San Josek ASLE-ren Batzar Nagusiaren irekiera ekitaldia zuzendu du.

64C33DCC-4477-4FC7-8597-3BF6DD2DDA27.jpeg

2019.eko maiatzak 10

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearen (ASLE) Batzar Nagusiaren irekiera-ekitaldia zuzendu du gaur, Bilboko Iberdrola Dorreko Ekitaldi Aretoan.

San José sailburuak euskal lan-sozietate guztien jardueraren bilakaera positiboa azpimarratu du, azken bost urteetan gehikuntzak izan baitituzte enpleguan, fakturazioan eta esportazioetan. “Enpleguak % 3tik gorako igoera izan du 2018an, eta horrek bereziki pozten gaitu. Izan ere, enplegu konprometitua da, eta, zalantzarik gabe, kalitatekoa".

Sailburuak, halaber, Lan eta Justizia Sailak Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresak eta erakundeak bultzatzeko hartu duen konpromisoa gogorarazi du, funtsezkotzat hartzen baititu lurralde-garapenerako eta gizarte-kohesiorako. “Hori dela eta, gizarte-ekonomiaren printzipioak eta balioak sustatzen jarraituko dugu, eta gizarte-ekonomiako enpresa gehiago eta hobeak sortzeko eta finkatzeko beharrezkoak diren neurriak babestuko ditugu, bereziki lan elkartuko kooperatibak eta lan-sozietateak kontuan hartuta, ekintza kolektiboko formulak diren heinean”.

SAILBURUAREN HITZALDIA

Egun on, ASLEko presidente Kepa Olivares jauna, egun on Josetxo Hernandez eta hemen bildu zareten lagun guztiok, eta, nola ez, eskerrik asko urtero bezala zuen Batzar Nagusiaren hasiera-ekitaldi honetara gonbidatu izanagatik.

Batzar honen aurretik egindako prentsaurreko batean, Euskadiko Lan Sozietateen eta Partaidetzako Enpresen Elkartean (ASLE) sartuta dauden lan-sozietateen balantze ekonomikoaren berri eman zenuten.

Agerpen horretan, zuen enpresa elkartuek azken bost urteetan enpleguan zein fakturazioan izan duten bilakaera positiboa azpimarratu zenuten, eta euskal ekonomiak aldi horretan bertan izan duena baino hazkunde handiagoa izan duzue.

Enpleguak % 3tik gorako igoera izan du, eta horrek bereziki pozten gaitu. Izan ere, enplegu konprometitua eta partaidetzako enplegua da, eta, zalantzarik gabe, kalitatekoa.

Bestalde, fakturazioak eta esportazioek izan duten igoera handia (% 9 eta % 10, hurrenez hurren) lan-sozietateen indarraren adierazgarri dira. Izan ere, gehienek etekinak izan dituzte, eta etekin horiek bazkide guztien artean banatu dira. Era horretan, zentzua eman diozue ordezkatzen duzuen enpresa-ereduari.

Ia 600 enpresak eta 7.000 enplegatuk baino gehiagok sustatu beharreko errealitatea eta eredua osatzen duzue.

Ordezkatzen duzuen eredua guztiz bat dator Konstituzioan jasotako balioekin, eta enpresen produktibitatea eta enpleguaren kalitatea hobetzeko funtsezko tresnatzat hartu da Europa 2020 Estrategian.

Jakina, datu horiek ikusita, zorionak eman behar dizkizuet zuen kudeaketagatik eta euskal gizarte osoari konpromisoa, indarra eta egiten jakitea erakutsi izanagatik. Zorionak guztioi.

Lan eta Justiziako sailburu gisa, nire Sailak lan-sozietateekin hartu duen erabateko konpromisoa adierazi nahi dizuet lehenik eta behin; ez dira hitz hutsak, ongi dakizue hori; etengabeko eta baterako lana eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak ASLEri emandako babes esplizitua dira zuen enpresen alde egin dugun apustu garbia adierazteko modurik onena.

Azpimarratu nahi dut, gainera, niretzat atsegin handia izan dela lan-sozietateak bisitatu eta ezagutu izana; adibidez:

IZAR CUTTING TOOLS, Zornotzakoa

KATEALEGAIA, Hernanikoa

ZORROTZ LEGAZPI

FMD CARBIDE, Basaurikoa, eta

ISEQ AZPEITIA

Oroitzapen berezia geratu zait egindako bisitaldi guztiez eta presidenteekin, kontseiluetako kideekin eta bazkide langileekin guztien lanaren, ahaleginaren eta beren proiektuarekin eta beren enpresarekin duten konpromisoaren errealitatea ikusi izanaz.

Aukera handia izan da zuen erronkak eta proiektuak hurbilagotik ezagutzeko, baita Sailak gizarte-ekonomiako erakundeak eta enpresak babesteko duen konpromisoa berretsi eta sendotzeko arrazoia ere, kalitateko enplegua sortzen duen enpresa jasangarri eta integratzailearen eredu baitira.

Bisitaldi-programa ez da amaitu oraindik. Badakit Jokin eta Josetxo bisitaldi gehiago programatzen ari direla, eta agendak egokitzen ditugunean egingo ditut.

Gure ustez, funtsezkoak zarete lurralde-garapenerako eta gizarte-kohesiorako.

Hori dela eta, gizarte-ekonomiaren printzipioak eta balioak sustatzen jarraituko dugu, eta gizarte-ekonomiako enpresa gehiago eta hobeak sortzeko eta finkatzeko beharrezkoak diren neurriak babestuko ditugu, bereziki lan elkartuko kooperatibak eta lan-sozietateak kontuan hartuta, ekintza kolektiboko formulak diren heinean.

