San Migeleko 36 zuzkidura-bizitokiak egiteko exekuzio-proiektua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, eta lizentzia-obra eskatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak San Migel mendebaldeko 36 zuzkidura-bizitokiak egiteko exekuzio-proiektua aurkeztu du Basauriko Udalean, aste honetan, eta proiektua aurrera eramateko lizentzia eskatu du. Udal Zerbitzu Teknikoak proiektua berrikusten ari dira, dagokion txostena emateko, lizentzia ahalik eta lasterren eman ahal izateko eta, ondorioz, etxebizitzak lehenbailehen eraiki ahal izateko (udalerrian erroldatutako gazteek lehentasuna izango dute, alokairura bideratuko diren etxebizitza horiek esleitzerakoan).

Proiektuak jasotzen du eraikinak beheko solairua gehi beste bost izango dituela. Mendebaldetik, eremuko errepideari begira egongo da, eta, atzealdetik (ekialdea), ekipamendu-erabilerarako beste eraikin bati atxikia egongo da. Iparraldetik, berriz, oinezkoentzako bide baten alboan egongo da (Taberna Nagusitik eta haren inguruko eremu libretik bereiziko dituen bidearen alboan, hain zuzen); eta, azkenik, hegoaldean eremu libreak egongo dira.

Oin karratua izango du etxe berriak. Hiruna etxebizitza egongo dira alde banatan, eta, erdian, sarbideak. Erdialdean erabilerarik ez duten guneak patioak izango dira, inguratzaile orokorrean.

2016an hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Basauriko Udalak, aipatutako zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko. Aurreikusita dago 36 etxebizitza horiek gazteentzako aldi baterako alokairuetara bideratzea: bost urteko alokairuak izango dira, gazteei emantzipatzen laguntzeko. Bestalde, Basauriko Udalak 4 etxebizitza gordeko ditu gizarte-beharrizanei erantzuteko (alegia, gizarte-bazterkeria arriskuan daudenentzako, genero-indarkeria pairatu dutenentzako, eta abar) eta udal hirigintza-jarduketek eragindako herritarrentzako. Eta, esan bezala, gazteek eta herrian erroldatutakoek lehentasuna izango dute etxebizitza horien esleipenean.

Administrazio publiko biek batera jardungo dutela jasotzen du hitzarmenak: Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu du aipatutako etxebizitza-sustapena diseinatzea, eraikitzea eta kudeatzea. Basauriko Udalak, bere aldetik, Jaurlaritzari lursaila lagatzeko erabakia hartuko du, eta, gero, dagozkion aurrekontu-kontsignazioak egin eta gero, eremuaren urbanizazio osagarria egiteko eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko lanak kontratatuko ditu, oso-osorik. Gainera, hitzarmenean jasota geratu da basauriarrek lehentasuna izango dutela etxebizitzok esleitzerakoan.

Bestalde, 2004an hitzarmena sinatu zuten Basauriko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, udalerrian babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Horren harira, Basozelain eta Sarratun erosteko eta alokatzeko babestutako etxebizitzak sustatu ditu Jaurlaritzak, San Migeleko zuzkidura-bizitoki horiez gain. Eremu hartan eraikitzen jarraitzen dute, eta, Azbarreneko sustapenean ere, aurreikusi dute erraztasunak ematen jarraitzea errenta-zailtasunak eta merkatu librera jotzeko arazoak dituztenei etxebizitza eskuratzeko.