Segurtasun Sailak itsas salbamenduko beste ontzi bat eman dio Itsasoko Gurutze Gorriari.

Argitalpen-data: 

112ren Europako Eguna dela eta.

112ren Europako Eguna dela eta, Itsasoko Gurutze Gorriari erreskateko beste ontzi bat emateko ekitaldia egin da gaur eguerdian Getxoko (Bizkaia) Arriluzeko portuan, eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da ekitaldiaren buruan. Itsasoko Gurutze Gorriari eman zaion ontziak euskal kostaldeko uretan salbamenduak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ditu, eta horrekin laguntza-erakundeak duen flota indartu eta modernizatuko da. Sailburuarekin batera izan dira ekitaldian Euskadiko Gurutze Gorriaren presidente Iñaki Irusta, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua.

Gaur eguerdian egin da Getxon Itsasoko Gurutze Gorriari beste unitate bat lagatzeko ekitaldia. Eusko Jaurlaritzak organismo horri azken urteotan eman dizkion 14 salbamendu-ontzien flota osatzen du ontziak. “Lankidetza hau estrategikoa da Departamentuarentzat, Estatutoa erabat bete arte beti aldarrikatuko dugun itsas-salbamenduko konpetentzia oso batek izan beharko lukeenaren bidea erakusten digu. Eskertu nahi diot Gurutze Gorriari, gure baliapideekin eta berak dauzkenekin eskaintzen duen zerbitzua; esker on honek noiz edo noiz itsasoan Gurutze Gorriaren laguntza jaso duten hiritarren bihotz taupada ordezkatzen du”, esan du Beltran de Heredia, Segurtasun sailburuak.

Ogoño I izeneko unitatea eraiki berria da, azken belaunaldikoa, eta ontzia erosteko eta ekipatzeko 186.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. Kabinadun ontzi bat da, ia bederatzi metroko luzera eta hiru metroko erruna ditu, eta tona eta erdiko desplazamendua dauka.

Karelez kanpoko bi motor ditu, guztira 450 Cv-ko potentzia ematen diotenak. 35 korapiloko gurutzaldi-abiadura har dezake eta autonomia handia du, 620 litro erregai sartzen baitira deposituetan.

Ontziak itsasoan erreskateak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak ditu (nabigazio- eta komunikazio-sistemak, radarra, AIS identifikazio automatikoko sistema, Intercoma, GPSa, bozgorailua, sirena, larrialdi-argiak, ontziak atoian eramateko sistema, eta abar).

Unitate honekin Itsasoko Gurutze Gorriak kudeatzen dituen 14 erreskate-ontzik osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko itsas salbamenduko ekipamendua. Ontzi horiek Arriluzen (3 unitate), Bermeon (2), Ondarroan (2), Getarian (2), Donostian (2), Pasaian (1) eta Hondarribian (2) daude. Guztiak Eusko Jaurlaritzak laga ditu.

2018an artatu diren deiak eta gorabeherak

Era berean, eta Europar Batasun osoan urtero otsailaren 11n ospatzen den Larrialdietako 112 telefono-zenbakiaren Europako Eguna dela eta, Segurtasun Sailak SOS Deiak Koordinazio Zentroen iazko balantzearen berri eman du.

Zentro horiek 822.260 dei artatu zituzten eta 220.193 gorabehera kudeatu zituzten 112 telefono-zenbakiaren, SOS Deiak App-ren eta Europako e-Call sistemaren bidez. Zifrak 2017koen oso antzekoak dira (864.261 dei eta 205.708 gorabehera).

Aurreko urteetan bezala, artatutako gorabehera gehienak larrialdi medikoekin (% 22,11), kalean arriskuak hautematearekin (%  19,15), herritarren segurtasunarekin (% 15,44), pertsonen istripuekin (% 14,14) eta trafiko-istripuekin (% 9,77) lotuta zeuden. Artatutako deiei dagokienez, Bizkaian 449.748 dei izan ziren, Gipuzkoan 259.716 eta Araban 112.796.

Lurraldeen arabera, Bizkaian guztira 104.028 gorabehera artatu ziren (2017an 99.535), Gipuzkoan 74.123 (2017an 70.274) eta Araban 42.042 (2017an 35.899). Artatutako deiei dagokienez, Bizkaian 449.748 dei izan ziren (2017an 471.693), Gipuzkoan 259.716 (2017an 265.024) eta Araban 112.796 (2017an 127.544).

112ren Europako Eguna egiten da herritarrei gogora ekartzeko 112 Europar Batasuneko estatu guztietan dagoela erabilgarri, eta kabina batetik, telefono mugikor batetik edo telefono finko batetik markatu daitekeela.

Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren 2018ko dominak

Azkenik, Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren 2018ko dominak jasoko dituzten pertsonen izenak jakinarazi dira.

 Hauek dira edizio honetan sariak jasoko dituztenak:

  • Carmelo Arrizabalaga Zabala, Debako herritarra, hil osteko bereizgarri gorridun domina jasoko du. Arrizabalaga joan den azaroaren 1ean hil zen Sorginetxe inguruan maldan behera erorita, galduta zegoen emakume bat bilatzeko lanetan parte hartzen ari zela.

Bestalde, hauek izango dira bereizgarri berdedun domina jasoko duten hiru pertsonak:

  • Youseff Chaiba. Ondarroan (Bizkaia) bizi den hiritar marokoarrak joan den urtarrilaren 3an uretara jauzi egin zuen Mutrikuko kai-mutur zaharrean olatuek eramanda itsasora jausi ziren bi gasteiztarri laguntzeko ahaleginean.
  • Ángel Villuela Bezana garabi-gidaria. Bilboko hiritarra, 2018ko maiatzaren 29an Bilborako sarbidean, San Mamés parean, irauli eta erdibitzailearen kontra talka egin ondoren kamioiaren kabinan harrapatuta geratu zen gidaria erreskatatzeko lanak gidatu zituen.
  • Sestaoko Aritz Aguiar Basabe. Joan den ekainaren 15ean gizonezko bat Abatxoloko geltokian (Bilboko Metroan) trenbidera jaustea eragotzi zuen, nasako segurtasun-lerroa gainditu ondoren bere burua konboiari botatzeko asmotan zegoela.

Bereizgarri horiek ematen diren bigarren aldia da, eta ohorezko sari horiekin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak urtero saritzen ditu, batetik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak eta, bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.

Dominak banatzeko ekitaldia datorren larunbatean, otsailaren 16an, egingo da Gasteizko Goiuri Jauregian.

Diplomak

Bestalde, ekitaldian errekonozimendua adieraziko zaie, akreditazio-diplomen bidez, Segurtasun Sailarekin hitzarmena duten eta lankidetzan 25 urte bete dituzten udal babes zibileko 7 elkarteri eta zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten boluntarioei.

Aurtengo diplomak Euskadiko Gurutze Gorriari, Euskal DYAri, Mungiako Babes Zibilari, Amurrioko Babes Zibilari, Balmasedako Babes Zibilari, Arabako Mendialdeko Babes Zibilari eta Valdegobiako Babes Zibilari emango zaizkie.

 

2018an Larrialdiak Koordinazio Zentruek kudeatutako gertakariak (PDF, 144 KB) 

 2018an Larrialdiak Koordinazio Zentruek erantzundako deiak (PDF, 154 KB)