Segurtasuneko sailburuak eta Buenos Aires probintziako Segurtasun ministroak akordio bat izenpetu dute polizia-lankidetza sendotzeko

2019.eko uztailak 16

Akordio hau Anbereseko eta Bavierako poliziekin berretsitakoei batuko zaie

Buenos Aires, 2019ko uztailak 16.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Argentinako Errepublikako Buenos Aires probintziako Segurtasun ministro Cristian Ritondok adierazpen bateratu bat izenpetu dute gaur Buenos Airesen (Argentina), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Buenos Aires probintziako Ministerioko polizia-zerbituen arteko lankidetza areagotzeko. Akordio hau Anbereseko eta Bavierako poliziekin berretsitakoei batuko zaie.

 

Atzo berretsitako hitzarmenaren helburuetako bat da delinkuentziaren aurkako borrokaren eta prebentzioaren esparruan eta segurtasunaren eta ordena publikoaren arloan, eta, bereziki, nazioarteko terrorismoaren, krimen antolatuaren, lapurtutako ibilgailuen trafikoaren eta dokumentuen faltsifikazioarekin eta sorgorgarriekin zerikusia duen delinkuentziaren aurkako borrokaren esparruan, egiten den polizia-laneko esperientziak trukatzea.

 

Dokumentuan jaso da irakaskuntzaren eta prestakuntzaren arloko esperientziak trukatzeko eta, bereziki, irakaskuntzako eta prestakuntzako programak eta horietako edukiak antolatzeko lankidetza ere. Era berean, testuan informazio-truke hori teknologia berrietara, zuzendaritza-erremintetara eta baliabide berezietara ere hedatzen da.

 

Ildo berean, bakoitzaren polizia-instalazioetara bisitaldiak egiteko beharrezko mekanismoak ere jaso dira.

 

Bien intereseko elkarlana garatzea eta areagotzea da Buenos Aires probintziako Poliziaren ordezkaritzarekin egindako hitzarmenaren helburuetako bat. Bi polizia-kidegoen arteko harreman estua 2017ko urrian hasi zen. Data horretan Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko eta Herritarren Babeserako Dibisioaren buruek Buenos Aires Probintziako Poliziaren hainbat instalazio eta erakunde bisitatu zituzten La Platan, Herritarren babeserako kudeaketa-ereduen eta politika publikoen arloko elkar trukeen adierazpen-agiriaren esparruan.

 

Iaz, Jorge Oscar Figini komisario generala buru zuen Argentinako ordezkaritza batek eta beste hamar buruzagik Ertzaintzaren polizia-eredua, Misioa, Bisioa eta Baloreak oinarri dituena, hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten, eta erakundearen kudeaketaren eta egituraren berri izan zuten bisitatu zituzten Ertzaintzaren ertzain-etxe, unitate eta zerbitzuetan.

 

Tarte honetan, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateko agenteak Argentinan izan dira gaiaren inguruko eskolak ematen, eta Ertzaintzako Esku-hartzeko taldeak eta Negoziazio taldeko kideek praktika bateratuak egin dituzte eta Ertzaintzaren esku-hartze eta negoziazio teknikak landu dituzte.

 

Joan den otsailean, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo Buenos Aires Probintziako (Argentina) Poliziaren ordezkaritzarekin elkartu ziren Arkauteko Akademian. Jorge Oscar Figini komisario nagusia buru zuen ordezkaritzak Euskadi bisitatu zuen, bertatik bertara ezagutzeko segurtasunaren arloko politika publikoak eta Ertzaintzak herritarren babesaren arloan duen kudeaketa-eredua.

 

Buenos Aires probintziako Poliziak 94.000 agente ditu, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta eskumen osoak dituzte probintzia barruan, eta, horrez gainera, Zuzendaritza mailako Esku-hartzeko Unitate bat ere badu (Halcón Unitatea).

 

Adierazpena izenpetu ondoren, Segurtasuneko sailburuak La Platako Call Center 911 zentroa bisitatu du, eta arratsaldean, berriz, Barne Arazoetarako Auditoretza Orokorra ezagutuko du Guillermo Berra auditore nagusiarekin.