiak jartzeko gogoeta barne.

    5. Paisaiaren Katalogoan jasotako espazio naturalen antolamendua integratzea.

    6. Bide publikoen sareen antolamendua integratzea, nagusiki dokumentu honen artikuluan sartutakoak, paisaiaren behatoki eta ibilbideen sareari dagokionez.

    7. Antolamenduan, kultura-arloan interesa duten elementuak sartzea, bereziki, Paisaiaren Katalogoan sartutakoak.

    8. Antolamenduan, dokumentu honen inguruan definitutako funts eszenikoak errespetatzea.

    9. Argiztatze-tratamendu xumea eta intentsitate gutxikoa. Kutsadura hori saihestuko da, bereziki, landa-inguruarekin edo inguru naturalarekin muga egiten duten zonetan.

  6. Sinergiak bilatzea Katalogo honetan eta industria-paisaien katalogoan proposatutako industria-paisaia hobetzeko lineen artean; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eginbidean dituenak.

  1. Hiriko paisaian finkatutako eremu libreak berreskuratzea eta balioa ematea. Lehentasuna emango zaio horien arteko loturari, kalitateko eremu libreen sarea edo sistema sortzeko. Hala, erabiltzen ez diren eremuak urbanizatzeko, landareak eta zuhaitzak ezartzeko eta lehengoratzeko baldintzak hobetuko dira. Eremu hauek nabarmentzen dira: San Anton (Getaria) mendiko eremu publikoak eta Zarautzeko, Getariako, Zumaiako, Orioko, Zestoako, Azpeitiko eta Azkoitiko erdiguneak.

  2. Eraikuntzarik, patiorik, terrazarik eta balkoirik gabeko eremu pribatuen zonak hobetzea eta mantentzea. Horretarako, hainbat ekimen bultzatuko dira lursailaren mugetan lorategien eta zuhaitzen tratamendua hobetzeko eta abar.

  3. Parke eta ereu publikoen sare berriak sortzeko ekimenak bultzatzea. Sare horiek eragina izango dute udalerrian edo eskualdean, eta sustatu egingo da balio ekologikoa, historikoa eta sinbolikoa duten elementuen babesa eta kontserbazioa.

  4. Hirigintza-proiektuetan, kalitateko irizpideak sartzea urbanizazio-proiektuetan. Hartara, eraikitako elementuak eta urbanizazio-elementu osagarriak integratzeko irizpideak ezarriko dira.

  5. Herriko erdigune nagusietan argi-kutsadura murriztea xede duten neurriak aztertzea eta ezartzea, gaueko argiztatze egokia bateragarria izan dadin biodibertsitatean izandako eraginarekin, energiaren kontsumoarekin, eta paisaia-pertzepzioarekin nahiz ordutegi horretako zeruko ikuspegiarekin.

  1. Ibai-ibilguen, urtegien eta urmaelen nahiz ondoko eragin-eremuaren lehentasunezko kontserbazioa bultzatzea, interesgarriak baitira ibaiaren ibilgu osoan lotura ekologikoak diren heinean, eta paisaian balioa duten heinean. Zehazki, bermatu egingo da ibai eta erreken ertzetako landaredia kontserbatzea, baita landaredia berreskuratzea ere.

  2. Ibilguak ingurumenaren eta uren kalitate ekologikoaren aldetik berreskuratzea, eraginak lehengoratzea ibilguak babesteko igarotze zorrean dauden eraikuntzak eta elementu degradatzaileak deuseztatuz, eta ibaietan urak gainezka egiteko arriskuaren mailarekin bateragarriak diren erabilerak gauzatuz. Puntualki, aztertu egingo da estalitako ibai-ibilguak lehengoratzea eta inguruan integratzea bideragarria ote den. Kontuan hartuko dira EAEko Ibai-ertzak eta Erreka-ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean jasotako eremuak.

  3. Ibai-ibilguetako ibaiertzekin eta ur-laminekin loturiko bideak eta ibilbideak sortzea eta/edo hobetzea, ibai-inguruak zabaltzeko, babesteko eta birsortzeko jarduerak ahalbidetzeko.

  4. Ibai-elementuen eta hirigintza-garapen berrien arteko igarobide libreen eremuak gordetzea. Era berean, zaindu egingo da hirigintza-antolamenduak arreta berezia izatea eraikitako frenteen osaerak tratatzean. Era berean, garapen berriek hiriko erdigunearen eta uraren frentearen arteko ikusgarritasuna ahalbidetuko dute.

  5. Lurraldeko arrisku natural nagusiak murriztea, garrantzi berezia emanez higadura-prozesuen kontrolari eta murrizketari. Behar bezala arautuko dira lurzoruaren erabilerak urak gainezka egin dezakeen eremuetan, eta akuiferoak dituzten eremuetan.

