Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak «Hiriko Bide Segurtasuna eta Mugikortasun Segurua» jardunaldia antolatu du

Argitalpen-data: 

19980130_01_0054.jpg

Asteazkenean (abenduak 2) egingo dute, Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak «Hiriko Bide Segurtasuna eta Mugikortasun Segurua» jardunaldia egingo du datorren asteazkenean, abenduak 2, Bilboko Artxibategi Historikoan, udalekin lankidetza estutzeko eta zabaltzeko, eta horiek euskal udalerrietan mugikortasun seguruagoari eta jasangarriari bide emateko tresnez hornitzeko.

«EAEko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2015-2020 aldiko Plan Estrategikoak asmo handiko helburuak ezartzen dizkigu: istripu-tasa beheratzea eta azken urteotan bide-segurtasunaren arloan gertatzen ari den kultur aldaketa finkatzea –baieztatu du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Helburuok betetzeko, administrazio ororen lankidetza eta konpromisoa behar dugu. Horregatik antolatu dugu lan-jardunaldi hau, bereziki toki-erakundeei zuzendua.»

«Prebentzioa harturik oinarri, bide-segurtasuna eta mugikortasun segurua hobetzen laguntzen duten hainbat ildo estrategiko eta baliabide ezagutzeko aukera izango dugu», gaineratu du Trafikoko zuzendariak.

Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, hasiko du jardunaldia; ondoren, Trafikoko zuzendariak, Garbiñe Sáez Molinuevok, istripu-tasak Euskadin izandako bilakaerari buruzko datuak ezagutaraziko ditu.

María Jesús Iturraldek, Trafiko Zuzendaritzako Prestakuntzaren eta Hezkuntzaren alorreko arduradunak, prebentzioan ardaztutako aurkezpen bat emango du, bide-segurtasunaren giza faktorea aintzat hartuta, hain justu. Orobat, udal-politika eta -antolakuntzan istripuen inguruan sentsibilizatzeko eta istripuak nola prebenitu aztertzeko adibide batzuk ere emango ditu

Josu Sierrak aurkeztuko duen mintzaldiaren gaia, berriz, Trafiko Zuzendaritzak udalei beren bide-segurtasuneko eta mugikortasun seguru eta jasangarriko planak idazteko eman diezaiekeen laguntza izango da. Sierra Trafiko Zuzendaritzaren ikerketa-esparruko arduraduna da. Bestalde, Iñaki Eguiarak, Trafiko Zuzendaritzaren Ingeniaritzako esparruko arduradunak, trafikoa baretzeko tekniken inguruan jardungo du, hiriko eta hiri-arteko trafikoaren artean desberdinduz; izan ere, hiri-arteko trafikoan apenas dago ibilgailu eta erabiltzaile kalteberen (oinezko, txirrindulari...) arteko elkarreraginik; hirikoan, ordea, elkarreragina nabarmena da. Segurtasun handiagoa lortzeko helburuarekin, azkeneko 20 urteotan trafikoa baretzeko estrategiak eta ekipamenduak diseinatu eta abiarazi dira.

Era berean, mahai-inguru bat ere egingo da «Mugikortasuna eta segurtasuna herri-barruetan» izenburuarekin, eta honako hauek arituko dira eztabaidan: Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Zirkulazio Politiketako koordinatzailea; Pilar Arana, Donostiako Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzia; Álvaro Iturritxa, Gasteizko Udaleko Hirigintza, Ingurumen eta Espazio Publikoetako koordinatzaile nagusia, eta Ager Izagirre, Mungiako alkatea EUDEL ordezkatuz. Mahai-ingurua eta osteko eztabaida-saioa moderatzen Luis Murguia arituko da, RAVCNko Mugikortasun eta Bide-segurtasuneko aholkularia.

 

Informazio gehiago izateko eta izena emateko, joan http://www.seguridadvialeuskadi.com helbidera.