Jon Darpón: «Hiesarekin lorpen izugarriak izan dira zientziaren alorrean, baina ez horrenbeste gizartean»

2015.eko azaroak 26

Hasierako urteetan, bizirik irauteko borroka egiten zuten pazienteak tratatzen ziren; egun, berriz, osasuntsuago eta bizi-kalitate handiagoz bizi dira GIBa duten pazienteak. Edonola ere, estigma amaitzea lortzeke dago oraindik. 

Munduko patroiaren ildo beretik, Euskadin kasu kopurua % 26 murriztu zen 2009 eta 2014 artean, eta infekzio berrien joera ere apur bat txikitzekoa da.

«Aurrerapen zientifikoen eta epidemiaren bilakaera aldatzeko joerari esker, gero eta etorkizun hobea ikusten dugu GIBa duten pazienteentzat, baina oraindik ere behar da aurrerapenik gizartean, estigmatizazioa eta jarrera diskriminatzaileak desagerrarazi beharra baitago.» Hitz horiek esan ditu Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek, gaur goizean eman duen prentsaurrekoan. Darpónekin izan dira agerraldi horretan, halaber, Hiesaren kontrako Bizkaiko Herritarren Batzordeko presidente Marta Pastor (hiesaren kontrako Euskadiko GKE guztien ordezkari gisa) eta Daniel Zulaika, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) Planeko koordinatzailea.

Agerraldia Hiesaren Munduko Egunaren bezperan egin dute. Aurtengo abenduaren 1a, hain justu, GIBa duten pertsonek bizi duten estigma eta diskriminazioa borrokatzeko deitu du ONUSIDAK, Nazio Batuen GIB/hiesari buruzko programak. «Estigma eta diskriminazio hori behin betiko desagerrarazteko gauza izan behar dugu», nabarmendu du Jon Darpónek.

Alde horretatik, GKEek egindako lan izugarria nabarmendu du, eta haiekin orpoz orpo lanean jarraitzeko borondatea erakutsi du.  Hala, baieztatu du Osakidetzak ahalegin guztiak egiten jarraituko duela, Hiesa eta Sexu Transmisiozko bestelako Infekzioak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko 2015-2018 aldirako Plan Estrategikoan nabarmentzen den moduan. Halaber, aurreratu zuen 2016an Osakidetzak eta Osasun Sailak abian dauden programa eta ekintza guztiak sustatzen jarraituko dutela: «Ikastetxeetan nerabeekin egiten ditugunak, farmazialarien elkargoekin egiten ditugunak, espetxeetakoak, droga-erabiltzaileekin egiten direnak, GKEekin batera antolatutakoak, eta abar».

 

GAUR EGUNGO ARAZOA, ETORKIZUNERAKO ITXAROPENA

Sailburuak gogorarazi du, ONUSIDAk emandako datuen arabera, munduan 37 milioi pertsona bizi dela GIBarekin eta urtean bi milioi lagun gehiago infektatzen direla. Horrez gain, milioi bat eta berrehun mila pertsona inguru hiltzen da urtean hiesarekin lotutako gaitzen bat dela medio, eta 22 milioi lagunek oraindik ez dauka erretrobirusen kontrako tratamendurik.  Mendebaldeko Europan, homosexualen transmisioa % 33 handitu da azkeneko hamarkadan, eta uneotan GIB infekzio berrien % 52 homosexualak dira.

Horrenbestez, sailburuaren aburuz, «hiesak gaur egungo arazo izaten jarraitzen du, eta ez iraganeko; baina errealitate gordin honetan datu positiboak ere ageri dira, eta ikusten da GIBaren epidemiaren bilakaera aldatzen ari dela». Hala baieztatzen dute osasungintzarekin lotutako nazioarteko erakunde guztiek, eta ONUSIDAk markatutako helburua ere bide horretatik doa: GIBaren epidemia desagertzea 2030ean. Hain justu, infekzio berrien urteko kopurua % 35 murriztu da mundu osoan, eta hiesarekin lotutako heriotzak, berriz, % 42 jaitsi dira 2004tik.

Euskadiri erreparatuta, sailburuak adierazi du datu epidemiologikoek tankera bertsuko patroiak erakusten dituztela. Zehazki, ezagutarazi zuenaren arabera, 2009 eta 2014 artean kasu kopurua % 26 murriztu zen, eta infekzio berrien kopurua ere apur bat txikiagoa izan da. Europan gertatutakoaren ildo beretik, 2014an infekzio berrien % 48 harreman homosexualen bidez gertatu zen, eta % 47k diagnostiko berantiarra izan zuen.

 

BIZI KALITATE ETA OSASUN HOBEAK GIB-A DUTEN PERTSONENTZAT

Epidemiologiaren alorrean izandako aldaketa esanguratsu horiez gain, aurrerapen zientifiko eta klinikoei esker, GIBarekin bizi den pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea nabarmen ari dira hobetzen. Horien artean, erretrobirusen kontrako tratamenduak hartzeko modua sinplifikatzea, txerto terapeutiko bat garatzeko ikerketetan izandako aurrerapenak (prebentzio-bakuna lortzeko ikerketak, berriz, moteldu egin dira), erretrobirusen kontrako tratamenduak gero eta eraginkorragoak dira (GIBarekin bizi diren pertsonen bizi-itxaropena herritarrenaren maila berera igarota). Hala, praktika klinikoak sekulako erronka lortu du: bizirik irauteko borroka egiten zuen pazientea atenditzetik, zahartzera iristen den GIBa duen paziente bat artatzera, bere adineko eta sexuko gainerako herritarren moduko osasun-arazoak dituztenak eta horiek tratatu beharra dituztenak: gaixotasun kardiobaskularrak, hipertentsioa, diabetesa, eta abar.

Kolektibo hori, Darpónek berak emandako datuen arabera, 6.000 paziente seropositibok baino gehiagok osatzen dute. Guztiak ere Osakidetzak artatzen ditu, eta horietatik 5.400 lagun inguru erretrobirusen kontrako tratamendua jasotzen ari dira; hau da, 10 lagunetik 9.

Sailburuak, halaber, nabarmendu du GIBa duten pazienteen osasun-egoera eta bizi-kalitatea hobetu egin direla C hepatitisaren tratamendu berriek ere aurrera egin dutelako.  Zehazki, urtarrilaren 1etik gaur arte, C hepatitis kronikoa eta GIBa dituzten 378 pazientek medikamentu berriekin ekin zioten tratamenduari, eta horietatik 266 lagunek amaitu dute. Lehendabiziko datuek erakusten dute sendatze-tasa % 90,8 dela; hau da, koinfektatutako eta tratatutako 10 pazientetik 9k gainditu duela C hepatitisa (C hepatitisarekin tratatutako paziente orokorrekin lortzen den kopuru oso antzekoa –% 91,3

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroak 26