Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordean aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko polizientzako lanbide-akreditazio berriaren agindua

2019.eko apirilak 11

Dokumentu berriari sinadura elektronikoa posible egingo duten gailuak gehituko zaizkio

Erandio, 2019ko apirilaren 11.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak bilera egin du Erandioko Ertzaintzaren egoitzan, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak deituta. Bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren lanbide-akreditazioko elementuei buruzko aginduaren arau-proiektuari dagokion txostena egin da, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen datuak biltzen dituen 2018ko Euskal Poliziaren delinkuentzia-memoria aurkeztu da.

 

 

Erandion egindako bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren lanbide-akreditazioko elementuei buruzko Segurtasuneko sailburuaren agindu-proiektua aurkeztu da. Agindu horri esker, erregulazio bakar batean bilduko dira aurrez finkatuta dauden erregulazioak, nola Ertzaintzarako erregulazioa, 2012ko abuztuaren 28ko Aginduan ezarritakoa, hala Udaltzaingoetarako erregulazioa, 2012ko azaroaren 13ko Aginduan jasotakoa. Jakina, Agindu horretan, kidego bakoitzari dagozkion berariazko alderdiak errespetatuko dira, baita udal-autonomia ere, eta, aldi berean, polizia-lana egokituko zaio baliabide eta teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak gero eta gehiago erabiltzeko beharrari.

 

Ildo horretan, adierazi behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziak —Ertzaintzak eta Udaltzaingoek osatzen dutenak— esku hartzen duenean, bere kideek poliziak direla erakutsi ahal izan behar dutela eta haien lanbide-nortasuna akreditatu; halaxe adierazten du Poliziaren Etikaren Europako Kodeak —2001eko irailaren 19ko Estatu kideetako Ministro Batzordearen Rec.(2001) 10 gomendioak onartu zuen Kode hori—. Ondorio horretarako, eta Ertzaintzaren kasurako, 2012ko abuztuaren 28ko Aginduak, Herrizaingoko sailburuarenak, Ertzaintzako funtzionarioen lanbide-akreditazioko elementuak erregulatu zituen. Udaltzaingoen kasurako, berriz, 2012ko azaroaren 13ko Aginduak, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarenak, udaltzaingoko kideen lanbide-akreditazioaren dokumentuaren diseinua eta ezaugarriak erregulatu zituen.

 

Agindu horiek argitaratu zirenetik aurrerapen teknologiko handiak izan direnez gero, komeni zen araudi horiek egokitzea eta, hartara, dokumentu horri dagozkion funtzioak eraginkortasunez betetzeko aukera emango duen lanbide-akreditazioko dokumentu aurreratuago bat ezartzea. Dokumentu berak titularren aurrez aurreko lanbide-identifikazioa ez ezik, haien identifikazio elektronikoa ere ahalbidetuko du; izan ere, dokumentuari sinadura elektroniko aurreratua eta onartua posible egingo duten gailu egokiak txertatuko zaizkio, betiere sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean aurreikusten diren baldintzetan.

 

Azken finean, Segurtasuneko sailburuaren Agindu berriak aurreko erregulazioak eguneratu nahi ditu aurrerapen teknologikoei erreparatuta, eta aurreko arauak osatu nahi ditu hornidurari, baliozkotasunari, iraungipenari eta berritzeari dagokionez, baita, dokumentua galdu, lapurtu edo suntsituz gero, dokumentua ordezteari dagokionez ere. Era berean, dokumentuaren baliozkotasun-aldia zortzi urtetara handituko da, txertatzen zaizkion ziurtagiri digitalak berritu behar izateari utzi gabe.

 

Bestalde, bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren delinkuentzia-memoriaren datuak aurkeztu dira, Segurtasuneko sailburuak memoria hori Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ondoren.