Segurtasun Sailak Jokoaren Euskal Behatokia eratu du Euskadin jokoaren egoera zein den ikertu eta aztertzeko eta horren berri emateko

2019.eko otsailak 14

  • Lanen eta txostenen emaitzetan oinarrituta, jokoaren sektorearekin zerikusia duten proposamen teknikoak eta/edo arautzaileak jasoko dituen ekintza-plan bat egingo da

Joko eta Ikuskizunetako zuzendari Aitor Uriarte izan da Jokoaren Euskal Behatokia eratzeko gaurko bileraren buruan. Behatokia Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren errealitatea zein den ikertzeko eta aztertzeko eta horren berri emateko zerbitzu zentralizatua izango da. Jokoaren Euskal Behatokia kide anitzeko organoa da eta Euskadin jokoaren inguruabarrak etengabe aztertzea da bere helburua, Euskadiko Jokoa Arautzeko Agintaritzari fenomenoari buruzko ikuspuntu orokorra emateko, honek bere politika publikoak ezartzerakoan.

Behatokia osatuko dute Joko eta Ikuskizunetako zuzendari Aitor Uriartek eta Segurtasun Sailari atxikitako hiru pertsonak, pertsona horiek politika publikoetan, estatistikan eta analisi soziologikoan eta araudiaren ebaluazioaren kalitatean adituak izango dira. Behatokiko kide izango dira, era berean, adikzioetan aditua den Osasun Saileko pertsona bat, gazteek jokoaren aurrean izaten dituzten portaeretan aditua den Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko beste bat eta merkatu ekonomikoaren analisian aditua den Ogasun Saileko beste bat.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia Jokoaren Euskal Behatokia eratzeko ekitaldian izan da, eta, oreka lortzen saiatuz, jokoaren arauketa egokitzen joan ahal izateko erreminta berriak izatearen garrantzia azpimarratu du: “Behatokiari esker joko arduratsuaren kontrolerako eta prebentziorako neurriak sakontzen eta neurri horiek hartzeko lanean jarraitu ahal izango dugu”.

Behatokiaren helburuak hiru ardatzen ingurukoak izango dira:

  • Informazioa: EAEn jokoari buruz dagoen informazioa biltzea, sistematizatzea eta ematea.
  • Ikerketa: ikerketa lanak eta azterlanak egitea jokoa ulertzen eta sakontzen eta gizartean duen eragina neurtzen laguntzeko.
  • Dibulgazioa, formakuntza eta sentsibilizazioa: formakuntza-jardunaldiak antolatzea. Sentsibilizazio-lan hori jokoaren arloan jardunbide egokiak hedatzera bideratutako prebentzio-kanpainak eta kanpaina hezitzaileak sustatuz eta bultzatuz egingo da, beste administrazio publiko eta/edo organismo publiko edo pribatu batzuekin elkarlanean.

Helburu horiek guztiak gai horiekin nolabaiteko lotura izan dezaketen gizarte-sektore guztiei zuzenduta beteko dira: jokoaren arloko enpresak, adikzio-portaeren tratamenduan diharduten elkarteak, erakunde publikoak, ikertzaileak eta herritarrak.

Ekintza-plana

Jokoaren Euskal Behatokiaren eginkizunetako bat gai jakinei buruzko txostenak egitea izango da, eta horietatik abiatuta egingo den ekintza-planean, esate baterako, adingabeek eta debekatuta duten pertsonek jokatu ahal izatea eragoztera, jokoaren erabilpen desegokiarekin zerikusia duten arriskuak murriztera, jokoaren eta substantziarik gabeko adikzioen arriskuen gainean kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak egitera (orokorrean eta, bereziki, hezkuntzaren esparruan) eta EAEko joko-eskaintza dimentsionatzera bideratutako proposamen teknikoak eta/edo arautzaileak jasoko dira.