  1. Lurraldearen berezko sistema naturalak mantentzea eta lehengoratzea, baita kudeaketa eraginkorra ere, sistema horien paisaia-kalitate egokia lortu ahal izateko.

  2. Lurzorua babesteko neurriak aplikatzea, eremu horien jarraitutasun naturala, lotura eta berezitasun naturalen babesa bermatzeko. Era berean, balio ezin hobeak dituztelako, paisaiaren interes bereziko eremuetan lehendik zeuden landareak eta zuhaitzak mantentzea, eta, gauzatuko den jarduerarekin bateragarria izan ezin bada, konpentsatzeko neurriak ezartzea.

  3. Paisaiaren balio ekologiko eta estetikoen identifikazioa eta ezagutza bultzatzea. Lurralde-orekaren baldintzetan sarbide publikoaren sustapena eta orientazioa bultzatuko da.

  4. Paisaia naturalean, berezkoak ez diren elementuak sartzea. Hala, harrera-gaitasunarekin bateraezinak diren jarduerengatik degradatuta dauden inguru naturaleko elementuak eta prozesuak hobetuko dira.

  5. Paisaiaren baldintza eta elementu baliotsuenak mantenduko dira, eta balioa emango zaie, garapen ekonomiko eta sozialaren nahiz populazioaren bizi-kalitatea hobetzeko eskaeren bidez. Zehazki, Pagoetako parke naturalaren inguruetan egiten diren jarduerak errotik kentzea eta prebenitzea xede duten, eta paisaian eragin handia dakarten neurriak ezarriko dira (materialen biltegiak eta horiei loturiko ibilgailuentzako pasabideak).

  6. Ondare natural geologiko eta geomorfologiko garrantzitsuena babestea eta mantentzea.

  1. Itsasertzeko paisaia babestea zehaztasunen arabera. Elementu bereziak babestuko dira (hondartzak, itsaslabarrak, lurmuturrak, muinoak eta abar), eta eremu horietan berezkoak ez diren elementuak edo jarduerak mugatuko dira. Era berean, tartekatu egingo da baliabide produktiboak, eta turismo- nahiz aisialdi-baliabideen ustiaketa. Zehazki, itsasertzeko eremuak zaintzea eta babestea: Ubiriko eta Orrua eta Planeixa inguruko (Zarautz-Getaria) badiak. Horrez gain, eremu horien mantenimendua, garbitasuna, itsasorako sarbideen hobekuntza eta Orruako arrain-haztegietako isurien kontrola egingo da.

  2. Hondartza inguruen paisaia babestea eta hobetzea sustatuko da. Horretarako, erabilerak eta jarduerak antolatuko dira, eta saihestu egingo da ikuspegi-eragin negatiboa duten elementuak egotea (antenak, publizitatea, eraikuntza isolatu berriak, egoera txarrean dauden eraikinak eta instalazioak...) eta bereziki zainduta hurbil dagoen eremuaren diseinua eta mantenimendua.

  3. Espazio naturalekin kontaktuan dauden hondartzen dinamika naturala ahalbidetzea, eta urbanizazio eta azpiegituren ondorioz gertatzen diren paisaiak (duna-paisaiak...) babestuz.

  4. Presio mota antropiko (deforestazioa, gehiegizko artzaintza...) eta/edo naturalen (higadura, suteak...) ondorioz landaredia-estalkia galdu den itsasertzeko eremuetan, landaredia lehengoratzea; zehazki, Itsasertzeko SLPen identifikatutako eremuetan: Urgull mendian (Getarian), Mendizorrotz itsaslabarretan eta Argiti mendian (Donostiaren eta Orioren artean).

  5. Kostako ibilbideak ibilbide eta behatokien sarean sartzea, oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko egokituta eta seinaleztatuta. Oinarrizko elementu gisa sartuko dira, itsasertzeko paisaia hautemateko. Horretarako, bertako elementuak, errondako bideak eta hiriko ibilbideak integratuko dira.

  1. Landa-inguruko kokapenetan dauden garapen berriek landa-inguruko kokapenen egungo morfologian ez dagoen elementu linealik ez sartzea. Hirigintza-garapenen tratamendu egokia sustatzea eta bermatzea. Lehentasuna emango zaio horiek lehendik zeuden eraikinen izaerara egokitzeari, betiere morfologiari, bolumenari eta materialei dagokienez.

    1. Beizamako, Errezilgo eta Aizarnako erdiguneetako paisaiaren integrazioa babestea eta hobetzea.

    2. 23 HJE Elkano, 5 HJE Auzokalte Gain eta 24 Urdaneta (Aian) bizitegi-eremuen garapen berriaren paisaia-integrazio egokia bermatzea.

