SPRI Taldeak 5,8 milioi bideratuko ditu 4.0 Industria sustatzeko

Arantxa Tapia Basque Industry 4.0 Jardunaldian

2019.eko maiatzak 16

  • Bere asmoa da aurten 215 proiektu babestea hiru laguntza-programa hauen bitartez: Basque Industry 4.0, Zibersegurtasun Industriala eta lehenengo argitaratuko den Industria Digitala.

SPRI Taldeak 5,81 milioi bideratuko ditu aurten 4.0 Industria bultzatzeko Basque Industry 4.0 estrategian integratutako laguntza-programen bitartez, zeintzuek orobat barne hartzen duten zibersegurtasun industrialaren sustapena.  Aurreikuspenen arabera, 215 proiektu inguruk jasoko dituzte Basque Industry 4.0, Zibersegurtasun Industriala eta Industria Digitala programen laguntzak. Hain zuzen, maiatzaren 15ean argitaratuko da lehenengoa, Industria Digitala, 2,26 milioiko aurrekontua duena. Beste biak hurrengo asteetan argitaratuko dira.

Laguntza espezifiko horiez gain, aurten beste 166,1 milioi euro inbertituko dira teknologia arloko programetan. Programa horiek Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 Estrategiaren barruan kokatzen dira, estrategia horrek berebiziko garrantzia ematen baitie Euskadiren espezializazio industrialaren barruan lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetako proiektuei, hau da, fabrikazio aurreratukoei, energia esparrukoei eta bio-osasungintzakoei. Programa hauen bidez babesa eman nahi zaie 700dik gora enpresa-proiekturi eta teknologi zentroekin zerikusia duten 80tik gora proiekturi.

Hala, Industria Digitala izango da 4.0 Industria arloan argitaratuko den lehen programa espezifikoa.  Helburutzat dauka EIKTak txertatzen laguntzea industri arloko enpresetan edo horiekin lotutako zerbitzu teknikoetako enpresetan (produktu-prozesuarekin lotuak), eta lehiakortasuna hobetzeko xedez produktu industrialak diseinatzen eta muntatzen dituztenetan.

Programa horren bidez 2,26 milioi euroko laguntzak banatuko dira 12 hilabeteko iraupena duten proiektuen artean, eta proiektu bakoitzak 18.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.  Proiektuek zerikusia izan behar dute arlo hauteko batekin: sentsorika, errealitate birtuala, areagotua eta mistoa, ikusmen artifiziala, robotika kolaboratibo eta malgua, fabrikazio gehigarria, gamifikazioa edo merkataritza elektronikoa.

Espero da 155 laguntza-eskaera jasoko direla eta 140 proiektu inguru onartuko direla. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 16n hasiko da eta irailaren 27an bukatu.

Era berean, datozen asteetan argitaratuko dira Basque Industry 4.0 eta Zibersegurtasun Industriala programak ere.

Basque Industry 4.0 programaren helburua da babesa ematea “teknologi hornitzaileen” (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen) teknologia manufakturako enpresa industrialei transferitzeko proiektuei, beti ere fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronika, Informazio eta Telekomunikazio Teknologien) esparruan.  Beraz, programa horren bitartez, EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago transferituko dira merkatura.

SPRI Taldeak 2,55 milioi euroko partida bat prestatu du, eta programa horren laguntzak jaso nahi dituzten enpresek 75.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurkeztu beharko dute, goitik jota 12 hilabete iraungo duten proiektuetarako. Ekimen horiek zerikusia izan behar dute arlo hauetako batekin: zibersegurtasuna, cloud computing-a, big data, robotika kolaboratiboa, errealitate areagotua edo sentsorika. Onuradunek %25erainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte banan-banako proiektuentzat, eta %15 gehiago proiektuak bere baitan hartzen badu enpresa baten eta ikerketa-organismo baten arteko lankidetza.  Espero da 30 laguntza-eskaera jasoko direla eta 25 proiektu babestuko direla.

Zibersegurtasun Industriala programa beraizik zuzentzen zaie enpresa industrialetako IT/OT inguruneetan (Information Technology/Operational Technology) zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa lantzen duten proiektuei. Programaren aurrekontua 600.000 eurokoa da eta gehienezko dirulaguntza 18.000 eurokoa.

Proiektuek zerikusia izan behar dute arlo hauetako batekin: datu industrialen sekurizazioa, langileen kontzientziazioa, zibersegurtasun egoeraren diagnostikoa edo segurtasun dispositiboen monitorizazioa. SPRI Taldeak aurreikusten du 60 laguntza-eskaera jasotzea eta 50 proiekturi laguntzea.

2018ko deialdian 102 proiektu onartu ziren (56 Gipuzkoako enpresenak, 25 Bizkaiko enpresenak eta 21 Arabakoenak) eta amaierako dirulaguntza 985.161 eurokoa izan zen. Batez beste proiektu bakoitzak 9.658 euroko dirulaguntza jaso zuen.

Zibersegurtasun Industrialeko laguntzak ekimen aitzindaria dira, eta ekimen hori SPRI Taldean integratutako eta Arabako Teknologi Parkean kokatutako Zibersegurtasuneko Euskal Zentroaren (BCSC, ingelesezko siglak) sorkuntzaren testuinguruan jaio da. Helburu nagusitzat dauka zibersegurtasun neurriak sustatzea industrian gizarte seguruago bat sortzeko, eta ikusgarritasuna ematea Euskadiko zibersegurtasunaren ekosistemari.