Udaltopek elkarlana izango du aztergai hamaikagarren edizioan

2019.eko martxoak 29

  • Topaketa Lasarte-Orian egingo da, maiatzaren 16an eta 17an
  • Aurten, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten Antolamendu Batzordera
  • Izen-ematea gaur bertan zabalduko da, maiatzaren 3ra arte

Udaltop elkarlanari begira jarriko da hamaikagarren edizioan, horrela iragarri dute goizean egitaraua aurkezteko Donostian emandako prentsaurrekoan. Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? izenburupean, elkarlan ereduak eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dira maiatzaren 16an eta 17an Lasarte-Oriako Kultur Etxean egingo den topaketan. Euskaraldiak ere, aurreko bi edizioetan bezala, izango du bere protagonismoa.

Udaltop bera ere elkarlanaren fruitua da. Eta aurten, sendotuta dator gainera Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten Antolamendu Batzordera Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu direlako.

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak bat egitearen garrantzia azpimarratu du: “Euskara sustatzeko politiken eraginkortasuna biderkatzen da baldin eta horien oinarrian elkarlana badago. Erakundeen arteko lankidetza behar-beharrezkoa eta, horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen ari gara euskararen eremu osoan, beti ere leku bakoitzaren errealitatea errespetatuz”.  

Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, eta Beñat Arrabitek, Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako arduradunak bat egin dute Alkortaren baieztapenarekin. Arregik gogoratu du Nafarroako Gobernuak “azken urteetan diruz lagundu” duela Udaltop, eta aurten Antolamendu Batzordean sartu dela “batetik, Udaltop topaketa ezin hobea delako Nafarroako euskara teknikarien prestakuntzan sakontzeko, eta bestetik, sarea indartzeko”.

Beñat Arrabitek, bere aldetik, “biziki inportantea da Udaltop bezalako dimentsio handiko proiektu batean lurralde guztiak ordezkatuta egotea, egiazko elkarlana gauzatzen ari den seinale baita”:

Hitzaldiak eta talde-lana

Prentsaurrekoan 2019 urteko Udaltopera osatutako egitaraua aurkeztu da, “labetik atera berria” Estibaliz Alkortak onartu duen bezala. XI. edizioko gaia aukeratzeko garaian Euskaraldiak pisu handia izan duela aitortu dute, “nahiz eta garrantzia hori egitarauan bigarren maila batean jaso. Euskaraldiak irakasgaien bat utzi badigu, erakunde publikoen eta euskararen alde lanean ari diren eragileen arteko elkarlana funtsezkoa dela izan da, eta horri heldu diogu aurtengoa antolatzeko. Horrela, azken urteotan jarritako helburuarekin jarraituko dugu esperientziak elkarrekin abiatzeak duen balio garrantzia nabarmenduz”.

Bi atal ezberdin izango dituela aurreratu du: batetik, elkarlan eta Gobernantza eredu berrien inguruko ponentziak izango dira; eta bestetik, Euskaraldiari lotutakoak. Lehenengo blokean bi hitzaldi teoriko, lau esperientzia praktiko, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi kritikoa eta partehartzaileen galderak, iradokizunak eta kezkak argitzeko tartea izango direla aurreratu dute.

Azkeneko bi edizioetan bezala Euskaraldiak ere izango du bere protagonismoa. Orain arteko esperientzia on eta txarretatik ikasteko hitzaldia antolatu dute eta Euskaraldiaren antolatzaileei egindako inkestak utzitako ikerketa kualitatiboaren berri emango da. Hain zuzen, ikerketa honek bide emango dio talde-lanari.   

Izen-ematea, zabalik

Egitaraua aurkeztu ondoren, izen-ematea gaurtik aurrera zabalik dagoela adierazi dute. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen-ematea maiatzaren 3an itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko den materiala, osteguneko bazkaria –iaz bezala Zubietako Araeta jatetxean egingo da– eta bi egunetako aho-gozagarriak.