Goikoetxea Agirre, M.N.
Gaitasun komunikatiboa eta hizkuntzen arteko elkar eragina EAE-ko hezkuntza eleanitzean


Miren Nekane Goikoetxea Agirreren doktorego tesia dugu honako argitalpena. Bertan, gazteen gaitasun komunikatiboa aztertzen du, egokitasun irizpideari loturik betiere. Horrekin batera, euskara, gaztelania eta ingelesaren artean gertatzen den elkar eragina ere aztergai du ikerketa honek.

Doktorego tesi honek bi aztergai ditu helburu: EAEko hezkuntza eleanitza jarraitzen duten ikasleen gaitasun komunikatiboa eta beren hizkuntzen arteko elkar eragina. Goikoetxeak, lehen kapituluan, hizkuntzen irakaskuntzak bizi izan duen paradigma aldaketa azaldu du: azken urteetan hizkuntzalaritza tradizionaletik paradigma komunikatibora jauzi egin dugula dio ikertzaileak. Aldaketa horretan badu ikustekorik egun bizi dugun egoerak, gizaki zein gizarteak ikusteko paradigma elebakarra baztertu eta eleanitza baitarabilgu orain. Gaiaren alderdi teorikoa lantzerakoan, Goikoetxeak garbi azaltzen du globalizazioaren eraginez, gizarte eta gizaki kulturanitzak, eleanitzak eta identitateanitzak ditugula begi bistan, berezko ezaugarriak dituztenak.

Alderdi teorikoan bertan, ikertzaileak gaitasun komunikatiboa definitzeko proposatu diren eredu teorikoen deskribapena egin eta horien gauzapena aztertu du. Goikoetxearen arabera, proposamen teorikoek ez dute praktikan oihartzun handirik lortu, «urruti gaude gaitasun komunikatiboak izan ditzakeen dimentsio ezberdinak nahiz didaktika nahiz ebaluazioan ongi integratuta aurkitzetik».

Ikertzaileak gaitasun komunikatiboa neurtzeko modu bat aurkeztu du, osagai diskurtsiboa ardatz hartzen duena hain zuzen. Goikoetxeak ikerbide horren oinarrizko terminoak eta gurean garatutako esperientziak azaldu ditu alderdi teorikoan.

Bigarren kapituluan, gizaki eleanitzek duten berezko ezaugarrietako bat landu du egileak, hau da, hizkuntzen arteko elkar eragina, gizaki eleanitza ez baita elebakarren batura. Beraz, hizkuntzen arteko harreman motak aztertu dira ondoren; besteak beste, gure testuinguruan esanguratsuak litezkeen faktoreen analisian sakondu du: hizkuntzen tipologian, psikotipologian, 2. hizkuntzaren gaitasun mailan, hizkuntzen estatusean, 3. hizkuntzaren jabekuntza gertatzen den adinean, "regency" izeneko faktorean eta formaltasun mailan…

Hurrengo kapituluan, hizkuntza jabekuntzan eragiten duten faktoreetan sakondu du egileak, eta landa lanean aztergai duen adinaren faktorean bereziki. «EAEko hezkuntza-sisteman hirugarren hizkuntza, ingelesa, era goiztiarrean irakasteko apustu garbia egin da. Aztertu ditugun ikerlari gehienek, ordea, apustu honen emaitza kaskarrez ohartarazten gaituzte. Bai gure testuinguruan oinarritutako askok bai kanpokoek, zalantzan jartzen dute apustu honen egokitasuna».

Doktorego tesiaren kezka nagusia, gizaki eleanitzak lortzeko gurean jarraitzen den eredu goiztiarraren egokitasuna da. Hirugarren hizkuntzan lortzen den gaitasun komunikatiboaren nolakoa eta zenbatekoa ez ezik, eredu horrek ikasleen beste bi hizkuntzei -euskarari eta gaztelaniari-, nola eragiten dien hartu da kontuan. Era berean, Goikoetxeak jakin nahi izan du ea alderik dagoen lehen hizkuntza ezberdina izanik, hezkuntza eredu ezberdinak jarraitzen dituzten ikasleen artean.

Ikertzaileak hurbilketa kualitatiboa erabili du formulatutako ikerketa-galderei erantzuteko. Dena den, osagarria den hurbilpen kuantitatiboarekin aberastu du hura. Gaitasun komunikatiboari buruzko ikerketa-galderak, berriz, hizkuntzen arabera antolatu ditu: batetik, euskara izan du aztergai; bigarrenik, gaztelania; hirugarrenik, ingelesa. Ondorio gisa, berriz, hona zenbaitzuk:

  • Ikasle eleanitzek maila polita ematen dute euskaraz. Hala ere, «gaitasun komunikatiboan eta diskurtso gaitasunean hutsegite dezente aurkitu ditugu» dio Goikoetxeak. Lehen hizkuntzaren araberako alderik ez du topatu. «Salbuespena, hizkuntza- gaitasunean aurkitu dugu, murgilketa ereduko ikasleek akats larriago eta ugariagoak egin baitituzte».
  • Gaztelaniaz lortutako gaitasun komunikatiboari dagokionez, beste horrenbeste. Erakutsitako maila euskarazkoa baino zer edo zer hobea da. «Lehen hizkuntzaren eragina soilik hizkuntza-gaitasunean nabarmentzen da hemen ere, euskarazkoek zer hobetu gehiago baitute».
  • Ingelesez, ikasle eleanitz guztiek maila apala dute, are apalagoa 5 urterekin hasi ziren ikasleak. Lehen hizkuntzaren aldagaiak ez du hemen garrantzirik.

Ondorio gisa, esango du Goikoetxeak, «esan liteke ingelesa era goiztiarrean sartzeak ez diela kalterik ekartzen ikasleen beste bi hizkuntzei, baina ezta onurarik ere ingelesari dagokionez. Nabarmentzeko modukoa da, ingelesez ikasle guztiek maila baxua duten arren, are baxuagoa dela goizago hasi zirenena. Hala ere, aldagai indibidualek pisu handia dutela esan beharko litzateke…».

Ondorio nagusiak horiek, baina jakingarri gehiago ere badira Goikoetxearen doktorego tesi sakon honetan.

Aurkibidea:

Sarrera
ALDERDI TEORIKOA

  • Gaitasun komunikatiboa
  • Hizkuntzen arteko elkar eragina
  • Elebitasunaren ondorioak eta hizkuntza jabekuntzan eragiten duten faktoreak
  • Hezkuntza eleanitza

ALDERDI ENPIRIKOA

  • Helburuak eta ikerketa-galderak
  • Metodoa
  • Emaitzak
  • Ondorioak
  • Bibliografia

Liburuaren ezaugarriak:

Azken eguneratzea: 2008/03/31