Killerkume: "Gure hizkuntzaren barruko hizkuntza berritu behar dugu etengabe"

  • Killerkume:
    Argazkia: Asier Garcia Azkue.
Argia

  • DataUrtarrilak 17
  • Gaia Musika

Beren kaioletatik ihesiz, kaiola berriak doaz eraikitzen, berriz suntsitzeko. Kaiolatze horretan dihardute Joxean Rivasek eta Mikel Vegak 2012az geroztik. Killerkume sortu zuten orduan, Mirage, Loan edo Hauts taldeak behin betiko itxita, baina bereziki, hamaika solasaldi eginda. Elkarrizketa egitean ez zekiten 2018ko Bilbo Hiria Musika Lehiaketako lau sari lortuko zituztela. Ez da hau, beraz, sarien aitzakian egindako topaketa.

Taldea osatzea erabaki zuten bakoitzari arrotz zitzaion tresna bana hartuta: Joxeanek, perkusioa –gitarraren ordez–; Mikelek, gitarra –baxuaren ordez–. Erosotasun-guneetatik ihes egiteko abiapuntu bortitza jarri zioten beren buruari. “Autodidakta naizenez, automatismo gutxi daukat perkusioarekin, nire erosotasun-guneak sortzen ditudan arren, nahitaez. Banekien erraztasuna izango nuela erritmoetarako. Baina aldi berean zerotik abiatu nahi nuen”, dio Joxeanek. “Nire burua erosotasunetik atera nahi nuen, nire burua izorratu. Reset egin. Eta saiatzen naiz filosofia horri eusten. Hasiberri kontzeptuaren oso aldekoa naiz, freskotasunarena. Estimatzen dut hori, batez ere besteengan. Horixe ari naiz ikusten orain Mikelengan, eremu berri bat ari delako deskubritzen, elektronikarena, eta oso modu pertsonalean”. Joxean bateriaren atzean zuzenean ikusi duenak ere erraz atzemango dio darion berotasuna, eztandarako grina.

Mikel elektronikaren bidez ari da, beraz, kaiola berria eraikitzen: “Ni oso astiro jotzetik nentorren, musika pisutsua eta riffez josia. Kontundentzia bilatzen genuen, ez ñabardura. Hauts-en Earth maite genuen, drone metala, geldotasuna. Baina noise-rocka betidanik izan dut maite (Amphetamine Reptile, Lighting Bolt…). Banuen buruan halako talde bat egitea, oldarkorra, zaratatsua, makarra. Progresiboa izan da gure eboluzioa. Inprobisazioa ere horregatik iritsi zen. Eta orain sinteak, sekuentziadoreak. Bateria eta gitarraren tinbreetatik atera nahi genuen. Frekuentzia grabeagoak edo bestelakoak sartu nahi genituen. Jakin-minagatik ere bai: elektronika eta jazz asko entzuten dugu, rocketik gatozen arren”.

Etiketa ugaritan hatz bat sar zezaketen arren, Killerkumeren koordenadetan jazza sartzeak aldrebestu zuen taldearen iparra. Joxeanek dioenez “jazza bera oso estilo itxia da. Niri ez zait bereziki interesatzen. Free-jazza bai, ordea, eboluzionatu baita arau guztiei iskin eginez eta estilo guztiekin nahasiz”. Mikelentzat zabalagoa da: “Inprobisazioa edo eredu itxietatik ihes egitea. Tinbre eta dinamika ezberdinak, kontrasteak sortzeko gaitasunak liluratzen nau jazzetik. Abentura bat da. Arreta handiagoa eskatzen du”.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri