Pedro Azpiazu Sailburuak II Biscay ESG Global Summit goi bilerari amaiera emango dio

2019.eko ekainak 19

 

BISCAY ESG SUMMIT 2019

PEDRO AZPIAZU EUSKO JAURLARITZAKO OGASUN ETA EKONOMIA SAILBURUAREN HITZALDIA

 

“FINANTZA ALTERNATIBOA: ZELAN IZAN JASANGARRI ETA INKLUSIBO”

 

Bilbon, 2019ko ekainaren 19an

 

Arratsaldeon guztioi:

Antolatzaileei, inbertsio arduratsuari buruzko hirugarren goi bilera honen amaiera ekitaldian parte hartzeko eskaini didaten aukera eskertu gura diet (ESG).

Uste dut jardunaldi honetan, adituz osatutako talde bikaina entzuteko pribilegioa izan duzuela. Ziur naiz gaiari buruzko 360ºko ikuspegia eman dizuetela, enpresetako, kontsultoretza etxeetako, kalifikazio agentzietako eta akademiako jendea bildu baita.

Euskadin tradizio luzea dugu enpresen gizarte erantzukizunarekiko konpromisoan.

Barkamena eskatu gura dizuet erreferentzia garrantzitsuren bat ahazten badut, baina ezin dut aipatu barik utzi erakunde publikoek betetzen duten lekua. Ikusten dugunez, lanarekin aurrera jarraitzen duen Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste administrazio publiko batzuk.

Eta baita zenbait erakunde pribaturen lana ere, Novia Salcedo fundazioa, Euskalit bera EFQM ereduaren barruan egiten ari den lana edo, duela hamabost urte IZAITE eraiki zuten enpresak. Garai hartan aitzindariak izan ziren jasangarritasunaren aldeko enpresa elkarte moduan.

1992an Nazio Batuek emandako bultzadatik sortu ziren lehenengo mugimendu haietatik, 1999ko Global Compact izenekotik edo Europar Batzordearen 2001eko Liburu Berdetik, aurrerapauso handiak eman dira, eta horietan ere, Nazio Batuek funtsezko lana egin dute.

Gogora ezazue Enpresa Erantzukizunaren kontu hau hasi zenean modan zegoena Milton Friedmanek esandakoa zela, hau da, enpresek egin behar zutena dirua irabaztea eta legeak betetzea zela; eta kitto.

Eta gogoratu, baita ere,  horrekin batera buru belarri ezarri zela akziodunentzako balioa sortzearen paradigma (shareholder value), Jack Welch manager nagusiak hori mundu osoko ideia absurdoena zela esan zuen arren. Eta gu horrekin guztiz ados gaude.

Zailtasunak asko izan dira eta dira, baina, esaten denez, gauzarik indartsuena, bere garaia heldu den ideia bat da. Eta, egia esan, eta kostatzen ari zaigun arren, jasangarritasunaren ideiak bidea aurkitu du, eta erreferente unibertsal bilakatu da, 2030 Agendaren eta 2015ean aldarrikatutako Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH-ODS) eskutik.

Eusko Jaurlaritzarentzat ere funtsezko erreferente bilakatu da. Jaurlaritzaren konpromisoa lehenagotik dator. Izan ere, duela hamar urte baino gehiago, giza garapen jasangarria hartu zen goiburu moduan. Baina, legealdi honetan oso pauso garrantzitsua eman du, Basque Country 2030 Agenda gauzatuz.

Zer esan gura du agenda horrek?

Ba esan gura du Jaurlaritzak aipatutako GJH-ODS horien inguruan fokalizatzen duela bere ekintza politikoa, eta horrela, Gobernu Programa horietan zuzenean uztartuta geratzen da: Gobernu Programako 15 helburu ditugu, 175 konpromisotan eta 650 ekimenetan banatuta, guztiak ere 17 GJH-ODSen erreferentzia zuzenarekin. 15 plangintza tresna eta 100 adierazle nagusi ere horiei lotuta daude.