  2. Urola Kostako lurralde-plan partzialaren lurraldean sartzeko erdigune gisa identifikatutako landa-inguruko kokapenen ahalmenak garatzea. Kudeaketa proaktiboaren bidez, eremu naturalei loturiko jardueren eta horiei loturiko zerbitzuen erdigune funtzioa izango dute, sarbideak hobetzeko, zerbitzuak bermatzeko eta ekipamenduak hobetzeko.

  3. Lurzoru ez-urbanizagarrian ezarriko diren eta eraikuntza eskatzen duten beste jarduera batzuen kokalekua justifikatzea. Horretarako, ahalik eta integrazio handiena bermatuko da ezarpenerako.

  4. Baserrien eraikuntza-tipologia mantentzea. Gomendatzen da azterlan bat egitea Urola Kosta osoan. Hala, baserrien azterketa tipologia egingo litzateke, dagozkion udal-plangintzetarako edo txosten teknikoetarako irizpideak ezartzeko.

  5. Landa-inguruan dauden eraikuntza landatar tradizionalen eraikinak lehengoratzea eta balioa ematea.

  6. Dagoeneko dauden eraikinak zaintzea, berrabiltzea edo birgaitzea landa-paisaiarekin loturiko eremuetan ekipamenduak edo bestelako azpiegiturak instalatzeko irizpide gisa, lurzoru ez urbanizagarrian ahalik eta egitura berri gutxienak eraikitzeko.

  7. Nekazaritza-erabilera duten baina dagoeneko eginkizuna galdu duten eta lehengoratzea bideraezin samarra duten eraikinak hobetzeko eta balioa emateko programa pilotuen garapena bultzatzea. Erabilera eta eginkizun berriak emango zaizkie (abeletxe eskolak, ingurumen-hezkuntzako eremuak, nekazaritza-turismoak eta abar).

  1. Paisaian eta lurraldean integratutako ustiaketa-ereduen alde egitea.

  2. Landa-inguruko lurzoruaren mantenimendua ahalbidetzea. Era berean, ustiaketa-bideak baserriari loturiko aisialdirako ortu gisa.

  3. Nekazaritza-paisaiaren egiturazko elementutzat jotzea topografiak eta laborantza-lurren eta lursailen arteko landarediak sortutako bideak, drainatze naturalen sareak eta ureztatzeko kanalak. Heskaiak, bordak, harrizko artegiak eta hormak, zuhaitz-lerro sinpleak eta erabilerari lotuta dauden paisaiaren gainerako elementuak kontserbatzen eta lehengoratzen ahaleginduko dira.

  4. Pinu, eukalipto edo bestelako espezieen monolaborantzako basogintza ustiaketak mugatzeko aukera aztertzea. Zona jakin batzuetan erdigune hiritarren edo herriko kokagune nagusien babesgune-eremuetan, paisaiaren interes bereziko eremuetan (balio ezin hobeak dituztelako) eta abar espazio autoktonoak erabiltzeko betebeharra ezarriko da.

  5. Nekazaritza eta basogintzaren paisaia mosaikoen eta nekazaritza-paisaien pertzepzioa sustatzea, eta bide-sarea hobetzea. Ibilbide turistiko gisa seinaleztatu eta aprobetxatuko dira.

  1. Aktiboki sustatzea Urola Kostako elementu historiko, sinboliko eta identitarioen babesa, zaintza, berreskuratzea eta balioa ematea. Arreta berezia emango zaie egoera ahulenean daudenei, eta berriz erabiltzea sustatuko da babesteko oinarri gisa. Elementu hauek identifikatu dira beharrizan gehien dituzten eremu gisa:

    1. Beduako (Zestoa) ibaiertzeko ontziolak eta Orio.

    2. Getariako eta Orioko arrantza-kofradiak.

    3. Zumaiako eta Getariako itsasargiak.

    4. Lili (Zestoa) eta Narros (Zarautz) jauregiak.

    5. «Nueva cerámica de Orio» industria-eraikina eta Sarikola (Orio) alpargata-lantegi zaharra.

    6. Urolako trenbide zaharrean erabiltzen ez diren geltokiak (Zestoako bainuetxea, Zestoa, Arroa, Iraeta Zestoan, eta Aizpurutzo eta Olozaga, Azkoitian). Denak batera hartuko dira kontuan, eta horien guztien egitura aztertuko da (oinezko eta txirrindularientzako ardatza), baita aisialdiari eta turismoari loturiko ahalmena ere.

    7. Kulturan interes berezia duten zubien ingurua; garrantzitsua da Oikiako zubi inguruan esku-hartzea beharrezkoa delako, Urola ibaiaren gainean.

    8. Azpeitiko alde zaharra.

    9. Molino Errota (Altuna baserrian), Urrestillan (Azpeitian).

  2. Katalogoan identifikatutako ondarearen hainbat elementuren paisaiaren integrazioa sustatzea (06 mapa, balio historikoak eta 08 mapa, balio sinbolikoak eta identitarioak). Hobetu egingo da inguru hurbileneko egokitzapena (eremu libreak, sarbideak, landaredia, zuhaitzak...), begi-lerroaren ingurua eta paisaia-balioa sustatzeko.

  3. Katalogoan identifikatutako hainbat elementu historiko, sinboliko eta identitario identifikatzea eta seinaleztatzea, eta ibilbide eta behatokien sarearekin lotzea.

  4. Ondarea zabaltzea eta interpretatzea xede duten eta gaur egun nahiz historiaren beste aldi batzuetan sartzen diren paisaiarekin lotura duten ekintzak gauzatzea. Helburua da lotura horrek denboran zehar izan duen bilakaera ezagutzea.

  1. Hiriko hondakinak kudeatzea xede duten eremuetako paisaiaren eragina gutxiagotzeko neurriak definitzea eta ezartzea (hondakindegiak, konposta egiteko instalazioak, transferentzia-estazioak, garbiguneak eta abar) bizitza erabilgarrian. Haren eginkizunarekin bateragarria izango da: landareak lautzea, sarbideak paisaian integratzea eta abar.

    1. Inurritzako (Zarautz), Basustako (Zumaia) eta Lasaoko Badiolegiko (Azpeitia) Hondakin-uren Araztegien paisaiaren integrazioa hobetzea.

    2. Inurritzako (Zarautz) Hondakin-uren Araztegiaren funtzionaltasuna hobetzeko eta bertako biotopo babestuaren paisaia-inpaktua gutxitzeko aukerak aztertzea. Beharrezkoa izanez gero, hori naturagune babestutik atera eta lekuz aldatzea aztertuko da.

  2. Paisaia eta hasierako paisaien balioak hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatzea, hondakinak kudeatzeko azpiegituren bizitza erabilgarria amaitu ostean. Erabilera publikoarekin bateragarria izango da.

    1. Urtetako (Zarautz) eta Lapatxeko (Azpeitia) hondakindegiko ingurumena eta paisaia berreskuratzea bizitza erabilgarria amaitu ostean.

    2. Egino Berriko (Azkoitia) industria-hondakinen hondakindegiko ingurumena eta paisaia lehengoratzea, aurreikusitako industria-erabilerekin bateragarria izateko.

  3. Etorkizunean hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko proposa daitekeen edozein azpiegitura berrik paisaian duen eragina murriztea.

  4. Sistiagako harrobiak (Azpeitia) ustiaketa-aldian paisaian izan duen eragina murrizteko aukerak aztertzea. Hartara, aukera posibleak aztertuko dira: aurrealdeak zati batean berreskuratzea, tximinian edo lurpean ustiatzeko bateragarritasuna, eta abar.

  5. Erabiltzen ez diren erauzteko eremuetan ingurumena eta paisaia berreskuratzea sustatzea. Lehentasun hauek ezartzea proposatu da:

    1. Osinbeltz harrobia (Zestoa), lehentasunez jardutea neurriagatik, kokaguneagatik eta ikusgarritasunagatik, baita Zestoako hiri-inguruko eremuko AEIPen integratzeko ere.

    2. Ikusgarritasun handiko harrobiak, errepide nagusien ondoan eta hiri-inguruetako sarbideen ondoan daudelako. Eskusta (Azpeitia), Osinbeltz (Zestoa) eta Artzalluz (Errezil) harrobien aurrean dagoen harrobia.

    3. Eragin txikiagoa duten eta erabiltzen ez diren beste harrobi batzuk: Alberdi eta Agote (Zestoa); Urkulu (Beizama) edo Muitza baserriaren (Aizanazabal) ondoan dauden harrobiak.

  6. Aranaga harrobiaren (Azkoitian) inguruari balioa ematea, inguruko irudiaren hobekuntza eta ahalmenen sustapena bateragarri egiteko.

  7. Harrobi berrien paisaia ahalik eta ondoena integratzen dela bermatzea.

  1. Oinez edo ibilgailuaren bidez iristeko ibilbideen sarea egituratzen eta mantentzen dela babestea. Horretarako, gaur egun Urola Kostako Paisaiaren Katalogoan identifikatutakoak sustatuko dira, eta ibilbide berriak aurreikusiko dira.

    1. Zarautz eta Getaria artean, Zumairaino N-634 errepidearen ertzean dagoen oinezkoen pasealekua jarraitzea, eta bizikletetarako ardatza sortzea kostako zerrendan (Gipuzkoako Txirrindularientzako Bideen SLPean jasotzen den bezala).

    2. Talaia Ibilbideko kostako ibilbideari jarraipena ematea, Hondarribia eta Mutriku artean itsasertzeko bidea egituratzeko.

