Lehendakariak berriz adierazi du Espainiako hurrengo Gobernuak euskal autogobernua sakontzeko konpromisoa hartu behar duela

2016.eko otsailak 08

Urkulluk ziurtatu du EAJek ez duela negoziazioetan «lerro gorririk» jarriko, baina ezta «txeke zuririk» emango ere

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur nabarmendu duenez, Espainiako hurrengo Gobernuak euskal autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko konpromisoa hartu behar du. Ildo horretan, gogorarazi du ezen, nahiz eta EAJek ez duen inbestidurarako hautagaiarekin, Pedro Sánchezekin, egin litezkeen negoziazioetan lerro gorririk ezarriko, ez du «txeke zuririk» emango ezta ere. Hala baieztatu du Onda Cerok egin dion elkarrizketan.

Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 2014 urtean orain jarduneko presidente den Mariano Rajoyri helarazitako planteamendu berberek jarraitzen dute mahai gainean; orain artean, erantzunik jaso gabe jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzaren ustez, lehenik eta behin, autogobernua sakontzea da lehentasuna: euskaldunentzat ongizate handiagoa ekartzeaz gain, bizikidetzaren esparruan aurrera egiteko aukera emango duen autogobernu bat, beste neurriren artean, presoen hurbilketari bide emango dion espetxe-politika bati esker.

Autogobernuaren inguruan, lehendakariak gogorarazi du gai hori jorratzeko sortutako legebiltzar-lantaldea dagoeneko ari dela lanean, akordio integratzaile eta inklusibo bat lortzeko ahaleginetan. Ildo horretan, berriz plazaratu du inbestidurarako hautagaia euskal errealitatea eztabaidatzeko eta ulertzeko prest egon behar dela, bai eta aldebiko itun gisa ulertutako autogobernua errespetatzeko ere. «Espainiako Gobernuaren presidentea oker da arazoa Kataluniarekin soilik duela uste badu», ohartarazi du.  

ALTZAIRU-SEKTOREAREN KRISIA

Siderurgiaren sektorearen krisiari dagokionez –Arcelor Mittalen Sestaoko instalazioetako ekoizpena behin-behinekoz geldiarazi du–, sektorea salbatzea ahalbidetuko duten formulak probatzeko premia planteatu du: besteak beste, anti-dumping politikak abiaraztea. Horretarako, Europar Batasunaren engaiamendua ez ezik, Espainiako Gobernuarena ere eskatzen du. Baina, horrez gain, egoki deritzo herrialdeko sektore estrategikoen alde apustu egingo duten ekimen pribatuek partaidetutako funtsak erabilgarri izateko aukera.