Osasuneko sailburuak nabarmendu duenez hamar pertsonatik bederatzik baloratzen dute positiboki Osakidetzaren arreta

2019.eko ekainak 27

Osasuneko sailburu Nekane Murgak elkarrizketa bat eman du gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, eta zuzentzen duen sailari dagozkion aktualitateko gaien errepaso bat egin du bertan.

Nekane Murga sailburua izendatu zutenetik 100 egun bete direnean, hark onartu egin du aurreneko 100 egunak gogorrak izan direla baina, adierazi duenez, ezagutzen zuen aurretik Osasun Saila eta jabetzen zen bere egoeraz erantzukizuna bere gain hartu zuen unean.

Egun hauetako tenperatua altuak direla eta, Nekane Murgak gomendatu du leku freskoetan egotea, ariketa egitea saihestea eta likidoak edatea egunean zehar. Gainera, gogora ekarri du arrisku handieneko pertsonak txikiak eta adinekoak direla.

Osasun sailburuak jakinarazi duenez, gaur argitaratzen da Eusko Jaurlaritzaren soziometroa, kontuan hartuta bertan aztertzen dela euskal osasun-zerbitzua, eta aurreratu duenez 10 pertsonatik 9k baloratzen dute ontzat edo oso ontzat Osakidetzaren arreta. Eta balorazio handiena lortu duen zerbitzua Lehen Mailako Arreta da.

Bestalde, Nekane Murgak azpimarratu duenez, prebentzioa da Osasun Sailaren lehentasunezko lan-lerroetako bat, ondokoekin batera: pertsonak ardatz; zahartzea, kronifikazioa eta mendekotasuna; osasun-sistemaren jasangarritasuna eta modernizazioa; eta profesionalak. Prebentzioaren barruan, meningitisaren txertoaren errefortzua (dosi berri batekin) eta minbiziarekiko arreta nabarmendu ditu Murgak. Azken gai hori dela eta, minbiziaren baheketa-programa desberdinak aipatu ditu sailburuak, baita Osakidetzako zerbitzu-zorroari areolaren tatuajea txertatu izana, bularreko minbiziarekin bizirauten duten emakumeentzat.

Lehen Mailako Arretako grebei buruz, Murga sailburuak azpimarratu duenez, Osasun Sailak badu Estrategia bat Lehen Mailako Arretan laguntzeko. “Planak 25 neurri ditu martxan daudenak, eta gure asmoa da eskariei neurri horiekin erantzutea”, adierazi du Murgak. Neurrien artean plantilla gehitu izana nabarmendu du, belaunaldi-aldaketari aurre egiteko.

LEPari buruz, sailburuak nabarmendu duenez, Osasun Saila eta Osakidetza dira egoerari konponbidea emateko interesdun nagusiak. Hala, gogora ekarri du hasieratik erakutsi dutela Osakidetzak eta Osasun Sailak justiziarekin lankidetzan aritzeko jarrera, eskatutako dokumentazioa aurkeztuta. Gainera, ezagutzera eman ziren deklarazioei buruz galdetuta, zeharka adieraziz duela 15 urte oraingo Osasun sailburuak ezagutzen zituela irregulartasunak Lan Eskaintza Publikoan, Nekane Murgak erabat ukatu du irregulartasunik ezagutzen duenik.