Tapiak: "Euskal Industriak behar adina ahalmena du eszenario berrien eta ezezagunen aurrean erantzuteko"

2019.eko otsailak 13

Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetearen ziurgabetasunaren aurrean, eta akordiorik gabeko Brexiten eszenario batean, Euskadiko enpresen 400 ordezkari izan dira gaur Brexiti buruzko jardunaldian, Euskadiko Nazioartekotze Agentziak, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak antolatutakoan.

Espainian Erresuma Batuko enbaxadore Simon Manleyk eta Espainiako Britainia Handiko Merkataritza Ganberako presidente Chris Dottiek parte hartu dute jardunaldian.

Tapiak adierazi duenez, enpresak prest egoteko kontzientziatu daitezen, Euskadiko Nazioartekotze Agentziatik (SPRIren menpeko) aholkularitza-tresna bat gaitu da urtearen hasieran, ETEentzat bereziki.

www.brexit.eus kanalean Londresko Bulegoak bildu egiten du garrantzizko informazioa, gomendio orokorrak eta sektorialak, eta erantzun egiten die Erresuma Batuan interesa duten euskal enpresen interes orokorreko eta bereziko kontsultei. Enpresa-ehunari zuzendutako ad hoc informazio- eta aholkularitza-kanal bat izatea da web horren asmoa.

Gainera, autodiagnostiko-tresna bat lantzen ari dira, hilabete honen bukaerarako prest egongo dena, ETEek autoebaluazio bat egin ahal izateko eta eszenario berrian beren kalteberatasun-maila neurtzeko, baita Brexiten aurrean beren kontingentzia-plana nola landu erabakitzeko ere.

Sailburuak azpimarratu duenez, ahal den guztia zainduko dira Erresuma Batuarekin dituzten harreman komertzialak, arreta berezia jarriko da han bizi diren Euskadiko pertsonen egoeran, eta atzerriko inbertsiorako Euskadiren erakargarritasuna lantzen jarraituko da. Hori guztia uste dugulako “Euskal Industriak behar adina ahalmena duela eszenario berrien eta ezezagunen aurrean erantzuteko”.