SPRI Taldeak 5,8 milioi euroko laguntza espezifikoak emango dizkio 4.0 Industriari

_DSC0039_1.JPG

2019.eko ekainak 23

  • Ekainaren 25ean (asteartea) irekiko da epea Basque Industry 4.0 programarako eskaerak egiteko. Programa horrek 2,55 milioi euroko zuzkidura du eta bere helburua da azkarrago transferitzea merkatura EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak.
  • Aurreikusten da aurten 215 proiektu babestuko direla hiru programa espezifikoen bitartez.

Martxoaren 25ean (asteartea) irekiko da epea Basque Industry 4.0 laguntza-programarako eskaerak egiteko. SPRI Taldeak 4.0 Industria sustatzeko abiatu dituen hiru programa espezifikoetako bat da Basque Industry 4.0. Hiru programa horien artean 5,81 milioi euroko zuzkidura dute, eta orobat barne hartzen dituzte zibersegurtasun industrialeko proiektuak. Orain ireki den programak 2,55 milioi euro banatuko ditu, eta helburutzat dauka azkarrago transferitzea merkatura EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak.

Basque Industry 4.0 estrategian integratutako laguntza-programek 215 proiektu inguru babestuko dituzte Basque Industry 4.0, Zibersegurtasun Industriala eta Industria Digitala programen bitartez. Azken biak duela egun gutxi ireki ziren eta Basque Industry zabalik egongo da irailaren 17ra arte.

Basque Industry 4.0 programaren helburua da babesa ematea “teknologi hornitzaileen” (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen) teknologia manufakturako enpresa industrialei transferitzeko proiektuei, beti ere fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) esparruan.  Beraz, programa horren bitartez, EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferituko dira merkatura.

SPRI Taldeak 2,55 milioi euroko partida bat prestatu du, eta programa horren laguntzak jaso nahi dituzten enpresek 75.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurkeztu beharko dute gehienez 12 hilabeteko iraupena duten proiektuetarako. Ekimen horiek zerikusia izan behar dute arlo hauetako batekin: zibersegurtasuna, cloud computing-a, big data, robotika kolaboratiboa, errealitate areagotua edo sentsorika. Onuradunek %25eko dirulaguntzak jasoko dituzte banan-banako proiektuetarako, eta %15 gehiago enpresa batek eta ikerketa organismo batek lankidetzan eginiko proiektuetarako. Aurreikuspenen arabera, 30 laguntza-eskaera jasoko dira eta 25 proiektu babestuko.

Laguntza espezifiko horiez gain, aurten beste 166,1 milioi euro inbertituko dira teknologia arloko programetan. Programa horiek Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 Estrategiaren barruan kokatzen dira, estrategia horrek berebiziko garrantzia ematen baitie Euskadiren espezializazio industrialaren barruan lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetako proiektuei, hau da, fabrikazio aurreratukoei, energia esparrukoei eta bio-osasungintzakoei. Programa hauen bidez babesa eman nahi zaie 700dik gora enpresa-proiekturi eta teknologi zentroekin zerikusia duten 80tik gora proiekturi.