Osasun sailak Farmazia Soziosanitarioaren Unitatea sortuko du (Gobernu Bilera 2019-04-2019)

fotoconsejo.jpg

2019.eko apirilak 30

Gobernu Kontseiluak Farmazia Soziosanitarioaren Unitate bat kokatzeko Galdakaoko Udalak lagatako gunea baimentzea erabaki du. Unitate horrek dosi pertsonalizatutan prestatu eta hornituko die medikazioa Euskadiko 120 egoitzari: publiko guztiei eta 100 ohe edo gehiago dituzten pribatuei. Guztira, 12.464 plaza dira.

Farmazia Soziosanitarioaren Unitate horrek 1.038 metro koadroko eraikin bat  izango du, baita hari erantsitako 1.848 metro koadroko lursail bat ere, eta Galdakaoko Ospitale inguruan egongo da kokatuta.  Proiektu berritzailea izango da, eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza guztietan kalitatezko Arreta Farmazeutikoa garatzea. Unitate horretan, 7 lanpostu sortuko dira medikamentuak egoitzentzat prestatu eta hornitzearen kudeaketa egiteko. Euskadik pertsona nagusientzako 300 bat egoitza ditu eta Farmazia Soziosanitarioaren Unitateak dosi pertsonalizatutan prestatu eta hornituko die medikazioa horietako 120ri, hau da, 100 ohe edo gehiago dituztenei.

Farmazia Soziosanitarioaren Unitatea sortzea hertsiki lotuta dago titulartasun publiko eta pribatuko egoitzetan farmazia-zerbitzuak eta medikamentuen gordailuak jartzeko eta funtzionamenduan izateko eskakizunak arautzen dituen dekretuari, otsailean onartutakoari. Urtebeteko epean:

  • 100 plaza edo gehiagoko edukiera duten egoitzetan farmazia-zerbitzua izatea eskatzen da.
  • 100 plaza edo gehiago dituzten zentroek beren burua salbuetsi dezakete farmazia-zerbitzua izatetik, betiere Euskadiko Osasun Sistemako ospitale bateko farmazia-zerbitzu bati lotuta badaude.
  • 100 plaza baino gutxiago eta 25 baino gehiago dituzten egoitzek medikamentuen gordailu bat izan behar dute.

Dekretuan aurreikusitako sistemak esan nahi du zentro bakoitzak bere farmazia-zerbitzua edo medikamentu-gordailua izango duela.

Hala dekretuaren bidez nola Farmazia Soziosanitarioaren Unitatea sortuz, zahar-egoitzetan dauden pertsonen eremuko farmazia-prestazioaren segurtasuna eta efizientzia areagotu nahi da, baita farmazia-arloko arretaren kalitatea hobetu ere.

Efizientzia ere hobetuko da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro aurreztuko ditu urtero. Horretarako, Farmakoterapiaren Gida komun bati lotzen zaizkion medikazioa prestatu eta hornitzeko prozesu berriak erosketa-sistema zentralizatu batez ezarriko dira.