"Wikimedia + Hezkuntza" nazioarteko lehen konferentzia egingo da Donostian datorren astean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lagunduta

Wiki.png

2019.eko martxoak 28

  • Apirilaren 5etik 7ra arte mundu osoko 130 lagunek parte hartuko dute ekitaldi honen inguruan antolatuko diren 50 jarduera baino gehiagotan.

 

Gasteiz, 2019/03/28          

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lagunduta, ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko lehen konferentzia egingo da Donostian datorren astean, apirilaren 5etik 7ra arte. Mundu osoko 50 herrialde ezberdinetako 130 pertsonek parte hartuko dute ekitaldi honen inguruan antolatuko diren 50 jarduera baino gehiagotan. Mintzaldi eta ekimen horien ardatza Wikipediaren eta hezkuntzaren arteko lotura izango da. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak antolatu du konferentzia.

Donostiako Udaleko udalbatza aretoan jarriko da abian nazioarteko konferentzia, apirilaren 5ean. Han egingo da harrera ekitaldia eta bertan parte hartuko du hezkuntza gaietan aditua den Mary Burnsek (18.45etik aurrera). Mary Burnsek 100 argitalpen baino gehiago plazaratu ditu, eta munduko kontinente guztietan lan egin du hezkuntza curriculumen garapenean. Irakasleen formakuntzan eta hezkuntzaren erronka berrien inguruan aditua da.

Bigarren eguna

Ostiraleko irekieraren ostean, larunbatean helduko da ‘Wikipedia + Hezkuntza’ nazioarteko lehen biltzarraren egun nagusia, eta Katherine Maher Wikimedia Fundazioko zuzendari exekutiboaren eskutik hasiko da jardunaldia. Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen garrantziaz hitz egingo du Maherrek. Hitzaldia, eguneko gainontzeko ekitaldi guztiak bezala, Tabakaleran izango da.

Mintzaldi horren ostean, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak eta posterren erakusketa bat antolatu dira. Tabakalerako 4. pisuan izango dira jarduera horiek, lau eremu ezberdinetan banaturik.

Igandean amaiera emango zaio asteburu osoko egitarauari. Goizean Wikimedia 2030 estrategian hezkuntzak izango duen protagonismoari buruz eztabaidatzeko aukera izango da, eta, ondoren, bertaratutakoek lau eremu ezberdinetan ikasi eta eztabaidatzeko aukera izango dute berriz ere. Arratsaldean, ekimenari amaiera emateko, partehartzaileak Milafrangara joango dira, Korrikako 749. kilometroan parte hartzera.

Hiru egunetako egitaraua esteka honetan kontsulta daiteke: https://meta.wikimedia.org/wiki/Wikimedia%2BEducation_Conference_2019/Programme

Euskarazko Wikipedia

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2017an Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin, euskarazko Wikipedian kalitatezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu, urtero, hiru urtez luzatuko den proiektua honetan (guztira, 600.000 euro 2017, 2018 eta 2019an). Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza horri esker posible izango da datorren astean Donostian antolatuko den nazioarteko konferentzia. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren iritziz, euskarazko Wikipedia egitasmo estrategikoa da euskara ingurune digitalean eta gazteen artean sustatzeko.

Duela 18 urte sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 302 hizkuntzatan argitaratzen da eta euskarak posizio bikaina dauka horien artean. Momentu honetan, artikulu kopuruaren arabera, euskarazko Wikipedia 29 postuan dago, malaysiera, turkiera eta armenieraren aurretik.  Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean ere badago.

* Konferentziaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan helbide elektroniko honekin: hezkuntza@wikimedia.eus