    3. Zarautz, Getaria eta Zumaiako hiriguneetan zehar bizikletaz ibiltzeko ardatzak egitea. Horiek jarraipena emango diote Bizikleta Bideen SLPean aurreikusitako sareari.

    4. Orioren artean oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbidea egitea, Usurbilerako norabidean, Oria ibaiaren ertzei jarraikiz, Gipuzkoako Txirrindularien Bideen SLPean aurreikusten den bezala.

    5. Motorrik gabeko ibilbidea sortzeko aukera aztertzea. Ibilbide horrek Andatza erdigunea Oria itsasadarrarekin lotuko du. Oinezko eta txirrindularientzako ardatza egitea Urolaren ardatzean zehar, Gipuzkoako Txirrindularien Bideen SLPk (Urola haraneko I-5 ibilbidea) aurreikusten duen bezala. Hala, jarraipena emango zaie dagoeneko Urolako trenbide zaharraren trazatu gainean egokitutako tarteei.

    6. Urolako haran nagusian zehar, oinezko eta txirrindularientzako ardatza egitea. Hala, Azpeitia eta Azkoitia lotuko dira Urola haraneko I-5 ibilbidearen baitan (Gipuzkoako Txirrindularien Bideen SLPean aurreikusita dago).

    7. Zarautzen lur orotako bizikleten zentroa sortzea, Euskadiko BTTen zentroen sarean sartuta.

    8. Ibilbide alternatiboa eta Ibilbide Laburra (PR) PR-GI-153 bideari loturikoa sortzea. Hala, ibilbidean zehar, Altzola eta Aizkibel behatokien sarbidea izango da, eta «Pagoetako tejo» gisa sailkatutako zuhaitz berezia identifikatuko da.

    9. Oinezko eta txirrindularientzako ardatza sortzea, Zumaiako hiriguneko berdeguneak lotzeko: Talaimendiko behealdetik, Urola itsasadarraren eta Narrondoko itsasadarraren ertzetik jarraituta. Horretarako, Narrondoko zonarekin lotuko da, Estación industrialdetik igaroz Santiagoko arenalarekin lotu arte.

    10. Ibilbide Luzea (GR) GR-121 errepidean, Donejakue Bidean eta PR-GI-159 errepidean oinarritutako ibilbidea sustatzea, eta San Martíneko eta Kukuarri-Itxaspeko paisaiaren interes bereziko eremuak lotzea A-8 autopistan San Martín trintxeraren gaineko oinezkoen pasabidearen bidez.

    11. Aizarnazabaletik Iraetarako oinezkoen bidea berreskuratzea. Aztertu egingo da Urola ibaiko ezkerraldeko ertzetik ibai-pasealeku bat egitea.

    12. Ibilbide berriak garatzea Altzolarats eta Granada erreka arroen zehar dagoen sarea osatzeko. Ertzetan, Aizarna eta Erdoizta lurraldeetara sartzeko guneen ertzetan izango ditu euskarriak.

    1. Beizamako errekastoaren ondoko bideak (Urkulu harrobiak eten dituenak) lehengoratzea.

  2. Behatokien identifikazioa eta egokitzapena babestea, eta Katalogoan identifikatutako egungoak sendotuz. Saihestu egingo da hurbil dauden elementuak jartzea; hau da, ikus-eremuan eragin negatiboa dutenak.

    1. Paisaia ikusgarria dela hautematen diren lekuak eta motordun ibilbideekin lotuta dauden lekuak identifikatzea.

    2. Informazioa emateko elementu baten bidez identifikatzea motordun ibilbideekin loturiko behatoki hauek: Elosiaga behatokia (GI-3740), Elosua behatokia (GI-3750), Arrietamendi behatokia (GI-3172), Azkarate behatokia (GI-3321), Olaso behatokia (GI-3174) eta Urrategi behatokia (GI-3173).

    3. Informazio-elementu baten bidez identifikatzea Illaungo eta Santa Agedako behatokiak; hain zuzen, GR-34 eta GR-35 ibilbideekin loturikoak.

    4. Balioa ematea Vista Alegreko (Zarautz) errotondaren inguruari eta inguru horretan dagoen dorrearen eraikinari.

  3. Lankidetza-hitzarmenak jorratzea arlo honetako eragileen artean; adibidez: Donejakue Bidea (Eusko Jaurlaritza); Talaia Ibilbidea (Gipuzkoako Foru Aldundia); PRak eta GRak (Aldundia eta Mendi Federazioa), estrategiak, irizpideak eta ekintzak homologatzeko eta bateratzeko asmoz.

  4. Katalogoan identifikatutako behatokien eta ibilbideen sarea eremu funtzionaleko estrategia turistikoetan sartzea, paisaiaren pertzepzioa lehentasunezko baliabide turistiko gisa sustatzeko. Estrategia hori ekintza hauen bidez osatzea:

    1. Ibilbideen saretik Jatorrizko Izendapena duen Getariako Txakolinaren mahatsa ekoiztea xede duen atlantiar isurialdeko landazabaleko paisaiaren identifikazioa eta pertzepzioa sustatzea.

    2. Monumentu multzo izendatutako Donejakueko bidea sustatzea, kostako ibilbidea egituratzeko. Behar bezala seinaleztatuta egongo da, beharrezkoak diren ekipamenduak izango ditu, eta paisaiako eta historiako balio nagusiei nahiz baliabide turistikoei lotuta egongo da: itsasertzeko fatxada, hondartzak, Getariko erdigune historikoak, Zarautz, Zumaia, Orio, eremu babestuak eta abar.

    3. GR-121 ibilbidearekin (Getariaren parean) loturiko seinaleen bidez identifikatzea «Getariako artelatz» gisa sailkatutako zuhaitz berezia.

    4. PR GI-141 ibilbidearekin loturiko seinaleen bidez identifikatzea zer lekutatik ikus daitekeen «Azpiazuko arte» gisa sailkatutako zuhaitz bereziaren ingurua.

  5. Saihestea bidearen ertzeko berezko elementuak galtzea dakarren sarea hobetzeko obrak; adibidez, harrizko hormak, hesi biziak, mugarriak, zuhaitz bereziak, eta abar.

  6. Seinaleztatutako ibilbideen erabilerak dinamizatzeko ekintzen garapena sustatzea, paisaia gozatu ahal izateko eta lurraldea ezagutu ahal izateko.

  1. Hirigintza-antolamenduko tresnen bidez babestea leku hauen gune eta funts eszenikoak: San Anton, Santa Barbara-Garate-Azkizu, Talaimendi, Kukuarri, Endoiamendi, Sañu-Etumeta, Pagoeta, Indamendi-Txatxarromendi, Izarraitz, Irukurutzeta eta Samiño, Santa Engrazi, Sañu-Etumeta, Ernio-Gazume, Maramendi-Illaun-Urraki. Era berean, Gatzumen aurreikusitako parke eolikoaren paisaia ahalik eta ondoena integratzea bermatuko da.

  2. Jarduera horiek hiriguneetan eta lurraldeko beste ezarpen batzuetan izan dezaketen eragina ebaluatzea gune eta funts eszenikoen pertzepzioari dagokionez. San Anton, Santa Barbara-Garate-Azkizu, Talaimendi, Kukuarri, Endoiamendi, Sañu-Etumeta, Pagoeta, Indamendi-Txatxarromendi, Izarraitz, Irukurutzeta eta Samiño, Santa Engrazi, Sañu-Etumeta, Ernio-Gazume, Maramendi-Illaun-Urraki.

  3. Eraikuntzen edo azpiegituren ondorioz hondatutako funts eszenikoak eta guneak lehengoratzea sustatzea.

  4. Hainbat aukera aintzat hartzea lurzoruko, mendizerretako eta itsaslabarretako elementu nagusien gainean eraikinik egin ez dadin.

  1. Lankidetza sustatzea Urola Kostako paisaian eragina duten politiken administrazioko hainbat arduradunen artean (naturaren, nekazaritzaren, basoaren, industriaren, landa-garapenaren, erauzteko jardueraren, turismoaren, garraioaren, telekomunikazioen, energiaren, hondakinen, kulturaren, hezkuntzaren eta ondarearen) paisaiaren zehaztapen hauetan jasotako paisaiaren kalitate-helburuak lortzea xede duten jarduerak gauzatzea bultzatzeko.

  2. Lankidetza sustatzea udalen artean, paisaia babesteko eta hobetzeko helburu bateratuak lortzeko: araudiak koordinatzea, jardunbide egokiak bateratzea eta abar.

  3. Hainbat ekimen sustatzea Urola Kostako paisaiako balioak zabaltzeko eta paisaia hori herritarren, eskolaren, enpresaren eta bestelakoen esparruan zaintzeko, mantentzeko eta hobetzeko sentsibilizazioa bultzatzeko.

  4. Paisaiaren balioak zabaltzeko ekimenak garatzea. Turismoaren eta kulturaren erakargarritasunak sustatuko dira, eta pakete integraletan egituratuko dira; ahalik eta gehiena ustiatuko dira Zumaia eta Mutriku arteko euskal kostako Geoparkeko irudiaren ahalmenak eta etorkizunean inguruko beste udalerri batzuetan izan dezakeen hedapena. Barnealdeko zonako paisaiaren balioak zabalduko dira, ezezagun handia baita kostako zerrendan eta abar.

  5. Urola Kostan jarduera gauzatzen duten teknikarien arloan prestakuntza sustatzea paisaiarekin loturiko esparruetan: hirigintza, ingurumena, azpiegiturak eta abar.

