Osasun-zentroetan arreta sendotzeko xedearekin Eusko Jaurlaritzak abiarazi dituen neurriak aztertu ditu lehen mailako arretarako aholku batzordeak

2019.eko maiatzak 08

  • Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian proposaturiko 35 ekintzetako 15 abiarazi dituzte Osasun Sailak eta Osakidetzak
  • Diziplina anitzeko 8 lan-talde sortu dira, non Lehen Mailako Arretako 100 profesional baino gehiagok parte hartzen baituten. Taldeek, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategian jasotako 35 sendotze-ekintzak gauzatzeko ardura dute

Lehen Mailako Arretarako Aholku Batzordea Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan batzartu da gaur goizean. Bileran, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren baitan Osasun Sailak abiarazi dituen ekintza ezberdinak aztertu dituzte. Otsailean aurkeztu zen Estrategiak Lehen Mailako Arreta sendotzea xede duten 35 neurri zehatz jasotzen ditu. Horietatik, 15 martxan daude jada.

Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Aholku Batzordeak Osasun Saileko, Osakidetzako, elkarte eta erakunde profesionaletako eta lehen mailako arretaren eremuko medikuntza eta erizaintzako zientzia-elkartetako profesionalak biltzen ditu. 2018ko ekainean sortu zen Aholku Batzordea eta, ordutik aurrera, iragan otsailean aurkeztutako eta Euskadiko osasun zentro eta anbulatorio guztietan lehen mailako arreta sendotzea xede duen Estrategian lan egin du aditu talde honek.

Osasun Sailak adierazi duenez, lehen mailako arretako 100 profesional baino gehiago biltzen dituzten diziplina anitzeko 8 lan-talde sortu dira gaur arte. Talde horien eginkizuna da Estrategian jasotako 35 sendotze-ekintzen gauzatzea bermatzea. Aipatu ekintzen xedea da giza baliabideak eta bitarteko materialak sendotzea, osasun-pertsonalaren lanak dakarren burokrazia gutxitzea, farmazia-pertsonalaren eginkizunak diseinatzea edo Erizaintzaren papera sendotzea, besteren artean.

Estrategian aurreikusitako 35 ekimenetako 15 martxan daude jada. Gainerakoak datozen hiletan gauzatzea espero da. Aholku Batzordearen bileran ondoko gaiak jorratu dira ere: erizaintzaren arloko eta administrazio-langileen eginkizunak; hitzordu-agenden eta administrazio arloko agenden kudeaketa, mediku eta erizainen betebehar burokratikoak murrizteko xedearekin.

Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia

Aholku Batzordeko Kidek, Osakidetzako ESI guztietako profesional eta arloek eta Elkargo Profesionalek (Medikuntza eta Erizaintza) hilabete luzez egindako hausnarketaren eta ekarpenen fruitu da Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia. Estrategiak ondoko neurriak jasotzen ditu, besteak beste:

  • Familia Medikuntzako eta Erizaintzako langile-kopurua handitzea, asistentzia-karga gehien duten Lehen Mailako Arretarako zentroetan
  • Zentroak modernizatzeko inbertsioa areagotzen jarraitzea
  • Medikuntzako eta erizaintzako langileen lana desburokratizatzea
  • Agenda-eredua eta arreta-eredua aldatzea
  • Erizaintzaren eginkizuna indartzea
  • Belaunaldien erreleborako erronkari aurre egitea
  • Lehen Mailako arreta sendotzea, fisioterapia zerbitzu-zorroan sartuz
  • Euskara eta Berdintasun planak garatzen jarraitzea