Jarraipena behar duen esparrua da, helburua ikasketa prozesua martxan jartzea delako.

Egia da oraindik errodatze fasean gaudela, nolabaiteko atzerapena duelako, eta Eustatetik jarraipeneko adierazle guztiak zabaldu behar ditugulako, Europa 2020 estrategiaren adierazleekin egiten dugun moduan.

Baina horretan ari gara, eta gure azterketetatik eta beste batzuek egiten dituztenetatik ikasten ari gara.

Adibidez, Jasangarritasunaren Behatokiak, GJH-ODSen Helburuetara hurbiltzen diren 200 adierazletan oinarritutako Autonomia Erkidegoen azterlana argitaratu du duela denbora gutxi. Oso azterlan interesgarria da.

Euskadik, inork zalantzan jartzen ez duen lidergoa du termino sintetikoetan, eta baita 17 GJH-ODS gehienetan ere. Baina hobetu daitezkeen edo asko hobetu daitezkeen atalak ere baditu, Ekosistemak eta Energia, besteak beste. 2020 estrategiaren adierazleek erakutsi ziguten dagoeneko energia berriztagarrien kuota txikia zela eta, ondorioz, datu horrek ez gaitu ezustean harrapatu.

Baina, horrek guztiak, gure plangintza eta politika eredua hobetzen jarraitu behar dugula adierazten digu, gure aurrerapena monitorizatzeko eta hobetzeko neurri zuzentzaileak hartzeko.

Ondo; uste dut orain arte esan ditudan sarrerako berbak beharrezkoak direla nire esku-hartzea lekutzeko.

Arrazoi birengatik: lehenengoa, asmatuko zenutenez, nik eskaini gura dudana Eusko Jaurlaritzak finantza jasangarrien arloan duen esperientziatik sortutakoa delako, zor jaulkipenen bitartez, 2019an jarraipena izan duen 2018ko lehenengo Euskadi Bonu Jasangarritik aurrera, batez ere.

Bigarrena, ekintzarako konpromiso hori, Jaurlaritzak, orokorrean, jasangarritasunaren alde zeukan beste zabalago batek bultzatzen zuelako.

Esan dudan bezala, jasangarritasunaren eta 2030 Agendaren ideia, mundu osoak konpartitzen eta ulertzen duen erreferentzia unibertsala da. Ondoren ñabardurak eztabaidatu ahal izango ditugu, gauza bat printzipioen aldarrikapena delako eta beste bat gero gauzatzen dena.

Baina, nire esperientzia politikotik, iruditzen zait finantza jasangarrien ideiari asko kostatzen zaiola jende gehienaren pentsatzeko moduan sartzea.

Ikuspuntu teknokratikotik, arrazionaltasuna argia da: ekonomia kapitalista izanda, argi eta garbi dago hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa estrukturala finantzaketak zuzentzen dituela.

Ingurumen eta gizarte arloko onurak sortzen dituzten inbertsioetara finantzaketa erakartzea oso eragin handiko zeharkako palanka izan daiteke GJH-ODSak lortzeko.

Hala ere, ikuspuntu praktikotik, igorleak jasangarritasunarekin konpromiso handia badu ere, kostuetan abantailarik ote duen galdetuko du, izan ere, dagoeneko galdetu du (nik ere egin nuen). Galdera horrek, printzipioz, ez du erantzun argirik.

Horregatik, azkenean finantza jasangarriak geureganatu ditugunok, neurri batean konbikzioak bultzatuta geurenanatu ditugu, eta munduaren aurrean dugun ikuspegiarekin bat datozelako. Baina horrek ez du esan gura ez dela egia erabakia hartzeko orduan hau ez dela gure kontua bakarrik ulertu behar denik, kanpoko mundua zelan aldatzen ari den ikustea ere badela, eta aldaketa horrek, epe luzean, guztioi eskatuko digula dagokiguna betetzea.

Ikuspegi horri ekiten zaion unean, bideari ekiteko erabakia landuta egongo da.

Ondoren, kontuan izan behar da sektore publikoaren arloan beste zailtasun bat dagoela. Administrazioek kutxa eta kontu batasun printzipioarekin funtzionatzen dutela, eta horietan ez dago diru-sarrera finalistarik.

Gure esperientziak erakutsi digunez, horrek zaildu egiten du finantzek jasangarritasunari egiten dioten ekarpena ikusteko aukera, eta, batzuetan, ordezkari politiko batzuengan beldurra ere sortzen du, bonuarekin erlazionatutako ingurumen eta gizarte arloko inbertsioak merkatuen baldintzaren baten mende geratuko ote diren.

Baina, adi, sektore publikoa ere etengabeko eraldaketa estruktural prozesuan murgilduta dagoelako. Gizarte arloko erronka berrien eta aukera politikoen mende dago, eta finantzaketak oso leku garrantzitsua betetzen du eraldaketa horretan.

Onartu beharreko karga jakin batzuk behartzen eta ezartzen dituzten zenbait erregulaziotik datozen kudeaketa zailtasun gehigarriak ere kontuan izan behar ditugu. Argi eta garbi dago horrek sarritan disuasio ondorioa duela.

Dakigunez, hasiera batean erakunde pribatu bat, International Capital Market Association (ICMA) izan da Bonu Berdeen Printzipioen, Gizarte Arloko Bonuen Printzipioen eta Bonu Jasangarrien Jarraibideen aplikazioa gidatu dituena; horiek guztiak, horrelako jaulkipenetarako ezinbesteko erreferentziazko dokumentuak dira.

Bonu berdeak dira lehenengo hasi zirenak; lehenengo jaulkipena Inbertsioen Banku Europarrarena izan zen, 2007an, eta Bonu Berdeen Printzipioak 2013koak dira. Ondoren bultzada handia jaso zuten 2015eko Parisko goi bileran.

Arrazoi indartsuak daude inbertitzaile pribatuek euren erabakietan ingurumenaren aurreko sentsibilitatea erakusteko, izan ere, ondorioak inbertsioen denbora mugaegunetik kanpo geratzen diren “mugaegunaren tragedia” izenekoaren aurrean, gaur egun hautematen delako klimaren aldaketaren kontrako borrokaren konpromiso jakin batzuk betetzen badira, aktibo asko balio barik geratu daitezkeela. Hondoa jotako aktiboak (stranded assets) esaten ditugunak dira.

Horrez gain, erakutsi da klimaren aldaketaren kontrako borroka prozesuak arrisku teknologikoak eta erregulazio arriskuak sortzen dituela, eta horiek eragin nabarmena dute negozioetan, eta ebaluatu egin behar dira.

Bonu Berdeak ez ziren sortu, beraz, belaunaldi arteko elkartasun produktu gisa, merkatuak arriskuaren aurrean zuen arduratik baizik.

Gizarte arloko Bonuak orain gutxiago heldu dira. Izan ere, Gizarte arloko Bonuen Printzipioak 2017koak dira. Emaitza positiboak ematen dituzten gizarte arloko proiektuak finantzatzera edo berriro finantzatzera zuzentzen diren funtsak dituzten bonu motak dira.

Horrela bada, proiektu berde eta gizarte arloko proiektu mota horien arteko konbinaziotik Bonu Jasangarrien kontzeptua sortu da. Horiei, Bonu Berdeen eta Gizarte arlokoen oinarri eta aholku berberak aplikatzen zaizkie. Hauei buruzkoak dira:

 

  1. Funtsen erabilera
  2. Proiektuen ebaluazio eta aukeraketa prozesua
  3. Funtsen kudeaketa
  4. Txostenak

Bonu Jasangarriaren figura horri erantzuten diote Eusko Jaurlaritzaren jaulkipenek. 

