Tapia Alemaniako Scheuer ministro federalarekin bildu da, egoera ekonomikoa aztertzeko eta Euskadiko enpresak babesteko

2019.eko irailak 16

  • Tapiak enpresa-ehun trebatua eta fidagarria duen konfiantzako partner sendo gisa aurkeztu du Euskadi.
  • Alemaniako agintariak Hannoverreko EMOn Gipuzkoako Juaristi enpresaren standari egindako bisitan egin dute topaketa.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua Andreas Scheuer Alemaniako Garraioko eta Digitalizazio Azpiegituretako ministro federalarekin bildu da, Gipuzkoako Juaristi enpresak Hannoverreko EMO azokan duen gunean.

Tapiak eta Scheuerrek hitz egin dute euskal enpresen salmentan zuzenean eragina duen Alemaniako eta, ondorioz, Europako ekonomiaren egungo une delikatuari buruz. Alemaniako gobernuak urte honetarako % 0,5eko hazkunde txikia kalkulatu du, eta hazkunde txiki horren ondorioak gehien jasaten ari diren sektoreen artean daude automozioa eta makina-erreminta, eta sektore horiek, hain zuzen ere, euskal ekonomiari eragin diezaiokete. Etorkizunaren gakoa digitalizazioan eta berrikuntzan oinarritzen dela esatean biak bat etorri dira.

Euskadiko enpresa-ehunaren kezkaren aurrean, eta Alemaniarako esportazioen beherakadaren ondorioz —urteko lehen sei hilabeteetan % 2ko beherakada—, Eusko Jaurlaritzak interes berezia azaldu du ministroarekin topaketa honetan, izan ere EMO nazioarteko hitzordu nabarmenetako bat izan daiteke euskal industriarentzat.

Sailburuak euskal enpresen ahalmena eta fidagarritasuna nabarmendu du eta Euskadi konfiantzazko partner sendo gisa aurkeztu du.

Alemaniako ministro federalak, -digitalizazioaren azpiegituren eskumena duenak- bestalde, interes handia azaldu du Euskadiko makina-erremintaren sektorearen inguruan, eta nazioarteko enpresa jakin batzuei egindako bisitaren barruan Gipuzkoako Juaristi enpresa hautatu du, EMOn erakustazokan dauden 2.200 enpresen artean Enpresaren lana hurbiletik ezagutu nahi izan du eta enpresaren arduradunekin hitz egin du.

Testuinguru ekonomikoa

Alemaniako ekonomiaren desazelerazioa agertoki global konplexu batean kokatu behar da, non Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza-gerrak edo dieselaren krisialdiak zuzeneko eragina duten.

Alemanian, esportazioaren eta teknologia berrien mende dauden sektoreen egoerak okerrera egin du, nahiz eta barne-kontsumora eta zerbitzuetara zuzentzen direnak egonkor mantentzen diren eta kontsumo pribatuak maila handian jarraitzen duen. Eraikuntza da indar handiz hazten ari den sektorea, eta aurreikusi da gorako bidean jarraitu ahal izatea.

Testuinguru horretan, SPRIren kanpo-sareak Munichen duen bulegoak hauteman du gora egin duela, berriro ere, Alemaniako merkatuan sartzeko euskal enpresen interesak eta Alemaniako azoketara hurbiltzen diren euskal enpresen kopurua gora egiten ari dela.

Euskadi Hannoverreko EMO azokan

Ekitaldi honetan makina-erremintaren sektoreko 45 euskal enpresak erakutsi dituzte haien produktuak EMO azokan, AFM klusterraren eskutik. Aurten, enpresa horiek Basque Industry 4.0 marka dute haien standetan, fabrikazio aurreratuko euskal estrategia sustatzeko; marka hori jada ezaguna eta aintzatetsia da Hannoverren, azken hiru urteotan Messe-an parte hartu ostean.

Enpresa hauek daude Hannoverren: Alteyco, Bost, CMZ, Couth, Danobat, Divirec, Ekin, Etxe-Tar, Fagor Automation, Fresmak, Geminis Lathes, Ger Máquinas Herramienta, Gamor, GMTK, Gurutzpe, Hepyc, Ibarmia, Innovalia Metrology, Insize, Integi, Iraundi, IRTS, Izar, Juaristi, Kendu, Korta, Lagun, Laip, Mosnic, MTE, Ona, Pick to Light Systems, Shutonipiranga, Sidepalsa, Sikulan Cutting-Tools, Soraluce, TDG, Tecnifuelle, Tedisa, TSA, eta Zayer.

EMO azoka, bi urtean behin egiten dena, gaur zabaldu da eta datorren 21era arte izango da zabalik. Munduan dagoen fabrikazio aurreratuko azokarik handiena da, 47 herrialdetako 2.200 enpresak baino gehiagok erakusten dute, eta euskal ordezkaritzak guztira 5.420 m2 hartzen ditu, azoka-barrutiko zenbait pabiloitan banatuta.

Industria-lehiakortasunean funtsezkoak diren fabrikazio-teknologien espektro osoa erakutsiko duen EMO azokaren aurtengo ekitaldirako lelo hau hautatu dute: “Teknologia adimendunak, etorkizuneko produkzioa indartzen dutenak”.