AISA Harrera-Ikastaroen antolaketa - 2017-2018

AISA harrera-ikastaroen xedea da etorkinak euskara ikastera bultzatzea. Helburu horrekin, 2004tik AISA harrera-ikastaro linguistikoak antolatu dira hainbat tokitan. Harrera-ikastaro horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinentzat diseinatu dira bereziki; ikastaro horietan berariaz sortutako ikasmaterialak erabiltzen dira: AISA ikasmaterialen bilduma.

Hona hemen AISA harrera-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko prozedura:

Eskaria egitea

Harrera-ikastaroa antolatzeko eskariak honakoek egin dezakete: Udalek (normalizazio edota inmigrazio teknikarien bidez, adibidez) eta euskaltegiek.
Etorkinen elkarteek edota etorkinei laguntzeko elkarteek ezin izango dute zuzenean eskatu; eskariak udalen edo euskaltegien bidez bideratu beharko dituzte.

Eskariak HABEra (info@habe.eus, tel. 943-022600) bideratuko dituzte.

Ikastaroaren publizitatea

Publizitatea eskatzailearen esku geldituko da, hau da, ikastaroa antolatu nahi duen erakundearen esku.

Euskaltegia

Erakunde antolatzaileak zehaztuko du harrera-ikastaroak zein euskaltegitan eskainiko dituen.

Baldintzak

Hona hemen bete beharreko baldintzak, dirulaguntza jaso ahal izateko:

  • Taldearen osaketa: taldearen osaketarako ikasle-kopuruak, taldea kokatzen den herriaren tamainaren arabera, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak ezarritako gutxienekoak betetzea.

    Biztanle kopuruaTalde bakoitzeko gutxienekoa
    <=5.000 6
    5.001 - 10.000 7
    10.001 - 25.000 8
    >25.000 9

    Taldea ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, antolatuz gero, euskaltegi publiko, pribatu eta autoikaskuntzarako zentro homologatuentzat 2016-17 ikasturteko dirulaguntzak arautzen dituzten 2015eko abuztuaren 27ko Ebazpenek araututako taldearen osaketarako irizpide osagarria ere kontuan har daiteke.

  • Etorkinak izatea, bere egoera administratiboa irregularra izanda ere.

  • 60 orduko ikastaroa izatea: astean 3, 4 ala 6 ordu, egun bakarrean, bi edo hiru egunetan banatuta.
  • AISA liburuak erabiltzea.
  • Udalek nahi duten euskaltegia aukeratuko dute harrera-ikastaroa antolatzeko.
  • Irakaslea euskaltegi homologatu bateko langilea izatea.
  • HABEk eskatzen duen informazioa eskaintzea. 
    • Datutegiaren bitartez burutzekoa: talde, irakasle, ikasle eta ikastaroaren datuak.
    • Ikastaroaren bukaeran ebaluazio fitxa bete beharko dute, egindakoaren berri emanez.

Taldearen onarpena

HABEk eskaerak aztertu ondoren jakinaraziko dio eskatzaileari ikastaroa onartua izan den ala ez, ezezko kasuan ere arrazoiak azalduz. HABEk erantzuna eskaria jaso eta bost egunen buruan emango du.

Taldearen antolaketa

Ikastaroa antolatu denetan, HABEk dagozkion ikusketak egin ahal izango ditu.

Ikastaroa bukatutakoan, euskaltegiak ebaluazio txostena bidaliko du HABEra.

Finantzazioa

Era honetan antolatu eta emandako ikastaroak HABEk bere ohiko dirulaguntzen bitartez finantzatuko ditu, eskolak ematen dituen euskaltegiari gainerako ikastaro homologatuak babesteko erabiltzen dituen irizpideekin.

Euskaltegi pribatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe. Horrez gain, ikasleak ordaindu beharko lukeena gutxitze aldera, HABEk 800 euro gehigarri ordainduko dizkio euskaltegiari, ikastaroa amaitu ondoren aurkeztutako fakturaren bitartez.

Udal euskaltegien kasuan, ikasleak ordaindu beharko lukeena gutxitzeko gehigarria 400 eurokoa izango da.

HABEren zuzendari nagusia

 

Azken eguneratzea: 2017/09/28