Denok dakigun bezala, Jaurlaritzaren jarduera gizarte arlokoa da batez ere, hezkuntzan, osasunean, enpleguan eta gizarte babesean duen gastua dela eta; eta, horregatik, ez da harritzekoa gauzatu den aktiboen aukeraketan, gizarte arloak %81 bete izana eta ingurumen arloak %19.

Inbertitzaileekin izan ditugun harremanetan, aurkitu ditugu Bonu Berdeen aldeko joera argi eta garbi erakutsi dutenak, eta baita Gizarte arloko Bonuen aldekoak ere. Baina Bonu Jasangarrien aukera defendatzen duten jaulkitzaile finkatuen esperientzia ere aurkitu dugu.

Hori etorkizunerako irekita dagoen gaia da. Dena den, gastuaren banaketa eta finantza behar maila txikia zailtasunak dira Jaurlaritzarentzat, bonu mota bakoitzean benchmark jaulkipenetara heltzeko.

Kudeaketaren ikuspuntutik, prozesua, Bonu Jasangarriaren Esparrua osatzetik abiatzen da. Esparru horrek aipatu ditugun lau oinarriei erantzungo die, hau da: 1) baliabideen erabilera zehaztea, aukeratu daitezkeen jarduketak adieraziz. Hori da Esparruaren parte zabalena; 2) proiektuen aukeraketa eta ebaluazio prozesua definitzea; 3) baliabideak zelan kudeatuko diren esatea; eta 4) emaitzak zelan jakinaraziko diren erabakitzea. 

Gure Esparruaren barruan, aukeratu daitezkeen kategoriak hauek dira: 

  • Prezio egokia duen etxebizitza.
  • Hezkuntza eta Osasun arloko funtsezko zerbitzuetarako sarbidea.
  • Aurrerapen Sozioekonomikoa.
  • Enplegua Sortzea.
  • Energia Berriztagarria.
  • Garraio garbia.
  • Kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Uraren eta hondakin uren kudeaketa jasangarria.
  • Lurreko eta uretako bioaniztasunaren kontserbazioa.
  • Energia eraginkortasuna
  • Klimaren Aldaketara egokitzea.

Esparruan bertan azaltzen dira kategoria horiek, eta zelan dauden modu egokian integratuta plangintza tresnetan; eta Bonu Jasangarriaren aurkezpenetan, horiek jasotzen dituzten 2018ko eta 2019ko Aurrekontuetako partiden edo programen berri ere ematen da.

Jaurlaritzak Bonu Jasangarrien Batzorde bat eratu du. Ogasun eta Ekonomia Saileko lau ordezkarik eta sail hauetako bakoitzeko batek osatzen dute: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza; Enplegua eta Gizarte Politikak; Osasuna eta Hezkuntza; eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak.

Bere egunean, Batzordeak Esparruko kategoriak eta aurrekontu edukiak identifikatzen lagundu zuen, eta ondoren horien betetze maila ebaluatzen eta jakinarazten, laster azalduko dudanez.

Ondoren beharrezkoa da merkatura irten aurretik beste iritzi bat jasotzen duen txosten bat egitea. Gure kasuan, aukeratutako agentzia Sustainalitycs izan zen eta, lau zutabeetako bakoitzean Esparruaren berrikuspena egin ondoren, Bonu Berdeen eta Gizarte arloko Bonuen Printzipioetan ezarritako irizpideak betetzen dituztela eta, orokorrean, Esparrua sendoa, fidagarria eta gardena dela ondorioztatu du.

Hasierako jaulkipenetik urtebete igaro aurretik, eragin txostena aurkeztu behar genuen, baliabideen esleipenari eta eraginari zegokienez; eta hori da Metroeconomicaren eskutik egin duguna eta duela denbora gutxi inbertitzaileei azaldu dieguna eta sailaren webgunean azaltzen duguna.

