URAk Leitzarango Galgo paper-fabrika ohiaren presaren lehen tarte bat eraitsi du

Argitalpen-data: 

URAk Leitzarango Galgo paper-fabrika ohiaren presaren lehen tarte bat eraitsi du

Vitoria-Gasteiz. 2019.09.18. URAk Leitzarango Galgo paper-fabrika ohiaren presaren lehen tarte bat eraitsi du:  faunaren joan etorria errazteko,   ibai tarte hori iragazkortzeko eta erabiltzen ez den azpiegitura batek kaltetutako tarte hori lehengoratzeko. Lanok aste honetan burutu dira, Leitzarango ibaiaren agorraldia probestuz, eta intereseko fauna-espezieen (europar bisoia, muturluze piriniotar, loina, amuarraina, izokina)  ugaltze une garrantzitsuenak aintzat hartuta.

Eraisketa-lan horiek 2020an jarraituko dute bigarren tarte batean, eta azken tartea 2021ean eraitsiko da. Eraisketa-faseen arteko urte bateko etenaldi horrek erraztu egiten du ingurunea ibaiaren dinamika berriari mailaka egokitzea; era berean, presan bildutako metakinak mugiarazi eta birkokatzen ditu, ibaiaren ohiko ur-goraldien dinamika naturala jarraituz, eta,  ibaian gora, erasanak murritzaraziz.

Presa hori XX mendeko bigarren erdian eraiki zuten, uraren laminaren maila hazarazteko; hartara, papergintzan erabiltzeko ura hartu ahal izateko (enpresari Leitzaranetik eta Ubaran errekastotik ura hartzeko luzatu zitzaion emakidak zioenari jarraituz).

Enpresak bere jarduera 2007an eten zuen, eta emakida iraungi da, jada. Alabaina, presak uren jarioa  eta faunaren joan etorria oztopatzen jarraitzen zuen.

Oztopo hori kentzeko, garabia batek ezkerreko ertzetik 21 tonako hondeatzaile bat jarri du ibilguan, bertatik eraisteari ekin ahal izateko. Eraitsi aurretik, ibilguan behin behineko desbideratze txiki bat egin da: alde batetik, eraisketa puntutik ibaian behera, esekitutako solidoak gutxitzeko; bestetik, presaren eraisketaran ondorioz sortzen diren hondarrak biltzeko.

Era berean, presatik gertu, Platanus hispanica 9 ale eta Robinia seudoacacia  4 ale moztu dira, eta lanok kaltetutako ibaiertz landaredi birlandatu da. Lanok egiteko beharrazkoak izan diren behin-behineko lur-pilaketak paper-fabrikaren eremuko porlanezko zonaldean egin dira, eta bermatu da erasanik ez izatea baso alubialean (haltzadi eta lizardiak, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior Batasunaren intereseko lehentasunezko habitata 91E0): alegia, ur-goraldien onurak bereganatzen dituen aurreneko landaredia-zerrenda.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.