Segurtasun Sailak proiektu pilotu bat diseinatu du atxilotuen kudeaketa Bilboko Ertzain-etxean zentralizatzeko

Bilbao-11.JPG

2019.eko ekainak 06

Planaren arabera, Deustuko Ertzain-etxean zentralizatuko dira Basauri, Bilbo, Galdakao, Erandio eta Laudioko ertzain-etxeetako atxiloketak

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainak 6.

Segurtasun Sailak Basauri, Galdakao, Erandio eta Laudioko ertzain-etxeetan egindako atxiloketak Bilboko Ertzain-etxean zentralizatzeko proiektu pilotua aurkeztu du Ertzaintzaren Kontseiluan. Helburua, besteak beste, Arartekoaren eta Europako Kontseiluaren gomendioak kontuan izatea da. Kontseiluan, Josu Zubiaga, Segurtasuneko Sailburuordearen eta Ana Agirre, Administraritza eta Zerbitzuen Sailburuordearen partaidetzarekin, Bilboko Ertzain-etxean zentralizatuko den eta bertako atxiloketa gunean hobekuntzak egiten direnean abian jarriko den proiektu pilotuaren ezaugarri nagusien berri eman da gaur.

 

Bost polizia-unitatetako atxilotuen kudeaketa Deustuko Ertzain-etxean zentralizatzeko proiektuaren helburuak honakoak dira: Arartekoaren eta Europako Kontseiluaren gomendioak jarraituz ziegetan segurtasun-kamerak instalatzea, adin nagusikoak eta adingabeak bereizteko ziegak izatea, baliabideen efizientzia hobetzea eta judikaturarekin koordinazio hobea izatea.

 

Eta beti kontuan hartuta etika publikoaren eta giza eskubideen errespetua eta atxilotuen bizia eta integritate fisikoa eta psikikoa zaintzeko premia, euren eskubideak, ohorea eta duintasuna errespetatuta eta, aldi berean, atxiloketan parte hartzen duten agenteen segurtasun fisikoa, psikikoa eta juridikoa bermatuta.

 

Proiektuaren bidez egitekoak diren hobekuntzarik esanguratsuenak dira kamerak jartzea ziegetan, komun antibandalikoak instalatzea eta zaintza-postutik monitorizatzea.

 

Proiektuan aurreikusten den plan pilotua Deustuko Ertzain-etxeko atxiloketa gunean hobekuntza-lanak egiten direnean jarriko da abian, bertan zentralizatuko denez Basauri, Bilbo, Galdakao, Erandio eta Laudioko polizia-unitateetan atxilotutako pertsonen kudeaketa.

 

Bilboko Ertzain-etxeko atxiloketa gunean 15 ziega daude. Egoera da atxiloketen % 83 Bilboko Ertzain-etxetik egiten direla. Eta kasuren batean 15 atxilotu baino gehiago egongo balira, Erandioko Zentralera bideratuko lirateke.

 

Behin atxilotuen kudeaketa zentralizatzeko proiektua Ertzaintzaren Kontseiluan aurkeztu denean, proiektuak eragiten dien Ertzaintzako unitate guztiei eta udaltzaingoei aurkeztuko zaie eta Bilboko eta Getxoko epaitegiei eta Abokatuen Elkargoari jakitera emango zaie.