Poliziaren abusuen biktimen erreparaziorako eskaerak aurkezteko 2 urteko epea irekitzea onartu da (Gobernu Bilera 2019-09-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 17

Gobernu Kontseiluak erreparazio-eskaerak aurkezteko epea irekitzea ahalbidetuko duen ebazpena onartu du gaur —Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurkeztu ahal izango dira eskaerak—. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legeak, apirilaren 4ko 5/2019 Legeak aldatzen duenak, aurreikusten du erreparazio-eskaerak aurkezteko epea irekitzea ahalbidetuko duen ebazpen hori.

Legearen 13.2. artikuluak ezartzen du giza eskubideen arloan eskumena duen Idazkaritza Nagusiko titularrak jaulki beharko duela eskaerak aurkezteko epea irekiko duen ebazpena. Era berean, 13.5. artikuluak ezartzen du biktima deklaratzeko eskaerak bi urteko epean aurkeztuko direla, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Legean ezarritakoari jarraituz, gaur onartutako ebazpenak ezartzen du, halaber, eskaera bakoitza 24 hilabeteko epean, gehienez, ebatzi beharko dela, aurkezten den unetik hasita, salbuespeneko inguruabarrak gertatzen direnean izan ezik. Inguruabar berezi horiek gertatuz gero, hogeita lau hilabeteko epe hori zabaldu ahal izango da, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen arabera.

Legeak aurreikusten dituen epeak oso zabalak dira. Lehenik, biktimei behar besteko epea eman nahi izan zaie lege horren berri izateko eta haien eskaerak behar bezala prestatu ahal izateko. Bigarren, prozesu zabala sustatu nahi izan da eskaerak aurkezteko zein eskaera horiek aztertzeko. Helburua da eskaerak arinegi ibili gabe eta beharrezkoa den patxadaz eta dedikazioz aztertzea eta ebaztea.

Lege horren garapenean hurrengo urratsa izango da Balorazio Batzordearen funtzionamenduaren erregelamendua definituko duen Dekretuaren tramitazioa amaitzea, Zazpigarren Xedapen Gehigarrian aurreikusten den bezalaxe. Hasiera eman zaio tramitazio horri. Hartara, Gobernu Kontseiluak Dekretu hori onartu ostean, eman ahal izango die hasiera Balorazio Batzordeak eskaerak aztertzeko lanei.