Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia II Saila
HIZNET ikerketa lanak


Sarean daude Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak  eta Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia II Sailak antolatutako HIZNET Hizkuntza Plangintzako master ikastaroko ikasleen lanak. Askotariko ikerketak izan arren, euskara sustatzeko plangintzak, erabilera areagotzeko proiektu praktikoak eta hizkuntzaren normalizazioa helburu duten egitasmoak dira nagusi.

Iñaki Martinez de Luna soziologoak HIZNET Hizkuntza Plangintza ikastaroen aurkezpenean dioenez, euskararen normalkuntzaren baitan gertatzen diren barne mekanismoez ondo jabetu gabe jokatzen da askotan, soziolinguistikazko ezagutza ezagatik. Soziologian doktorearen arabera, "euskararen normalkuntzan behar-beharrezkoa da ezagutza kualifikatuagoa eta sistematikoagoa izatea, eta premia horri aurre egiteko antolatu da Hizkuntza Plangintza gradu ondokoa".

Hizkuntza Plangintza ikastaroak aurrez-aurreko irakaskuntzaren eta irakaskuntza birtualaren abantailak uztartu ditu. HIZNETek diseinu malgua du eta aniztasun handikoa da iraupen nahiz edukien aldetik. Honenbestez, gradu ondoko ikasleen askotariko egoera eta premiei erantzutea du helburu. Hain zuzen, aniztasun horren araberakoak dira ikasleek burutu ohi dituzten ikerketa lanak, oraindik orain sarean jarri direnak.

2006an burutu zituzten lanen zerrendan, adibidez, honako izenburuak ageri dira: Urdulizko eskolaz kanpoko jardueretan euskara sustatzeko plangintza (Jone Agirregoikoak egindako lana); Ikasleen motibazioa, hizkuntz plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri (Marivi Enbeita, Loren Martinez eta Arkaitz Zarragarena); Euskaldunen arteko elkarrizketak: euskararen erabilera areagotzeko esperientzia praktikoa, PDCD zikloan oinarrituta (Eider Alustiza egile); Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Elkartea. Euskara bultzatzeko ekintza berritzaileak (Ainara Ibañezek egina); Hizkuntza-normalizazioko proiektu bat Deustuko Menditarrak mendizaleen taldearentzat (Roberto Manjonena); eta Hiru hizkuntza gutxituen egoera Frantzian. Diagnosia. Frantziako hizkuntza polítika (Izaskun Zubiturrek buruturikoa).

Izenburuetan bertan irakurtzen denez, lan zehatzak dira denak. Aldi berean, praktikoak, nahiz eta marko teorikoari inork uko ez egin, testuinguru jakin eta konkretuetan kokatuak. Iruñeko Karrikiri Elkarteari dagokionean, esaterako, lanaren abiapuntua eta metodologiak azaldu eta ekintza berritzaile direnak aletzen dizkigu Ainara Ibañez egileak xehe-xehe: Karrikiri denda eta denda mugikorra, "Karrika gurea da", Merkataritzan euskaraz, Itzulpengintza zerbitzua, Karrika aldizkaria, Lan poltsa, Pisukideak zerbitzua. Bakoitzean, ekintzaren helburuak, metodologia eta emaitzen azterketa (aukerak eta mehatxuak; indarguneak eta ahuleziak) adierazten dizkigu zehatz-mehatz. Ondorioei eskainitako tarte mamitsuan, berriz, lortutako helburuen inguruko gogoeta (euskaldunen komunitatearen egituraketa, euskaldunen autoestima sendotzea, Iruñerrian euskaraz bizitzeko dauden guneen berri ematea, etab.).

Bestelako lan bat aipatzearren, Izaskun Zubiturrek egindakoa genuke.  Frantziako hizkuntza politika ardatz duen lan honetan hiru hizkuntza gutxitu dira aztergai: bretoiera, korsikera eta okzitaniera. Berorien deskribapen demografiko-linguistikoa, ezagutza eta erabilerari buruzko datuak, iragana eta egungo egoera, hizkuntza politika eta estatus juridikoa, beherakadaren arrazoiak, frantsesaren zabalkundea eta hizkuntza gutxituaren alde egindako ahaleginak azaltzen dizkigu egileak. Horrekin batera, hizkuntza gutxituen inguruko hizkuntza politika Frantzian zertan den aztertu eta "Frantsesaren aldeko politika"-z ari da Izaskun Zubitur, ondorioetara iritsi aitzin.

HIZNET ikastaroko ikasleen lanok hizkuntzaren baitako barne mekanismoez -eta, alditan, baita kanpokoez ere-, jabetzeko aukera ematen diote normalkuntza prozesuetan interesa duenari. Martinez de Lunak aldarrikatzen zuen "ezagutza kualifikatuagoa eta sistematikoagoa" ate joka dator ikerketa lan hauetan.

Informazio osoa, hiznet.asmoz.org helbidean.