Osakidetzaren BIHOTZEZ sareak Espainiako Kardiologiako Sozietatearen SEC - BIKAINTASUN-ziurtagiria jaso du

2019.eko urtarrilak 18

BIHOTZEZ sareak “Infartu Kodea” delakoaren inguruan miokardio-infartua berehala tratatzeko Osakidetzako baliabide guztiak antolatzen ditu. Sareak Espainiako Kardiologiako Sozietatearen SEC – BIKAINTASUN-ziurtagiria jaso du, “Infartuari arreta emateko eskualdeko sistema” gisa. 

Sarea Euskadin 2012an ezarri zen, eta euskal osasun-zerbitzuan inplikatuta dauden alde guztien ahaleginak koordinatzen ditu: larrialdietako zerbitzuak, anbulantzia medikalizatuen 11 baseekin eta helikoptero batekin, lehen mailako arretarako profesionalekin eta 17 ospitaletako profesionalekin. Baterako protokolo eta asistentzia-ibilbideei esker, infartua duten pazienteei (arteria koronarioaren buxadura) behar duten tratamendua emateko gai dira, ahalik eta eperik laburrenean.  Kasu horietan, minutu guztiak dira garrantzitsuak; izan ere, arteria ahalik eta lasterren irekitzea erabakigarria da pazienteek bizirauteko eta berreskuratzeko aukerak areagotzeko.

Jon Darpón Osasun sailburuak honako hau esan du: “Ezarri zenetik, Bihotzez sarearen jarraibideen arabera, miokardio-infartua izan duten 5.000 euskaldun baino gehiagori eman zaie asistentzia. Proiektua oso garrantzitsua da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erabateko babesa du. Sareko Koordinazio Batzordea Sailaren aholkularitza-egituran parte hartzeko sartu dugu”.

BIHOTZEZ sareak Euskadi osorako asistentzia-protokolo bakarra prestatu du; horrek tratamendurako baldintza egokiak bermatzen ditu, pazienteak infartua edonon izan duela eta osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko edozein modu erabaki duela ere. Era berean, asistentzia-emaitzak, kalitatearen kontrola eta etengabeko hobekuntza aldian behin ebaluatzeko prozedura garatu du, eta bakarra da Estatuan.

BIHOTZEZ sarearen ezaugarri horiek aintzatetsi ditu Espainiako Kardiologiako Sozietateak, pasa den urtarrilaren 9an, ziurtagiri horren bidez. SEC - BIKAINTASUN programaren helburua da, Osasun Sistema Nazionalean, kardiologiaren barruan eskakizun egokiak betetzen dituzten asistentzia-prozesuak aitortzea. Eskakizun horiek auditoretza-prozesu baten bidez egiaztatzen dira; prozesu horretan, ebaluatzaileek bisitak egiten dituzte asistentzia ematen den lekuetara.

Osakidetzaren barruan kardiologian ziurtagiri hori eskuratu duten zenbait asistentzia-prozesu egin dira. Oraingoan, nabarmentzekoa da infartuari arreta ematen dieten profesional guztiak hartzen dituen sareak jaso duela aintzatespena eta, ondorioz, euskal herritar guztiei ematen zaien arretaren kalitatea aintzatesten dela.

Bestalde, etengabeko hobekuntza eta bikaintasuna xede izanik, Osakidetzak eta Osasun Sailak, laster, BIHOTZEZ sarearen asistentzia-protokolo berria argitaratuko dute; horren bidez, 2015etik indarrean dagoena eguneratzen da, literatura medikoan jaso diren ebidentzia berriak eta sarearen barruan eginiko kalitateko ebaluazioen emaitzak kontuan hartuz.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 18a