Osakidetzan jaiotakoen inskripizioen % 70 ospitalean bertan izapidetzen dira

2016.eko otsailak 08

Guraso gehienek hautatzen dute Osasun Sailak eta Osakidetzak pasa den abenduaren 1ean Euskadiko ospitale publiko guztietan martxan jarritako jaiotzak komunikatzeko sistema telematikoa

Euskadi da zerbitzu hori abian jarri duen aurreneko autonomia-erkidegoetako bat

Erregistro Zibilean inskribatutako Osakidetzako jaiotzen % 70 ingururen izapideak ospitaleetan egiten dira. Osakidetzako ospitaleetan jaiotako haurren guraso gehienek sistema telematiko berria hautatzen dute haurra Erregistroan inskribatzeko. Sistema hori pasa den abenduaren 1etik aurrera dago erabilgarri Osakidetzaren ospitale guztietan. Horren berri eman du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari Maria Jesus Múgicak Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean.

Gainera, proiektua sendotzen ari dela adierazi du, eta sistema berriaren ezarpena hiru fasetan egin dela; iragan urriaren 15ean hasi zen, araudia indarrean jarri zen egunean bertan, eta hilabete eta erdi geroago, abenduaren 1ean, dagoeneko eskura zegoen Osakidetzaren ospitale guztietan. Horretarako, adierazi duenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogor egiten dute lan zerbitzu berria eskaini ahal izateko; administrazio-izapideak erraztu ditu, gurasoak ez direlako ospitaletik Erregistro Zibilera joan beharko haurrak inskribatzea dela kausa. Maria Jesus Múgicaren hitzetan, «zerbitzu horren alde egindako apustuak Eusko Jaurlaritzak pertsonak dituela helburu erakusten du, osasun-sistema hurbil eta eskuragarriagoa eskainiko zaienez».

Hain zuzen, Euskadi da sistema hori ospitale-sare publiko osoan abian jarri duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoetako bat. Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak azaldu duenez, komunikazio-zerbitzu telematikoak «ez du arazorik eman eta oso balorazioa ona jaso du sistema horren bitartez haurrak erregistratu dituzten gurasoen aldetik. Osakidetzako ospitaleetan, egunean batez beste 44 erditze izaten dira».

Osasun Sailak eta Osakidetzak euskal ospitale guztietan ezarpen-prozesu bera egin dute: osasun-zentro guztiak beharrezko teknologiaz hornitu –ordenagailuak eta eskanerrak– eta horietako bakoitzean sistemak ondo funtzionatzen duela egiaztatzeko beharrezko probak egin dituzte. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eta erregistro zibiletako arduradunen laguntza izan dute. Esan bezala, ezarpena hiru fasetan egin da: urriaren 15ean, Arabako Unibertsitate Ospitalean jarri zen martxan, eta bertan erabili zen Estatuan aurrenekoz jaioberri bat inskribatzeko sistema hori; 15 egun geroago, Arrasate, Mendaro eta Zumarragako ospitaleetan ezarri zen; eta azkenik, abenduaren 1ean, Donostia Unibertsitate Ospitalean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta Basurtuko Ospitalean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailak 8