  6. Gizarte zibilaren sentsibilitatea eta erantzunkidetasunean laguntzeko mekanismoak sustatzea, Urola Kostan paisaia egunero zaintzeko, eta zuzendu eta hobetu beharreko elementuak detektatzeko. Horretarako, lortu nahi diren helburuetara ondoen egokitzen diren tresnak erabiliko dira: iradokizunen postontzia, web orrialdeak, argazki-lehiaketak, erakusketak eta abar.

  7. Herritarren lankidetza-mekanismoak martxan jartzea sustatzea, Auzolan bezalako formulak berreskuratuz. Helburua da herritarren inplikazioa bilatzea eremu publikoak eta paisaian eragina duten elementuak hobetzeko, jakinda baliabide eta ahalmen publikoak ez direla nahikoak beharrizan guztiei aurre egiteko: bide publiko eta parkeen zaintza eta mantenimendua, baso publikoen nahiz ibai eta erreken garbiketa, eta abar.

  8. Hainbat mekanismo bultzatzea; adibidez, lurzoruaren zaintza, gizarte-, herritar- eta enpresa-erakundeak ahalbidetzeko tresna gisa, leku jakin batzuen natura, paisaia eta ondare kulturala mantendu ahal izateko. Hala, bermatu egingo da balio horiek mantentzea, eta leku horietan gauzatzen diren erabilerak eta jarduerak (nekazaritzakoak, basogintzakoak, turistikoak edo bestelakoak) ingurua errespetatzen dutela edota baliabideak alferrik xahutzen ez direla.

Paisaiaren zehaztapenak dagozkien lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresnen bidez aplikatu eta gauzatuko dira.

ANTOLAMENDU-ARAUAK. I. ERANSKINA

Paisaia-unitateen mapa:

https://www.euskadi.eus/y22-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2018_PAISAIA/UROLA_KOSTA_mapak.json&lang=eu

ANTOLAMENDU-ARAUAK. II. ERANSKINA

Paisaiaren interes bereziko eremuen mapa:

https://www.euskadi.eus/y22-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2018_PAISAIA/UROLA_KOSTA_mapak.json&lang=eu

ANTOLAMENDU-ARAUAK. III. ERANSKINA

Paisaiaren kalitate-helburuak aplikatzen dituzten eremuen mapa:

https://www.euskadi.eus/y22-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2018_PAISAIA/UROLA_KOSTA_mapak.json&lang=eu

IRAILAREN 18KO 132/2018 DEKRETUA, II. ERANSKINA

KOSTALDE ETA ABIAZIO ZIBILAREN ARLOKO ARAUDIA

Lurraldearen antolamendurako zatiko planaren aldaketa aplikatu eta garatzeko tresnek ondoko berariazko arloko araudian ezarritakoa bete behar dute.

  1. Halaber, kostaldeen inguruan, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean eta berorren erregelamenduan urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuak onetsitakoa ezarritakoa bete behar da. Era berean, aipatu behar da itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan aurkezten diren jarduketek gaitze titulua eduki behar dutela eta gorago aipatutako Kostaldeei buruzko Legearen III. tituluan jasotakoa bete behar dela. Edu bertsuan, babes zortasunak eragindako jarduketek autonomia erkidegoko eskudun organoaren baimena behar dute, erabilerak Kostaldeei buruzko Legearen II. tituluan xedatutakoarekin bat eginda arautzen dira, eta jarduerak baimentzeko honako baldintzak bete behar dira: izaera dela-eta ezin izatea beste nonbait kokatu edo itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa erabiltzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren zerbitzuak ematea. Eta idatziz daude debekatuta bizitzeko eraikinak edo landa-asentamenduak kudeatzeko bereziki bereziak diren eraikinak.

  2. Abiazio zibilaren alorrean, sektoreko organo eskudunek espresuki eskatuta, hau da araudia:

    1. Eraikuntzek eta instalazioek, lurraldearen antolamendurako zatiko planean xedatutako beste zeinahi ekintzek, baita horien elementu guztiek ere (antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailuen kutxak, kartelak, dekorazioko erremateak...), nahiz eraikuntza horiei egindako zeinahi gehikuntzek, horiek eraikitzeko beharrezkoak diren bitarteko mekanikoek (garabiak...), lursailaren aldaketek edo objektu finkoek (zutoinak, antenak, aerosorgailuak palak barne, kartelak...), bideko edo trenbideko galiboek ezin izango dituzte urratu Donostiako Aireportuaren aeronautikako zortasunak, aeronautikako zortasun eranskinean adierazita daudenak. Hori gauzatu ahal izango da baldin eta Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziaren arabera egiaztatuta geratzen bada ez dela arriskuan jartzen segurtasuna eta ez zaiola nabarmen eragiten aireontzien eragiketen erregulartasunari, apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuak aldatutako otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan, zortasun aeronautikoei buruzkoa, jasotako salbuespenen arabera.

