Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 590.000 euro emango ditu lehenengo aldiz laguntza zuzenetan, Euskadiko merkatari-federazioen egitura-gastuetarako (Gobernu Bilera 2019-07-30)

fotoconsejo.jpg

2019.eko uztailak 30

Federazioen egiturei laguntzea urte hasieran Sailak eta Euskadiko merkataritza-federazioek Euskadiko merkataritzaren alde egindako itunean jaso zen. Akordioa gauzatzen joateko onartu ditu Gobernu Kontseiluak adierazitako laguntzak, eta federazioek eta sailak bidean aurrera jarraitzeko eta alde guztien artean adostutako proiektuak eta programak abian jartzeko federazioen eta Sailaren borondatea adierazten dute. Bestalde, Euskadiko merkataritzaren egungo egoerari buruzko diagnostiko bateratuaren isla ere badira.

Laguntza horiekin sektoreak egindako eskaera historiko bati erantzuten zaio; izan ere, orain arte, merkataritza-federazioei ez zaie kopuru espezifiko bat izendatu euren egitura-gastuei aurre egiteko.

Laguntza horien bidez sailak aitortzen du federazioek funtsezko eginkizuna betetzen dutela Euskadiko merkataritzaren ordezkari moduan. Hori dela eta, Sailaren aurrekontuetan lehenbiziko aldiz esleitu dira kopuru zuzenak federazioak mantentzeko eta horien iraunkortasuna ziurtatzeko. Laguntza zuzen horien helburua da federazioek ahal duten guztia egitea Euskadiko merkataritzaren eskaintza hobetzeko, ez daitezen organizazio gisa bizirautera mugatu.

Laguntzen onuradunak EUSKALDENDAK eta EUSKOMER dira. Lehenengoak, Euskadi mailako konfederazioa izanik, 50 elkartetik gora biltzen ditu hiru lurraldeetan, eta helburua du merkataritzaren egoera hobetzea dinamizazio, profesionalizazio eta modernizazio prozesuak eraginez; bigarrenak Arabako AENKOMER eta Gipuzkoako FMG merkataritzako lurralde-federazioak eta Bizkaiko CECOBI Merkataritza Konfederazioa biltzen ditu bere baitan, Euskadiko merkataritzaren sektoreko 76 elkarte dira guztira eta helburu dute merkataritza dinamizatzea, enpresa-aholkularitza ematea, profesionalizazioa eta sektorearen lehiakortasuna indartzea.