KHEMLANI DAVID, M., OSTLER, N., DEALWIS, C.
Working Together for Endangered Languages: Research Challenges and Social Impact


Hizkuntza menderatzaileak agertu izanak, eta haien nagusitasuna globalizazioak eta askotariko teknologiek are gehiago indartu izanak, arriskuan jarri dituzte munduan diren gutxiengo hizkuntzak. Hamaika modutara galaraz, edo luzaraz, daiteke hizkuntzaren heriotza eta horietarik bat dugu hizkuntzalariek eta hiztunek batera lan egitea, hizkuntzek eta kulturek biziraun dezaten.

Hizkuntza gutxituen jarraipen eta bizirauteari dagokionez, hizkuntzalariek obligazioa eta egiteko handia dituzte. Argitalpen honen atarikoan idatzitakoari jarraiki, "Hil ala bizikoa da munduko leku ezberdinetako hizkuntzalariek beren esperientziak partekatzea eta, ahal den neurrian, hizkuntza gutxituen heriotza galaraztea". Hizkuntzalarien -ikertzaile diren aldetik-, eta hiztunen -erabiltzaile direnez-, elkarlanak onura besterik ez dakarkio hizkuntza gutxituen biziraupenari. Justu, hizkuntzalarien eta hiztunen harremanari begira jarri da argitalpena hogeita bat hitzaldiren bidez.

Hitzaldietarik lehenengoan, Tania Granadillok eta Maria Eugenia Villalonek Venezuelako mapoyo komunitatea hartu dute aztergai. Ikertzaileek denbora behar izan zuten jabetzeko "biziberritzea" mapoyoen kasuan ez dela gaur egunean duten ezagutza mailari eustea besterik. Hiztunek, berriz, denbora behar izan zuten jabetzeko ez luketela beren hizkuntza hiltzen utzi behar. Proiektuan zehar, hala ikertzaileak nola mapoyoak nostalgia eta etsipen jarreretatik esperantzara igaro ziren. Proiektuaren ondorioz ez ezik, Venezuelan izandako aldaketa politikoei esker, jarrerak iraultzea lortu da. Gaur egun, haurrak mapoyoera eskolan ikasten ari dira, helduentzako eskolak ere abian dira eta, irudi luke, hiztunen kopurua gorabehera, mapoyoak eta beren hizkuntza biziko direla.

Hurrengo hitzaldi batean, Hego Australiako Adelaida goi lautadetan bizi den Kaurna herriaren berri ematen digute Rob Amery eta Alitya Wallara Rigney irakasleek, Kaurna Warra Pintyandi (KWP) batzordea egiten ari den lana azalduz. Kaurnaera berrindartzen ari da 1986an kaurna eskolak ireki zituztenetik, hau da, komunitateak hizkuntzak bizirik jarraitu behar duela erabaki zuenetik. Ikertzaileek esaten digutenez, komunitatearen lan eta inplikaziorik gabe mamirik gabeko ariketa intelektuala litzateke hizkuntza berreraikitzea. Hizkuntzalariaren jardunik gabe, bestalde, zail izango litzateke material historikoa ulertzea eta ezinezkoa, berriz, jatorrizko gramatika egituren arabera kaurnaera garatzea. Artikuluaren egileek KWPren ekina azpimarratu dute, adieraziz batzordeak lanean saiatu behar duela erakunde burokratikoen (unibertsitateak, gobernu federal, estatal eta lokaletako sailak, agentziak eta korporazioak) eta kaurna komunitate bereko frakzio politikoen artean. Talde txikia izanagatik, bi aldeek errespetatzen dute gaur egun KWP, urteetan egin duen lan ona aitortuz.

Beste lanetako batean, Colleen Fitzgeraldek Arizonako Tohono O'odham natiboekin izandako esperientziak erakutsi dizkionak kontatzen dizkigu. Irakasle honek, besteak beste, entzuten jakiteak duen garrantzi kritikoa azpimarratuko du artikuluan. Galtzeko arriskuan dagoen hizkuntzaren komunitateko kide eta ordezkariei buruz ari da ikertzailea, balio berezia emanez haien ideia eta iradokizunei. Komunitatearekin batera lan egiteak duen inportantzia behin eta berriz azpimarratu eta gisako proiektu batean lanean jarduteak eragin ohi duen lotura emozionalaz ohartarazi digu Fitzgeraldek: "Ez nago ziur posible ote den horrelako lanetan emozionalki bat ez egitea eta, beharbada, proiektu hauetan jokoan emozio mordoa dagoela aurrez jakinaraztea da inori eman lekiokeen ikasgai onena".

Argitalpen honetan ageri diren askotariko ikerlanen adibide eman ditugu goiko hirurak. Horiek ez ezik, Nikaragua, Errusia, Pakistan, Txina, Tanzania, Gabon… eta bestetan landutako proiektuak ageri dira bertan. Betiere, kanpoko adituen eta barneko natibo hiztunen arteko elkarreraginek zer pentsatua ematen diote irakurleari. Hiztun komunitatearentzat onena edota hizkuntzaren bizitza luzeari komenigarrien zaiona formulatu baino lehen argudio eta arrazoi sakonak aurkituko ditu irakurleak artikuluotan.


Aurkibidea

  • Index of Authors
  • Section 1. Inauguration and Keynote
  • Section 2. Community Empowerment: Some Needs
  • Section 3. Community Empowerment: Some Issues
  • Section 4. Performance Arts
  • Section 5. Theoretical Viewpoints
  • Section 6. Implications of Education
  • Section 7. Government Policy effects
  • Section 8. Effects of Outside Interests
  • Section 9. Effects of Community Attitudes
  • FEL manifesto

Liburuaren ezaugarriak:

* Liburu hau HABEren liburutegian eskura daiteke.

Azken eguneratzea: 2009/01/15