"Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea" aitorpena.

EMAKUNDE - Emakumearen Euskal Erakundea

Baimena
LABURPENA

Xedea eta helburua

1.– Dekretu honen xedea «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzea da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Aitorpen honen bidez, emakumeen eta gizonen berdintasuna ahalbidetzen duten baldintzak sustatu nahi dira, bai eta berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzea ahalbidetzen dutenak ere; horretarako, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasunaren alde gizartean eta lan-eremuan sor daitezkeen ekimenak bultzatuko dira, aipatu aitorpenaren bidez.

3.– Logotipo baten bitartez adieraziko da aitorpena. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen batez zehaztuko dira logotipoaren ezaugarriak. Logotipoa eta aitorpenaren izendapena, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea», Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoak dira, eta marka gisa erregistratuko dira, Markei buruzko abenduaren 7ko 17/2001 Legen ezarritakoarekin eta alor horretan aplikatzekoa den araudiarekin bat.

Nori zuzenduta dagoen (erakundeak zein pertsonak)

Betebehar orokorrak

Dekretu honetan arautzen den aitorpena ondoren azaltzen diren betekizunak konplitzen dituzten erakunde publiko edo pribatuek eska dezakete, administrazio publikoek izan ezik. Betekizunak:

a) Jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egin dute.

b) Erakundearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu behar dute. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da; bestela, lanlekuak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, dekretu honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

c) Langileak Euskal Autonomia Erkidegoan kontratatuta izan behar dituzte, erakundearen eremu soziolaboralean emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko jarduerak gauzatzeko behar den lanaldi, kontratu-modalitate eta langile kopuruarekin.

d) Gizarte Segurantzan inskribatuta egon behar dute, eta hala dagokionean, formalki eratuta eta inskribatuta dagokion erregistro publikoan.

e) Eskaeraren aurreko hiru urteetan, irmo zehatu gabe egon behar dute, aukera-berdintasunaren eta bereizkeriaren ezaren arloan arau-hauspen larria edo oso larria egiteagatik, edo lan arloan oso arau-hauspen larria egiteagatik, lan-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat etorriz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutako Testu Bategina).

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

g) Emakumeen eta gizonen berdintasun areagotzea eta berdintasuna eragozten duten oztopoak kentzea ahalbidetzen eta sustatzen duten jarduerak egin behar dituzte; honako hauek hain zuzen:

  1. Erakundean emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoerari buruzko diagnostikoak egitea, hurrengo artikuluan jasotako moduan.
  2. Berdintasun-plana ezartzera behartuta dauden erakundeak, dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak aginduta, dela hitzarmen bidez aginduta: berdintasunerako plan bat egin izana; langileen ordezkariekin hori negoziatu izana; planeko hiru ekintza, behintzat, ezartzen hasita egotea; eta erakundeko zuzendaritza-organoak gainerakoa gauzatzeko konpromisoa izenpetzea.
  3. Berdintasun-plana egitera behartuta ez dauden erakundeen kasuan: plana egitea; erakundeko zuzendaritza-organoak plana gauzatzeko konpromisoa hartzea; eta langileen ordezkariei (egonez gero) plana eta diagnostikoa kontsultatu zaiela egiaztatzea.
  4. Onartutako diagnostikoaren eta planaren berri ematea langile guztiei.
  5. Konpromiso esplizitu bat hartzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean, lan-baldintzen alorrean, erakundearen antolamendu eta barne funtzionamenduaren alorrean, eta erantzukizun sozialaren alorrean. Konpromiso hori idatziz egiaztatu behar da, eta argitara eman behar da erakundeak normalean erabiltzen duen web-aren edo bitartekoen bidez.
  6. Plana bultzatzeko arduradun bat izendatzea erakundeko langileen artean.
  7. Neurri espezifikoak ezartzea erakundearen barruan gertatutako sexu-jazarpenei eta sexuan oinarritutako jazarpenei aurre egiteko eta aurrea hartzeko.