Askoren artean
La vida de las lenguas en nuestra sociedad. Posibilidades de futuro


2005eko azaroaren 21etik 24ra hitzaldi zikloa egin zen Iruñean, bertako udalak eta Nafar Ateneoak antolaturik. "Hizkuntzen bizitza gure gizartean. Geroko aukerak", horixe zikloaren lema. Argitalpen honetan, beren gogoetak jendaurrean azaldu zituzten lau adituen hitzaldiak bildu dituzte.

Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren arteko elkarlana ez da berria. Bi erakundeek hitzarmena sinatu zuten 1993an euskarazko kultur jarduerak antolatzeko eta, ordutik hona, zenbait jarduera gauzatu dituzte: "Euskara auzo erromantzeetan: Ebro-Garona, adigarritasun eremua", 2001eko saioa; "Euskara euskaroen garaian", 2002koa; "On Kixote Mantxakoa, 400 urte", 2005ean egindakoa, bai eta, adibidez, oraingo argitalpenaren jatorri dugun zikloa.

"Hizkuntzen bizitza gure gizartean. Geroko aukerak" izeneko hitzaldietan, lau ikertzaile izan ziren hizlari: Maria Teresa Echenique, Ernest Querol, Josep Capdeferro i Pla eta Sol Tarrés.

Lehenari dagokionez, Espainiaren hizkuntz ondareari buruz jardun zuen Echeniquek. Bertan sistema demokratikoranzko trantsizioa hartu du abiapuntu, Espainiako hizkuntz aniztasuna Konstituzioan eta Autonomia Estatutuetan onartu den unetik. Hizlari honen arabera, ordea, herritar gehienek ez dakite zein den Espainiako hizkuntzen jatorria, ez dakite zein egoeratan diren, ezta beraien arteko harremanei buruzko xehetasunik ere. Echeniquek dioenez, kultur adierazpen batekiko interes eta atxikimendu sentimenduak helburu baldin baditugu, nahitaezkoa da Espainian gaur egun diren hizkuntzen gaineko historia ezagutzea.

Ernest Querolek "Hizkuntzen iraunkortasuna. Eleaniztasuna konprenitu eta sustatzeko metaforak" du argitalpen honetako hitzaldia. Iraunkortasunaz ari da, kontzeptuak ekologia alorrean izan duen harrera baliatuz. Querolek herritarrei hizkuntzak zaintzeko beharra helarazteko bitartekotzat darabil adibidea: hizkuntzek bizirik irautekotan, haietarik bakoitzak behar duen espazioa babestu beharra aldarrikatuko du; aldi berean, hizkuntzen beharrak asetzeko behar diren gutxienekoei buruz ere ari da irakaslea artikulu honetan.

Hurrengo hizlaria, Josep Capdeferro i Pla, "Zuzenbidea, hizkuntza eta identitatea" gaitzat harturik ari da. Giza komunitate baten nortasun sentimendua osatzen eta babesten duten elementu kultural eta sozialen gaineko gogoeta egin du artikuluan egileak, Kataluniako kasuari aplikatuz. Egilearen iritziz, XIX. eta XX. mendeetan, hizkuntzek pribilegioak, aginduak eta ohiturak ordezkatu zituzten, nortasun sentimendu kolektiboak osatzeko garaian eta, gaur egun ere, nazio kontzientzia sortzeko, finkaturik legoke hizkuntz faktorearen nagusitasuna.

Azkenik, Sol Tarrések etorkin taldeek hizkuntzak erabiltzeko dituzten modu ezberdinei buruz gogoeta egiten du "Hizkuntzen erabilerak inmigrazio testuinguruetan" artikuluan. Irakasle honen arabera, etorkinek informazioa trukatzeko, hartu dituen gizartean eta inmigranteen komunitatean bertan integratzeko, gizarte-harremanetarako, identitateei eusteko, estereotipoak osatzeko… erabiltzen dituzte hizkuntzak. Hizkuntz erabilerak, ordea, bertakoek etorkinen aurrean duten jarrera ere zehazten du.

Aurkibidea:

  • Una nueva colección. Ignacio Pérez Cabañas
  • Sobre el ciclo "La vida de las lenguas en nuestra sociedad. Posibilidades de futuro".
  • El patrimonio lingüístico de España. Maria Teresa Echenique
  • La sostenibilidad lingüística y las metáforas para entender y fomentar el multilingüismo. Ernest Querol
  • Derecho, lengua e identidad. Josep Capdeferro i Pla
  • Los usos de las lenguas en contextos de inmigración. Sol Tarrés

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Gaztelania
  • Argitaratzailea: Iruñeko udala
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 108
  • ISBN: 978-84-95930-29-3
Azken eguneratzea: 2008/03/05