Segurtasun Sailak ohorezko 18 aipamen eman ditu Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan

2019.eko ekainak 14

Sariak Ertzaintzaren Erandioko Egoitza Nagusian banatu dira

Erandio, 2019ko ekainak 14.

Guztira hemezortzi pertsonak edo erakundek jaso zituzten ostiralean Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian Segurtasun Sailak Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan ematen dituen ohorezko aipamenak. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondok eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak banatu zituzten merituzko ekintzen arrisku-ezaugarri bereziak, nekagarritasuna, ekimen profesionala eta gizarte-garrantzia kontuan hartuta eta ofizioz edo, bestela, partikularren, langileak kide diren enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez Ertzaintzarekin lankidetzan jarduteagatik ematen diren aipamen horiek.

 

 

Ekitaldi honen laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta behin berriro ere Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin da. Aurten, zehazki, ohorezko hamahiru sari, hiru diploma eta ohorezko bi plaka eman dituzte, pertsona fisikoak, erakundeak, korporazioak, entitateak edo establezimendu publikoak edo pribatuak saritzeko.

 

Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan ohorezko aipamenak emateko Ebaluazio Batzordeak guztira 30 proposamen aztertu ditu, eta horietako hemezortzi saritzea erabaki du. Sari nagusia, domina, esleitu gabe geratu da edizio honetan, aipamen horretarako ez denez proposamenik jaso.

 

Ohorezko hamahiru sariak Sabico, Delta, Prosegur, Ombuds, Securitas, Tepol eta Alse enpresetako segurtasun-zaindariei eman dizkiete. Errekonozimendu horiek jasotzeko meritu nagusiak izan dira gaixo dauden edo istripua izan duten pertsonei emandako ezohiko laguntza edo delitu baten aurrean egindako prebentzio edo erreakzio ekintza esanguratsuak.

 

Hiru diplomak Securitas Seguridad, Delta Seguridad eta Prosetecnisa enpresei eman dizkiete. Erakunde horiek euren langileen etengabeko prestakuntzan egindako ahaleginagatik gailendu dira. Ahalegin hori neurtzeko erroldaren bolumena eta urtean prestatutako langileen ehunekoa izan dira kontuan.

 

Azkenik, ohorezko plaka Foro Efitec Elkarteari eman diote. Espainian 1997an sortu zen elkarte honek banketxeetako segurtasun-arduradunak elkartzen ditu. Saria emateko azpimarratu diren balioen artean dago bankuen eta aurrezki kutxen, erakunde publikoen eta segurtasun-hornitzaileen arteko lotura-elementua izatea eta beste herrialde batzuetako antzeko elkarteekin izandako lankidetza-harremana. Bilboko Metroko Segurtasun Sailak jaso du bigarren ohorezko plaka delituak argitzeko Ertzaintzarekin egindako lankidetza-ibilbide luzeagatik.