Hitz hauek ahal dudan leku guztietan errepikatzen ditut, eta zuzentzen dudan Sailean ezarritako lan-ildoari erantzuten diote, baina nire konbentzimendu ideologikoan eta nire konpromiso politikoan dute jatorria. Beste aukera batzuk gutxietsi gabe, jakina, esan dezaket guztiz koherentea dela sozialista izatea eta gizarte-ekonomiaren modalitate guztiak defendatzea.

Legegintzaldi honen hasieran, gizarte-ekonomia eta, zehazkiago, lan-sozietateak sustatu eta sendotzera bideratutako aurrekontu-partidak handitzea izan genuen helburu. Lehen bi ekitaldietan, helburua lortu genuen, eta ziurta diezazueket aurtengoan ere, nahiz eta aurrekontu-luzapenean gauden, beste igoera bat lortuko dugula.

Lan-sozietate gehiago eta hobeak izateko dirulaguntzen programekin jarraituko dugu.

Zuen jarduera arautzen duen Lan Sozietateen eta Partaidetzako Sozietateen 44/2015 Legean ezarritakoaren arabera kapital sozialean partaidetza izango duten langileez osatutako enpresa berrien sorkuntza bultzatzen jarraituko dugu.

Halaber, merkataritza-sozietate arruntak lan-sozietate bihurtzeko aukera sustatzen jarraituko dugu egoerak aholkatzen duenean, enpresaren eta enpleguaren jarraipenean laguntzeko.

Eraldaketa hori esperientzia arrakastatsua izan zen hasieran (oso ongi dakizue hori zuetako askok), eta oraindik ere alternatiba eraginkorra eta efizientea da enpresa-krisiak gainditzeko.

ASLEk (zuen sektoreko elkarte adierazgarri gisa) eta enpresa elkartu askok eskuragarri dituzue Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak deialdien bidez eskaintzen dituen laguntza-ildo guztiak. Laguntza-ildo horiek hainbat alderditara zuzenduta daude:

  • Ekintzailetza eta enpresa-egiturak sendotzea.
  • Langileen prestakuntza.
  • Elkartegintzaren eta enpresen arteko lankidetzaren sustapena.
  • Kudeaketa-tresna egokiak eskainiko dituen laguntza teknikoa.

Lan eta Justizia Sailak duen beste eskumen bat Euskadiko enpresen artean enpresaren gizarte-erantzukizunaren kultura eta praktika sustatu eta garatzeko eskumena da. Ziur diotsuet zeregin horretan jasotzen ari garen babesik irmo eta erabakigarrienetako bat ASLErena dela. Eskerrik asko, Josetxo, zure laguntzagatik.

Aurrekoaz gain, Euskadin sozietate partaidetuak garatzeko bide bat hasi dugu. Zuekin lankidetzan dihardugu, eta langileek enpresen kapitalean, emaitzetan edo erabakiak hartzeko garaian parte hartzeko aukeran sakonduko dugu datozen hilabeteetan.

44/2015 Legean islatuta dagoen ekimen bat garatzeko paradigma ezin hobea zarete. Ekimen hori, gainera, bat dator Eusko Legebiltzarrean lantzen ari garen legegintzaz kanpoko ekimen batekin. Ekimen horretan, “gure Autonomia Erkidegoan inklusioan eta parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu bat sustatzeko jarduketa-plan bat lantzeko eta ezartzeko” eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari.

Ez nuke hitzaldi hau amaitu nahi duela gutxi egin den eta testuinguruagatik zein ondorioen edukiagatik garrantzi handia duen kongresu bat aipatu gabe.

Joan den apirilaren 10ean eta 11n, Lanaren Nazioarteko Erakundearen sorreraren mendeurrena ospatzeko Kongresu bat egin zen Oñatin.

Kongresua gure Sailak antolatu zuen, eta Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen Espainiako Bulegoaren laguntza jaso zuen. Bertan, hainbat herrialdetako ordezkariek eta gizarte-eragileen ordezkariek parte hartu zuten.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak “Nahi dugun lanaren etorkizuna” planteatu du gogoeta-esparru gisa, eta datorren ekainean Genevan egingo den Nazioarteko Konferentziak emango dio amaiera prozesuari.

Euskadin, ondorioak zehazten lagundu nahi izan genuen, eta, horretarako, dekalogo bat aurkeztu nuen Oñatiko Kongresuan bertan. Funtsean, honako printzipio hauek biltzen ditu:

  • Enpleguaren kalitatera bideratutako lan-harremanen eredu berri batean aurrera egitea, pertsonek bizi-proiektu duinak garatzeko premisa gisa.
  • Lanbide-kualifikazioa eta gaitasunen etengabeko egokitzapena lehiakortasun eta jasangarritasunerako elementu gisa bermatuko dituen eredua.
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena helburu nagusi izango duen eredua.
  • Lan-jarduerak egitean pertsonen osasuna eta ongizatea zainduko dituen eredua.
  • Pertsonek enpresan neurri handiagoan parte hartzeko aukera bultzatuko duten baldintza objektiboak, legezko tresnak eta tresna konbentzionalak sortzeko gai izango den eredua.
  • Eta, azkenik, oro har pertsonak enpresa-proiektuetan pixkanaka inplikatzeko aukera bultzatzera bideratuta egongo den eredua.

Uste dut ez duzuela ahalegin handirik egin behar datorren ekainean Genevan egingo den Nazioarteko Konferentziara eramango ditugun printzipioekin identifikatuta sentitzeko. Erakunde gisa egiten duzuen jarduera bat dator erabat filosofia horrekin

Nire aldetik, Batzar honetan lan ona egitea eta zuen proiektuetan arrakasta izatea opa dizuet.

Eskerrik asko

.