2018ko esleipen txostenean, hasierako esparruarekin alderatuz inbertsio berdeei eman zaien lehentasuna jasotzen da. Horrela, bertara bideratu da jaulkitako 500 milioi euroetatik %32,4a.

Esleipen txostenean zehaztasunez jasotzen dira proiektuetarako adierazleak. Gizarte arlokoetan, onuradun kopuruan adierazi ohi dira, eta berdeen kasuan, adierazle anitzetan, baina horien artean isurketen murrizketa azpimarratu behar da. Kasu honetan, 60.585 tona CO2 ez isurtzean islatzen da.

Adierazle zuzenez gain, eragin txostenak, aukeratutako gastu programen balio erantsia eta horiekin zuzenean edo zeharka lotutako enplegua hartu ditu kontuan. Eragin hori 200 milioi euroko balio erantsikoa eta 8.400 enplegukoa da, hurrenez hurren.

Horrek, jarduerari eta enpleguari eusteko orduan jarduketa publikoek betetzen duten leku garrantzitsua erakusten du.

Honaino gure esperientziaren sintesi laburra.

Pentsa daiteke finantzaketaren inplikazioak apalak direla Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren bolumena kontuan izanda. Baina uste dugu balorazioa zabalagoa izan behar dela.

Iaz Dusseldorf-era egin genuen bisitako Road Show-ean, Ipar Renania Westfalia Estatuaren esperientzia zabaletik ikasteko aukera izan genuen, eta ez dugu ahazten bertako ordezkariek behin eta berriro esan zigutena, hau da, finantzaketa jasangarriak eragin argia izan zuela aurrekontuen esleipenari buruzko eztabaida politikoan.

Orain argi eta garbi ikusten dugu denborarekin hori posible dela. Legealdi honetako esperientzian ikusten dugu finantzaketak indartu egiten dituela gobernu programaren goi mailako konpromisoak, eta, aldi berean, horiekin lotura ezartzen duela eta horietan aurrera egiten lagundu dezakeela. 

Nire iritziz, aurrerapen hori bultza dezakeen mekanismoa modu estuan dago lotuta ia magikoa den eta une honetatik aurrera ia leku guztietan errepikatuta ikusiko duzuen hitz anglosaxoi batekin: hitz hori disclosure da.

Horrela da. Sakon erakutsi eta garden jarri behar da gure erakundeek egiten dutena eta gure erakundeak direna. Finantzaketa jasangarriaren etorkizuna horren araberakoa izango da. Inbertitzaileek gardentasun maila altua eskatzen eta merezi dute, eta denok gaude hori ematera eta haiei huts ez egitera behartuta.

Gure esperientzian ikusi dugu orain arte inbertitzaile batzuek euren azterketak jarraitzen dituztela. Beste batzuk berriz, agentzia espezializatuetara jotzen dute gero eta gehiago.

Baina, aipatu ditudan aurrerapen guztiak hor dauden arren, oraindik erregulazioa ez da nahikoa, estandarrak ez ditugulako argi eta garbi zehaztuta.

Zorionez, Europar Batzordea lanean hasi da, Garapen Jasangarria Finantzatzeko iazko martxoan hartutako ekintza planean oinarrituta (COM (2018)97 Jakinarazpena).

Une horretan, aurrera egiteko oso gune zabala ireki zen. Hasiera batean bonu berdeetara mugatuko den arren, dimentsio hirukoitzean esparru argiagoa izatea ekarriko du:

  1. Kontuan har daitezkeen jarduketak sailkatzea,
  2. Bonuen estandarrak definitzea, eta
  3. Inbertsioen karbono aztarnaren adierazle alderatuak garatzea.

Argi daukat erregulazioan eta gardentasunean emango ditugun aurrerapen horiekin, eta gure erakundeek gobernantza onarekin eta gizarte eta ingurumen arloko jasangarritasunarekin duten konpromisoarekin, urtebete barru hemen elkartzen garenean, finantzen ekarpenak etengabe gora egin duela ikusiko dugula.

 

Eskerrik asko.