Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar astearterako eta etzi asteazkenerako muturreko tenperatura altuengatik

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du muturreko tenperatura altuengatik Arabako lurraldean eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean. Alerta laranja bihar, asteartea, uztailak 23, eta etzi, asteazkena, hilak 24, 12:00etatik 21:00etara egongo da aktibatuta. 

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, egoera hori Afrika iparraldetik iritsiko den aire-masa oso bero eta iraunkorrak eragingo du. Horren ondorioz, gaueko eta eguneko tenperaturak oso altuak izango dira EAE osoan, eta tenperatura altu iraunkorrek irauten duten bitartean tenperatura minimoak 17 eta 20 ºC artekoak izango dira eta maximoak, berriz, 30 ºC-tik gorakoak itsasertzean eta 37-39º C-tik gorakoak barnealdean.

Bihar, asteartean, hego haizeak indarra hartuko du, eta beroa areagotu egingo da batez ere Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean; tenperatura maximoak 40 ºC-tik gorakoak izan litezke zenbait tokitan.

Arratsaldean, kostaldean, haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du bat-batean, 50-70 km/h-ko bolada gogorrekin, eta tenperaturek 8-10 ºC egin dezakete behera ordubetean.

Asteazkenean, hilaren 24an, tenperatura maximoak 30 ºC ingurukoak izango dira itsasertzean eta 37-39 ºC ingurukoak barnealdean. Ostegunetik aurrera tenperaturak zertxobait baxuagoak izango dira, baina, hala ere atalase horiek gainditu daitezke Mediterranio isurialdean.

Azkenik, aurreikuspenen arabera, datorren ostiralean, hilaren 26an, amaituko da bero-bolada EAE osoan, eta egun horretan tenperaturak 20-25 ºC ingurukoak izango dira.

Bestalde, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du astearterako eta asteazkenerako EAE osoan baso-suteak izateko arriskuagatik, tenperatura altuen, hego-haizearen eta hezetasun erlatibo baxuaren ondorioz arriskua handia baita.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus ) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.

 

GOMENDIOAK

Tenperatura altuen ondorioz, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osasun Sailarekin lankidetzan, honako aholku hauek eman ditu:

  • Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko. Ez itxaron egarria izan arte edateko. Ez edan alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duen edaririk.
  • Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
  • Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
  • Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
  • Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.
  • Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin, esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin.
  • Zaharrek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasun-egoeraren batean daudenek, arazoak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko, eta komeni da, beraz, senide, adiskide edo auzoko batek egunean behin gutxienez bisita egitea, eta, behar izanez gero, gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu behar da.
  • Kontsultatu medikuari honako sintoma hauetakoren batek ordubete baino gehiago irauten badu eta tenperatura altuekin lotuta badago: ahultasuna, nekea, zorabioa, goragalea edo konortea galtzea.
  • Botikak leku freskoan gorde, beroak konposizioa eta eragina alda baitezake.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Pertsona batek intsolazioa jasaten badu, leku freskoan eduki, buruan eta besazpietan zapi bustiak jarri eta ura eman edateko gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahastuta.
  • Konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.