    2. Funtzionamendua dela eta, altuetan dauden plataformetan jarri behar diren aerosorgailuek, energia elektrikoa garraiatzeko lineek edo telekomunikazioko azpiegiturek (telefonia antenak, mikrouhin-loturak) Donostiako aireportuaren zortasun aeronautikoei buruzko araudia bete behar dute.

    3. Eraikuntzak, instalazioak (paldoak, antenak, aerosorgailuak eta euren palak edota beren eraikuntzarako behar diren baliabideak) edo landaketak egiteko jartzeko, beharrezkoa da Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena, zortasun aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren (apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuak aldatzen duena) 30. eta 31. artikuluetan xedatu bezala.

    4. Donostiako aireportuko zortasun aeronautikoen eremuan egindako proiekzio ortogonalaren barruko azalera jarduera mugatuen zortasunaren menpe geratzen da otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri legez, zeinaren arabera, egungo idazkeran, Aireko Segurtasunerako Estatuko Agentziak (AESA) debekatu, mugatu edo baldintzatu ditzake bertako jarduerak, baldin eta horiek aireko eragiketetarako edo irrati-instalazioen funtzionamendu egokirako arriskutsuak badira. Aukera hori izango du ere jarduera horiek ezarri edo egiteko aukera ematen duten lurzoruaren erabilerei dagokienez, besteak beste:

      1. Turbulentziak eragin ditzaketen oztopoak eraikitzea dakarten edo eragiten duten jarduerak.

      2. Argien erabilera (proiektoreak eta laser-igorgailuak barne), arriskuak sor baditzakete eta nahasketak edo errakuntzak eragin baditzakete.

      3. Azalera handi eta oso islatzaileak behar dituzten jarduerak, itsualdiak eragin baditzakete.

      4. Aerodromoaren mugimendu-eremuko faunaren ekintzak areagotu ditzaketen jarduerak.

      5. Edozein jarduera, erradiazio-iturri ikusezinak ezartzea eragiten badu edo komunikazio, nabigazio eta zaintza aeronautikoko sistemen funtzionamenduan interferentziak sor ditzaketen edo horien gaineko eragin negatiboa izan dezaketen objektu finko edo mugikorren presentzia badakar.

      6. Kea, lainoa edo aireontzientzako arriskutsua den beste edozer fenomeno sortzen duten instalazioak ezartzea edo martxan jartzea dakarten edo eragiten duten jarduerak.

      7. Aireratzeko edo airean egoteko bitartekoak erabiltzea, kirol-jarduerak edo beste edozein motakoak egiteko.

    5. Hirigintza plangintza edo garapen plan berriak egiteko, edo eurak aztertzeko edo aldatzeko, Donostiako aireportuko zortasun aeronautikoek eragindako lurraldearen antolamendurako zatiko planaren eremuetan, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostena behar da, Interes Orokorreko Aireportuen eta zerbitzu-eremuen Antolamenduari buruzko eta apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuak aldatutako abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, eta horretarako, txostena eskatu behar da, plangintzaren hasierako onarpenaren aurretik. Nahitaezko txosten hori eskatzen ez bada edo kontrako erantzuna jasotzen bada, ezingo da plangintzaren behin betiko onarpena egin estatuaren eskumenei dagokien alorretan.

    6. Gauzatuko den aprobetxamendua hirigintza-legediarekin bat etorriz zehaztuko da hirigintza-planeamenduan, Sustapen Ministerioaren txostenak ezarritako baldintzak aplikatu ostean; murrizketen kasuan, ez da sortuko kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik Sustapen Ministerioaren aldetik, ezta aireportu-kudeatzailearen edo Aireko Nabigazio Zerbitzuak eskaintzen dituenaren aldetik ere.

    7. Zortasun aeronautikoek ezarritako muga eta baldintzen ondorioz ezinezkoa bada aurreikusitako eraikuntzak edo instalazioak egitea, ez da sortuko Sustapen Ministerioaren, aireportuaren kudeatzailearen eta aire-nabigaziorako zerbitzuak ematen dituenaren eskutik kalte-ordaina jasotzeko inolako eskubiderik.

    8. Kontraesana badago Lurraldearen antolamendurako zatiko planaren hirigintza araudian, edo hirigintza araudiaren eta lurralde-planean jasotako planoen artean, zortasun aeronautikoek ezarritako mugek edo baldintzek lehentasuna izango dute hirigintza plangintzan jasotako beste edozein neurriren aurretik.

      Dokumentazio grafiko bezala, Donostiako aireportuko zortasun aeronautikoen planoa jasotzen da jarraian:

      (Ikus .PDF)