Informazio oharra: Lehen mailako arreta

2019.eko maiatzak 17

Zenbait sindikatuk Euskadiko lehen mailako arretaren eremuan deitutako greba-jardunaldia dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak honako hauek nabarmendu nahi dituzte:

  • Osasun Sailak eta Osakidetzak hainbatetan erakutsi dute langile guztiek mobilizatzeko eta greba egiteko duten eskubidearekiko erabateko errespetua. Hala ere, beren ustez, grebaren bidea ez dago justifikatuta; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian jaso diren errefortzurako 35 neurrietako 15 jarri ditu abian, dagoeneko
  • Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak elkarrizketaren eta elkarren arteko ulermenaren aldeko apustua egiten dute. Osakidetzaren Mahai Sektorialak onartu du plataforma sindikalaren proposamenei ekitea, eta horiek tratatzeko bileren erritmoa areagotu du. Azken hilean, hain zuzen ere, Mahai Sektoriala hiru aldiz batu da, eta hurrengo bilera maiatzaren 27an egitea aurreikusten da.
  • Lehen Mailako Arretarako Estrategia eremu horretako profesionalekin elkarlanean urtebetez jardun ondoren sortu zen. Estrategiak zenbait neurri zehatz aurreikusten ditu: baliabide pertsonalak eta materialak sendotzea, osasun-langileen lana desburokratizatzea eta Erizaintzaren eginkizuna sustatzea, besteak beste. Aste honetan, Gobernu Kontseiluak Familia Medikuntzarako eta Erizaintzarako 46 plaza sortzea adostu du eta, datorren urtera begira, beste 40 sortzea aurreikusten du.
  • Belaunaldien erreleboari erantzuten ari zaio: aurtengo maiatzean, 446 egoiliar sartuko dira; historiako eskaintzarik zabalena. Gainera, beste 48 plaza gehiago egiaztatu dira, espezialistak prestatzeko, datorren urterako.
  • Azkenik, bai Sailak bai Osakidetzak barkamena eskatu nahi dute, grebak pazienteei eragindako kalteengatik.

 

GREBAREN SEGIMENDUA: LEHEN MAILAKO ARRETA (maiatzaren 17a)

Gaur Euskal Autonomia Erkidegoko lehen mailako arretaren eremuan deitu den grebak, goizean, honako segimendu hau izan du: 35%

Lurralde historikoen arabera, grebak honako segimendu hau izan du:

  • Araba: 36%
  • Bizkaia: 37%
  • Gipuzkoa: 31%

 

Eta, lanbide-kategorien arabera, intzidentzia honako hau izan da:

  • Langile fakultatiboak: 56%
  • Erizaintzako langileak: 19%
  • Gainerako kategoriak: 27%

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 17a