Segurtasuneko sailburua Berrozin elkartu da Bavariako Poliziaren ordezkaritzarekin

2019.eko irailak 16

Ertzaintzak eta Bavariako Poliziak elkarlaneko jarduerak eta orain dela bi urte izenpetutako lankidetza-protokoloa ebaluatu dituzte

Berrozi, 2019ko irailak 16.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo eta Ertzaintzaren buru Josu Bujanda Bavariako Poliziaren ordezkaritzarekin elkartu dira Ertzaintzaren Berroziko instalazioetan; ordezkaritza horretako kideak izan dira Wilhelm Schmidbauer, Bavariako Estatu Federaleko Poliziaren presidente, eta Susana Kullmann, nazioarteko poliziaren lankidetza-zerbitzuaren arduraduna.

 

Bileran bi polizia-kidegoen arteko lankidetza-jarduerak ebaluatu dituzte, eta bi polizia-zerbitzuek lankidetza areagotzeko orain dela bi urte Munichen izenpetu zuten adierazpen bateratuaren jarraipena egin dute. "Ertzaintzarentzat funtsezkoak dira Europako beste polizia batzuekin ezarritako aliantza eta harreman horiek. Poliziaren jardunbide egokien arloan informazioa eta jakintza partekatzeko aukera ematen dute. Kasu honetan Bavariako Poliziarekin, lankidetza-protokolo bat baitugu izenpetuta", esan du Segurtasun sailburuak.

 

Adierazpen bateratuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Bavariako Herrizaingo Ministerioak hitzematen zuten polizien arteko lankidetza areagotuko zutela Europaren baterakuntza-prozesu progresiboaren baitan zituzten interes bateratuetan oinarrituta, Europar Batasunean askatasuna, segurtasuna eta justizia sendotzeko.