Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako Idazkaritza
Llengua i Ús. Revista técnica de política lingüística. 2006ko bigarren lauhilekoa.


Kataluniako Generalitatearen Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren ale honetan katalanak informazio eta komunikazio teknologietan egin berri dituen urratsak aztertzen dira, batik bat. Horrekin batera, Idazkaritzak 2005ean abiarazi zituen inmigranteentzako harrera-ikastaro pilotuen ebaluazioa egiten da, bai eta katalanak kirol esparruan duen erabileraren azterketa ere. Azken artikulu honi buruz ari gara idazlan honetan.

"Els usos lingüístics en l'àmbit esportiu a Catalunya", horixe da irakurgai dugun artikuluaren izenburua. Gizartean duen eragin handia kontuan hartuz, kirola garrantzi handiko esparrua da katalanaren normalizazioarentzat. Eragin hori, bestalde, gero baino gero handiago da, hazten ari da, bai kirola egiten dutenen kopurua gora ari delako, bai eta kirola bera masa-ikuskaria delako aspaldi. Iturri horretan du sorburu azterlan honek.

Izatez, ikerketa hau Generalitatearen Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak eta Kiroletarako Idazkaritza Nagusiak elkarlanean burututako ikerketa baten emaitza da. Haren helburua zen kirol esparruan hizkuntza-erabilerak aztertzea. Artikuluan, daturik nagusienak aurkezten dizkigute Ignasi Genoves, Enric Renau eta Silvia Amblas egileek. Batetik, testuinguru soziolinguistikoari dagozkion xehetasunak azaltzen dituzte; bestetik, kirol federazioen, kirol klub ezagunenen, eta gainerako taldeen lagin baten hizkuntza-erabilera eta jarrera linguistikoen berri ematen digute.

Ikerketaren helburu nagusia da Kataluniako federazio eta kirol klubek esparru ezberdinetan baliatzen dituzten hizkuntza-erabilerak deskribatu eta aztertzea. Horretarako, honako hiru alderdiok landu dira ikerketan: testuinguru soziolinguistikoari dagozkionak, hizkuntza-erabilerarenak, eta hizkuntza-jarrerei buruzkoak. Lehenari dagokionez, langileen hizkuntza-egokitzapena, hizkuntzaren ahozko eta idatzizko erabilerarako irizpideak, eta hizkuntza-kalitate eta langileen formaziorako irizpideak aztertu dira. Bigarrenaz denaz bezainbatean, irudia eta errotulazioa, eta kanpora eta barrura begirako dokumentazio eta harremanak. Hirugarrenik, hots, hizkuntza-jarrerei gagozkiela, elkarrizketatuek beren iritzia ematen dute zenbait gairi buruz: alegia, katalanak erakundearen baitan egin duen bilakaera, hizkuntzaren erabileraren abantaila eta desabantailak, eta hizkuntza hark erakundearen baitan etorkizunean egingo duen bideari buruzko jakingarriak biltzen dira.

Azterketaren emaitzen arabera, kirol esparruan egiten den katalanaren erabilera handia azpimarratu dute ikerketaren egileek. Artikulua irakurri eta jakingo dugunez, erabilera askoz handiago da federazioen kasuan, klub ezagunenenen edo federatu gehien duten taldeen kasuan baino.

Ahozko zein idatzizko harremanak katalanez egiten dituzte federazioek, besterik adierazi ezean, baina praktika bestelakoa da kirol klubei dagokienez.

Ikerketaren egileek egokitzat jo dute, oro har, katalanaren hizkuntza-erabilera, nahiz eta salbuespenak dauden hainbat arlotan; adibidez, argitalpen, bazkide-txartel, formazio ikastaroetarako material eta, batik bat, aplikazio informatikoei dagokienean, horiek denak gaztelania hutsez ageri baitira kasurik gehienetan.

Hizkuntza-jarrerei dagokienez, denek ere hizkuntzaren erabileran egin diren urrats handiak azpimarratu dituzte, nahiz eta ez dagoen erabilera areagotzeko asmorik -erabilera hura nahikotzat jotzen delako, alegia-, federazioen artean batez ere.

Azken ondorio gisa, ikerketaren egileek zera esango digute, katalanaren normalizazioa handiagoa dela kirol federazioetan, kirol klubetan baino; hauei gagozkiela, ez dago alde nabarmenik klub handien eta txikien hizkuntza-erabileraren artean.

Liburuaren ezaugarriak:

  • Hizkuntza: Katalana
  • Argitaratzailea: Secretaria de Política Lingüística. Generalitat de Catalunya. Bartzelona
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 80
  • ISSN: 1134-7724
Azken eguneratzea: 2007/01/30