Sestaok tokiko enplegu-plan berria jarri du martxan; plana Lanbidek bultzatzen du, 1,6 milioi euroko inbertsioarekin, eta 113 kontratazio eskaintzen ditu

18_09_19_Sestao__1_.JPG

2019.eko irailak 18

  • Josu Bergara alkatea: “langabeziak jarraitzen du beherakada esanguratsua izaten –% 8 gutxiago azken urtean–, eta aukera berriak sustatzen ditugu lan bila dabiltzanentzat”.
  • Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea: “gizarte-kohesioaren hobekuntza eta herrialdearen garapena da”

Sestao, 19 09 18

Sestaoko Udalak tokiko enplegu-plan berria jarri du martxan; plana Lanbidek -Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, 1,6 milioi euroko inbertsioarekin, eta 113 kontratazio eskainiko ditu. Iosu Bergara alkateak zehaztu duenez, “nahiz eta langabeziak azken denboretan beherakada esanguratsua izaten jarraitzen duen –% 8 gutxiago azken urtean–, Sestaoko Udalaren iritziz oraindik langabezian daudenei aukera berriak aktibatzen eta eskaintzen dizkieten programak martxan jartzea ildo estrategikoa da, legegintzaldi berrian jarraitzekoa”.

 

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak honako hau esan du: “udalerriak Lanbideren laguntzarekin garatuko duen enplegu-plan berriak aukera emango du 113 pertsona kontratatzeko, bi administrazioek eginiko 1.575.000 euroko inbertsioari esker. Eusko Jaurlaritzak udalerriekin batera sustatutako enplegurako ekintza horiek eragin positiboa dute gure herrialdearen gizarte-kohesioan eta aurrerapen ekonomikoan”.

 

Enplegu-plan berria Lanbidek sustatutako laguntza ekonomikoen hiru deialdiak eratzen dute. Iosu Bergara alkateak zehazten duenez, “lehenengo eta behin, 2019rako eta 2020rako enplegu-plana dago; 844.733 euroko partida ekonomikoa du, eta 50 pertsonaren aldi baterako kontratazioa sustatzen du. Programa horrez gainera, bigarren enplegu-plana ere badago; Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Ezkerraldea eta Meatzaldea eskualdeetako Suspertze Planaren bidez, gune horrek Euskadiko beste eskualde batzuen aldean jasaten dituen desberdintasunak murrizteko. Kasu horretan, udaletxeak zuzenean kontratatuko ditu 18 pertsona, eta enpresentzako laguntza-plana garatuko du, langabeak kontratatzeko, beste 40 gehiago; horrela, 58 kontratazio izango dira, guztira. Hori guztia, 506.434 euroko inbertsioarekin.

 

Sestaoko hirugarren enplegu-planaren bidez, 30 urtetik beherako bost gazte kontratatu ahalko dira, eta, horretarako, 224.390 euroko inbertsioa egingo da.

 

Izen-ematea

Sestaoko Udalak eta Lanbidek diseinatu duten eta orain martxan jarri den enplegu-plana zenbait fasetan egingo da, inplikatuta dauden langileei hautagaitzen aukeraketarako eta haien elkarrizketa pertsonalerako bide emateko. Irailaren 20aren eta 26aren bitartean, zabalik egongo da lehen faserako izena emateko epea, eta guztira 32 plaza eskainiko dira.

 

Lehen fase horretan, honako ekintza hauek egingo dira: Kirol-jarduna sustatzeko eta hobetzeko Plana (4 kontratazio), Adinekoei eta mendeko pertsonei laguntzeko Zerbitzua (12 kontratazio), Modernizazioa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea (1 kontratazio), Berdintasunaren sustapena eta gazteen artean indarkeria sexistaren prebentzioa (1 kontratazio), Udal-artxiboen kudeaketa (9 kontratazio), Tokiko enplegu-ekintzei laguntzeko lan-kudeaketa (1 kontratazio), Kudeaketa-programak garatzeko zerbitzu informatikoa (1 kontratazio), Udaltzaingoan hirugarrenei datuak emateko kudeaketa informatikoa (2 kontratazio) eta Elkarreragingarritasuna eta espedienteen kudeaketa (1 kontratazio).

 

Bigarren fasea azarorako aurreikusita dago, eta, bertan, ofizial eta peoientzako kontratazioarekin lotutako enplegu-ekintzak jasoko dira, hiri-bilbea hobetzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta espazio publikoak margotzeko jarduketa txikiak gauzatzeko. Guztira, 32 postu izango dira.

 

Hirugarren eta azken fasea urte-amaieran izango da. Kasu horretan, bost lanpostu eskainiko dira 30 urtetik beherakoentzat, honako programa hauetan: Txabarri auzoan bizikidetza sustatzeko programa komunitarioa (3 plaza), Tokiko Agenda 21 Programa (1 plaza) eta euskarazko lan-euskarriak ezartzeko Programa (1 plaza).

 

Konpromisoa enpleguarekin

Josu Bergara Sestaoko alkatearen iritziz, “langabeziaren aurkako borroka udal-gobernuaren lehentasun nagusia da, bai udalerrira enpresa berriak iristearen bidez, bai enplegagarritasuna sustatuko duten eta pertsonentzat lan-aukerak sortuko dituzten ekintzak martxan jartzearen bidez, besteak beste gaur aurkeztutako enplegu-planaren bidez”.

 

Hori horrela, alkateak honako hau nabarmendu du: “Udalak 482.974 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du, enplegu-plan hori batera finantzatzeko; zifra hori esanguratsua da, eta gobernu honek enpleguarekin eta pertsonekin duen konpromisoa agerian uzten du”.

 

Muro sailburuordeak Sestaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimenen emaitza onak nabarmendu ditu, besteak beste, Gaztelan Sestaon gazte-enplegua sustatzeko programa; horren bidez, enplegurako prestakuntza-ikastaroetako parte-hartzaileetako 65 lan-egoera aktiboan daude.